Manu Lareo. Realeko jokalaria

«Taldeak bizitasuna berreskuratu du erasoan asmatzen hasi denean»

Reala sasoiko garairik onenean dago. Ligan azken hiru lehiak irabazi ditu, eta datozen asteetan Espainiako Kopan eta Superkopan lehiatuko da. Manu Lareok nabarmendu du lanean ari direla sasoi on hori luzatzeko.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu berritan, ohikoa duen irribarrearekin bertaratu da Manu Lareo Realeko jokalaria (Gasteiz, 1992) Zubietako Z4 zelaira. Lan isila eta joko asoziatiboa eginez, beti antzematen da haren ekarpena taldean.

Jokatutako azken hiru partidak irabazi dituzue, hamabi gol sartuta, gainera. Badirudi taldeak ohikoa duen jokoa berreskuratu duela. Nola zaudete?

Gustura. Urri-azaroan gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera, baina oso garbi izan genuen zein zen gure jokatzeko modua. Horri eutsi genion, eta egindako lanaren fruitua dira taldeak azken partidetan lortu dituen emaitzak. Erasoan oso eraginkor ari gara, eta hori aprobetxatu behar dugu. futbola bolada kontua izaten baita sarri.

Non egon da horren gakoa?

Defentsan taldea ondo zegoen, baina erasoan argitasunik gabe ari zen, eta gure buruarekiko konfiantza galdu genuen zertxobait. Gol aukerak sortuz eta horiek sartuz joan garen heinean, taldeak bizitasuna eta konfiantza berreskuratu ditu.

Nahikari Garcia min hartuta egon zen hilabete baino gehiago. Haren itzulerak zertan lagundu dizue?

Nahikarik 15-20 gol sartzen ditu denboraldiero, eta edozein taldek antzematen du halako jokalari baten falta. Ez bakarrik golak sartzen dituelako, baita aurkariaren atzealdean sortzen dituen zuloengatik ere. Marta [Cardona], Mariasun [Quiñones] eta beste jokalari batzuk ere egon dira min hartuta, eta, nahitaez, eragin egiten digu, kirol mailan zein multzo gisa. Denak jokatzeko moduan gaudenean taldea indartsuagoa da, eta Gonzalok [Arkonada] aukera gehiago ditu. Horrek nahasmena eragiten die kontrarioeigure aurkako norgehiagokak planteatzerakoan.

Ligan ez ezik, datozen asteetan Espainiako Kopan lehiatzari ere ekingo diozue, eta Superkopa ere jokatuko duzue. Nola helduko diezue bi txapelketa horiei?

Kontzientzia hartuta gaude oso garrantzitsua dela orain dugun sasoi puntuari eustea. Bai bi txapelketa horietan ondo lehiatzeko, bai ligan goiko postuetarako pausoa emateko. Egiten ari garen prestakuntza horretara bideratuta dago, asko baitugu jokoan. Superkopak ilusio handia egiten digu, aurreko sasoian irabazitako Espainiako Kopak ekarri digun beste opari bat baita. Kopan ere ahalik eta urrutien iritsi nahi dugu, eta, kale edo baleko lehiak izanda, egun txar batek etxera bidaltzen zaitu. Joko eta emaitza bolada on honek hauspoa ematen digu, baina hobetzen jarraitu behar dugu.

Igandean, dena den, Valentziaren aurka jokatuko duzue ligan. Haiek gorabehera asko izaten ari dira. Nolako lehia espero duzu?

Ez gara fio. Jokalari oso onak ditu, eta gutxi behar dute gola sartzeko. Dena den, etxeko azken bi partidetako intentsitatearekin eta erritmoarekin jokatzen badugu, aukera asko izango ditugu gailentzeko. Erritmo bizi horrek ito egiten du aurkaria. Are gehiago aurretik jartzen bagara. Defentsan, berriz, ondo egon arren, zenbait partidatan nahi baino gol aukera gehiago sortu dizkigute, eta hori ere zaindu behar dugu.

Zergatik ari zaizue kostatzen sasoi honetan erritmo bizi hori ezartzea?

Txapelketaren maila izugarri igo delako. Ni uste dut azken urteetako saltorik handiena eman dela. Jardunaldiero aldaketa ugari daude sailkapenean. Gero eta ahalegin handiagoa egin behar da partiden jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza izateko.

Lehen hiru postuetan sendo daude Bartzelona, Atletico Madril eta Levante. Laugarren tokiak izan behar du goiko borrokan zaudeten beste taldeen helburua?

Errealistena laugarren postu horrengatik borrokatzea da. Baina horretarako lehen itzulian izan ez dugun erregulartasuna eduki behar dugu. Horretan asko dugu hobetzeko, eta lortzen badugu salto handia emango dugu.

Azken partidan gol bat sartu zenuen, eta minutuak izaten ari zara. Pozik zaude egiten ari zaren sasoiarekin?

Sekula ez nago konforme, eta beti nahi dut gehiago. Baina azken partidetan jokatzeko aukera izan dut, eta uste dut aprobetxatzen ari naizela. Dean den, hau oso luzea da, eta hor jarraitzeko nire onena ematen segitu behar dut. Ez naiz, beharbada, beste taldekideak bezain bizkorra. Baina joko asoziatiboan ondo moldatzen naiz, eta hori eskaini nahi diot taldeari.

Nola daramazue hainbeste aitortza eta sari jasotzea?

Ahalik eta modurik normalenean. Zaleek eta erakundeek Koparen lorpena gurekin partekatzeko duten modua da, eta oso pozik gaude; asko eskertzen diegu. San Sebastian egunean Urrezko Danborra jasotzea izugarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.