Txinaren iragarpen berdearen argi-ilunak

Aste honetan, NBEren 75. urteurrenaren harira, Txinako presidenteak ezustean harrapatu du mundua, esan baitu 2060a baino lehen karbono neutraltasuna lortuko duela. Adierazpenak itxaropena sortu du, baina baita mesfidantza ere.

Txinako, Alemaniako eta Europako Batasuneko agintariak, hil honetan egindako bilera telematikoan. YVES HERMAN / EFE.
inaki petxarroman
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Donald Trumpekin eta AEBekin duten botere hegemoniaren lehian beste bereizgarri bat erantsi dio Txinak bere buruari. «Iraultza berdearen» bultzatzaile izango dela iragarri du Xi Jinping Txinako presidenteak aste honetan. Hori nola egingo duen ez du zehaztu, baina interesa sortu du, hain justu ere, mundua Parisko Hitzarmena indarrean jartzeko atarian den honetan.

Zer da karbono neutraltasuna?

Karbono neutraltasuna lortzen da herrialde batek isurtzen dituen berotegi gasak xurgatzeko edo gordetzeko ahalmena daukanean, haiek atmosferan pila daitezen eragotziz; hau da, isurtzen den CO2 kantitatearen eta jasotzen denaren arteko balantzea zero denean. Hori egiteko modu ezberdinak daude, baina ohikoena basoak erabiltzea da. Badaude beste modu batzuk; esaterako, gasak formazio geologikoetan edo itsas hondoan gordetzea edo bahitzea. Teknika horiek oraindik ez daude guztiz garatuta, eta garestiak dira; gainera, karbonoak ihes egiteko arrisku handia du oraindik. Karbono neutraltasuna ez da karbonogabetzea, azken kontzeptu horrek zuzen aurreikusten baitu isurketen murrizketa.

Nola egingo du trantsizioa Txinak?

Xi Jinpingen diskurtsoak izandako oihartzun politikoaz aparte, zehaztapen gutxi daude oraindik Txinak trantsizio energetiko hori egiteko duen bide orriari buruz. Oraingoz, herrialdearen 14. bosturteko planaren zain daude adituak, iragarpenaren inguruko xehetasunak ezagutzeko. Herrialdearen garapen plan hori eztabaidatzen ari dira orain Txinako buruzagiak, eta hurrengo urte hasieran jarriko da indarrean. Besteak beste, irizpide ekonomiko eta energetiko estrategikoak zehaztuko dituzte bertan.

AEBentzako mezua da?

AEBekiko diplomazia lehiaren testuinguruan ere ulertu dute analistek Txinaren iragarpena. Izan ere, Trumpek erregai fosilen alde egiten duen aldarritik eta klima negazionismotik aldentzeko seinaletzat jo dute Pekinena. Bestalde, kontuan hartuta COVID-19aren pandemiaren ondorioz COP26koen goi bilera, Glasgowkoa, bertan behera utzi duela, eta AEBak Parisko Hitzarmenetik ateratzeko zorian direla (azaroaren 4an irtengo dira, bozen biharamunean) Txinaren iragarpenak itxaropen izpi bat sortu du. Neurri batean, Txinak bat egin du Europako Batasunarekin, AEBetatik aldenduta. Txinak eta EBk bilera bat egin zuten irailaren 14an, eta litekeena da orduan hitz egindakoaren ondorio ere izatea iragarpena.

Kontuan eduki behar da Parisko Hitzarmena sinatu eta bost urtera, urtea amaitu baino lehen, iragarri behar dituztela herrialdeek euren konpromiso berrituak. Orain arte hartutakoekin, munduak hiru gradu inguruko berotzea izango luke 2100. urterako, adituek kalkulatu dutenez. Txinaren oraingo iragarpena beteko balitz, 0,2 edo 0,3 gradu txikiagoa izango litzateke berotze globala. Orain arte, 13 herrialdek bakarrik bidali dizkiote euren konpromiso berriak NBEri, baina munduaren isurketen %4 inguru bakarrik sortzen dituzte. Bestalde, Europako Batasuna karbonoaren gaineko zerga bat aztertzen ari den garai honetan, Pekinen mezu bat ere izan daiteke hau, bere esportazioek jite garbiagoa izango dutela ohartarazteko.

