Angel Erro.
JIRA

Batasunerantz

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ahobatezkotasunak izua ematen du. Ezin da mundu guztia ados egon. Igandean Iruñeko bi neskak parte hartzen duten telebistako lehiaketa musikal batean partaideek kide bat salbatzeko aukera izan eta hamahiruk bakarrari eman zioten botoa. Izututa, eta beranduegi, joan nintzen ohera. Loak hartu aurretik pentsatu nuen ez ote goazen nolabaiteko adostasun orokor baterantz, guztion iritziak ez ote diren gero eta antzekoagoak. Adibideak etorri zitzaizkidan: sare sozialek izaten duten indar zentripetoa, norberarengandik ezberdina dena kanporatuz, eta aurretik erakutsitako gustuak eta interesak gotortzeko tema algoritmikoa, erosoak ez zaizkigun eremuak gero eta urrunago eramanez. Gogora etorri zitzaidan beste notizia hau ere: argitaletxe handiek utzi (nahi) diote editore fisikoaren intuizioan fidatzeari, zer liburu (mota) argitaratu behar duten erabakitzeko. Adimen artifizialeko eta metadatuetan oinarritutako algoritmoek kalkula dezakete zer nahi duen jendeak irakurri, zer salduko den hobeki. Ebook-ek dagoeneko badakite zer orrialdetan uzten dugun irakurketa, zer grinatzen gaituen. Liburu bakar bat ekoizteari ekinen diote guztiek, dagoeneko hasi dira, gehiengoaren diktaduraren itxurapean, gehiengoa tiranizatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.