Alain Iturralde. Txuri Urdin izotz-hockey taldeko entrenatzailea

«Lehen lau taldeen artean egon nahi dugu»

Gaur hasiko du denboraldia Txuri Urdinen gizonezkoen taldeak. Alain Iturraldek argi du entrenamenduak direla «jokoaren isla». Azpimarratu du jokalariek hobetzen jarraitu behar dutela.

GORKA RUBIO / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Txuri Urdin izotz-hockey klubean aldaketa sakonak izan dira: zuzendaritza eta presidentea aldatu dituzte, baita emakumezkoen eta gizonezkoen entrenatzaileak ere. Horietako bat da Alain Iturralde (Donostia, 1973). Boteprontoan etorri zitzaion gizonezkoen taldea gidatzeko aukera, eta baiezkoa eman zuen. Badu eskarmentua, 2012-2013ko eta 2013-2014ko sasoietan zuzendu baitzuen. Denboraldiaurrean bi astez egon dira etxean entrenatu gabe, baina, oztopoak oztopo, «baikor» dago.

Gaur ekingo diozue sasoiari. Prest dago taldea?

Denboraldiaurrea duela hilabete hasi genuen. Bi aste aritu ginen entrenatzen izotz jauregian, baina konpresoreak hondatu ziren, eta, geroztik, ezin izan gara izotzean trebatu. Horrek taktikoki eragin digu; ez da gauza bera izotzean entrenatzea edo izotzetik kanpo. Halere, aste honetan izotz jauregian entrenatu ahal izan gara, eta taktika lantzeko aprobetxatu dugu. Fisikoki ondo gaude, talde gaztea da, eta jokalariak ondo ikusten ditut sasoiari ekiteko.

Izotz jauregian nahi baino gutxiago entrenatu izanak eragina izan dezake lehen partidetan?

Alor taktikoan sistema berri batekin ari gara lanean, eta ezin izan gara asko entrenatu. Gehienbat, jokalari gazteek, 18 urtekoek, izaten dituzte zailtasunak jokatzeko modua barneratzeko. Baina ahal dugun bezala aurrera egin dugu. Lehen neurketak balioko digu entrenatzen aritu garen alor taktikoak barneratuz joateko. Lehen aurkaria, gainera, ez da goi mailako talde bat.

Huarteren aurka jokatuko duzue gaur. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Haiek bizpahiru jokalari nahiko onak dituzte. Baina klub gaztea da, eta espero dut gure jokalarien maila ikusita gu erasoan oldarkorrak izatea. Horrek ez du esan nahi erraza izango denik, baina baikor nago; uste dut emaitza ona lortuko dugula.

Asko aldatu duzue taldea?

Patrick Fuentesek ez du jarraitu, lanagatik kanpora doalako; iragan sasoian, hark eta Mikel Mendizabal aurrelariak sartu zuten gol gehien. Beste jokalariren batek ere utzi egin du, eta, gero, pare bat ditugu lanagatik oraindik ezin direnak entrenatzen hasi. Tristan Archambault aurrelaria fitxatu dugu. Estatubatuarra da, eta Finlandiako ligan aritu da. Erritmo bizian jokatzen du, eta taldeari asko emango dio. Hemengo jokalariak erritmo bera badute, ondo lehiatu gaitezke.

Zein da helburua?

Kanporaketetan sartzea: lehen lau taldeen artean egon nahi dugu. Hori da historikoki gure lekua. Eta behin hor izanda, xedea liga irabaztea da. Gustatuko litzaiguke gutxienez finala jokatzea; hortik aurrera, ikusiko genuke.

Azkenekoz 2018-2019ko sasoian irabazi zuen taldeak liga. Hiru denboraldi pasatu dira lehiaketa irabazi gabe. Zama da hori?

Ez pentsa. Askotan ikusten dut taldea gogo handiz. Baliteke azken hiru denboraldietan erdipurdi aritzeak eragin dezakeela zama horretan, baina horrek ez nau kezkatzen.

Hamasei liga irabazi ditu Txuri Urdinek; irabaztera ohituta dago kluba. Nola aurre egiten zaio garaipenik gabeko bolada bati?

Entrenamenduak oso garrantzitsuak dira, partidak horren isla izaten direlako. Jokalariak gogotsu daude, eta ondo entrenatzen ari gara. Adibide bat jartzearren: entrenamendu batean fisikoa landu behar genuen, eta berandu iritsi nintzen. Fisikoa lantzea ez da jokalarien gustukoa, baina egun hartan denak zeuden gogotsu, entrenatzen hasteko irrikaz.

Zer eskatzen diezu jokalariei?

Hobetzen jarraitzeko eskatzen diet. Etorri naizenetik aldaketa bat igarri dut: lehen, talde nagusira iristean, ematen zuen jada jokatzeko maila zenuela, eta, beraz, ezin zenuela gehiago hobetu. Baina ez da horrela. Gaur egun, edozein kiroletan hobetu egin beharra dago, bai teknika, bai norberaren lana, baita talde moduan ere.

Pandemia garaian, klubak egoera latza igaro zuen ekonomikoki. Diru faltan, harrobiko jokalariei atea irekitzea beste aukerarik ez zuen izan. Harrobia indartzea da helburuetako bat?

Bai, zalantzarik gabe. Fitxaketak egin ditzakezu, eta horrek txapelketa bat irabaztera eraman diezazuke. Baina, gerora begira, harrobiko jokalariak dira zaindu eta indartu behar direnak. Historikoki Txuri Urdinek bi jokalari on ekartzen zituen kanpotik, eta gainerako taldea harrobikoekin osatzen zuen. Azken sasoietan, fitxaketa asko egin dituzte zenbait taldek, eta gero liga irabazi dute. Baina etorkizunera begira, hemengo izotz hockeyan horrek ez du zentzurik.

Klubeko zuzendaritza eta presidentea aldatu dituzte. Nola moldatzen ari zarete?

Babesle nagusi baten bila gabiltza. Hala ere, nahiz eta babeslerik ez eduki, talde nagusiak osatzean jarri dugu arreta. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan ikusi dugu jokalari gutxi zeudela, eta fitxaketak egin behar zirela taldeak indartzeko. Horretan gabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.