arantxa elizegi egilegor
AEBetako bozak. ANALISIA

Trump nagusi

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Eztabaida hasi aurretik ere gutxi ziren hura ohikoa izango zela uste zutenak, batez ere kontuan izanik zer-nolakoa izan den Donald Trump presidentearen jarrera legealdian eta haren aurretik. Showman bat da Trump, eta hala frogatu zuen astearte gaueko lehen eztabaida saioan. Defentsarik onena eraso on bat dela dioen teoriari eutsi zion, eta etengabe moztu zituen Joe Biden hautagai demokrata eta Chris Wallace moderatzailea, harik eta biak euren onetik atera arte.

Eztabaida ostean egindako inkestetan galdekatutakoetatik gehienek iritzi zioten Bidenek egin zuela hobekien zazpi eta 32 punturen aldea atera dio hautagai demokratak CBS eta CNN kateek egindako inkestetan. Garaipen horren zergatiez galdetuta, berriz, hirutik bik erantzun dute «sinesgarriagoak» egin zaizkiela Bidenek esandakoak eta «zilegiagoak» Trumpen aurkako erasoak. Hala ere, gehiago dira (%56) uste dutenak Bidenek hobeto egin zezakeela, Trumpez iritzi bera dutenak baino (%46). Izan ere, hautagai demokratak itxura hobea eman zuen arren, buruzagi errepublikanoaren jokoan erori zen azkenerako. Ez zuen bere proposamenak aurkezteko aukerarik izan; besteak beste, Trumpek ez ziolako bi esaldi jarraian esateko aukerarik eman, eta AEBetako presidenteari «pailazo» deitzeraino heldu zen.

Orain arteko inkestek zazpi punturen abantaila ematen diote Bideni, eta, horien arabera, bozak gaur egingo balira, 279 ordezkari lortuko lituzke hautagai demokratak eta 125 errepublikanoak horiei gehitu beharko litzaieke erabakitzeke leudekeen 134. Baina lau urte atzera egiten badugu, eta Hillary Clinton jarri Bidenen tokian, orduan ere demokrata zen nagusi inkestetan eta eztabaiden osteko galdeketetan, eta, hala ere, Trumpek irabazi zuen.

Pandemiak baldintzatutako kanpainan, zalantzan dauden horiengana heltzea da bi hautagaien helburua. Trumpek bere alde ditu Etxe Zuriaren bozgorailua eta jarrera erasokorra, aurkaria isilarazteko gai den heinean bederen. Haren akatsak baliatu ditu Bidenek orain arte, baina beste urrats bat egin beharrean da, baldin eta abstentzioak presidentetzarako atea itxiko ez badio. Buruzagi errepublikanoari jokoa egiteari utzi, eta bere asmoak herritarrengana iristea lortu behar du, azaroaren 4an ezustekorik hartu nahi ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.