Ikatza baztertual du Txinak?

Ez. Txinaren ekonomia meteorito baten abiaduraz hazi da 1990etik, eta horren oinarrian ikatza egon da. Erregai horren kontsumoa laukoiztu egin zuen Txinak 1990etik 2015era, eta CO2 isurketak %5 eta %6 artean handitu zituen urtero. Ikatzak energia kontsumo osoaren %70era erdietsi zuen urte horietan. 2015etik, harekiko menpekotasuna jaitsi du Txinak, baina oraindik energia kontsumo osoaren %60 betetzen du. Gaur egun, mundukoisurketen laurdenak inguru dagozkio Txinari —10 milioi gigatona inguru—, eta beste laurdenak ia-ia,AEBei eta EBri.

Oraingoz ikatzari ez dio uko egin Pekinek, eta 250 gigawatteko potentziako plangintza dauka esku artean, hau da, AEBek eta Indiak gaur egun ekoizten duten baino ahalmen handiagoa lukete haren proiektu berriek. Gainera,inbertsio handiak egin ditu ikatzezko zentralak martxan jartzeko munduan. End Coal erakundearen arabera, halako 240 egitasmotan inbertitu du Txinak azken urteotan. Pekinen asmoek horretan ere eragina izan dezakete, baina bada uste duenik ere Txinak bere buruari tarte bat eskaini diola ikatz sektorean inbertitzen jarraitzeko, 2030era arte.

Sustatzen ari al da energia berriztagarriak?

Txina da alde handiz energia berriztagarrietan gehien inbertitzen duen herrialdea. Hala ere, haren energia nahasketaren gutxiengo bat dira oraindik jatorri berriztagarrikoak: %15 inguru. Herrialdeak arazo logistikoak eta teknologikoak ditu aurrera eraman nahi dituen egitasmo eoliko eta fotovoltaiko asko bideratzeko. Txinaren ipar-mendebaldean (Xinjiang eskualdean) daude herrialdearen proiektu eoliko horietako gehienak, eta bertako agintariek iragarri zuten 2020ko lehen seihilekoan 30 bat egitasmo bertan behera geratu zirela, sare elektrikora konektatzeko zailtasunengatik.

Pandemiaren ondorioz, aurtengo inbertsioak jaitsi egin dira aurreko urtekoekiko. Edonola ere, borondate politikoa badago, zailtasun teknikoak gainditu ditzakeela uste dute adituek. Are gehiago, energia berriztagarrietan oinarritutako aurrerapen teknologikoetan sakontzeko asmoa izan dezakeela uste dute, horrek ere potentzia hegemonikoa izatea erraztu diezaiokeelako.

Uholdeek zerikusirik izan al dute?

Udan muturreko euriteek sekulako desmasiak eragin dituzte Txinako hegoaldean. Uztailean, Yangtze ibaiaren arroan izandako eurite bortitzek uholde eta kalte itzelak eragin zituzten Hubei, Hunan, Jiangsu eta Jiangxi eskualdeetan. Kalteak izan ziren beste dozenaka probintziatan ere, eta milaka herritarrek etxeak galdu zituzten. Yangtzen eta Hiru Zintzurretako urtegian ez ezik, beste dozenaka ibaitan ere izan ziren uholdeak, montzoi garaia asko aurreratu eta muturtu baita. Txinako Gobernuaren arabera, gutxienez 40 milioi lagunek jasan zituzten kalteak, eta 200 bat hil ziren, historikotzat jo dituen uholdeetan. Beraz, Xi Jinpingena izan daitezke bertako herritarrei bidalitako mezu bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.