Baionak ezustean hartu nahi du gaur Naoned, Frantziako Kopan

mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Duela hamasei urte egin zuen balentria errepikatzen saiatuko da gaur Baiona, Frantziako Kopako final-hogeita hamabirenetan Lehen Mailako talde bat kanporatuta. Kopako lehenbiziko bi kanporaketak gainditu ondoren jaso dute saria lapurtarrek: Bretainiako Naoned hartuko dute Jean Dauger estadioan, 13:00etan. Denboraldi ona egiten ari da Naoned, ligako lehenbiziko itzulia jokatu ondoren bortzgarren baitago sailkapenean, Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntura.

Partida bakarrera jokatuko dute kanporaketa. Baionak errugbi taldearen estadioan jokatzea erabaki du, Didier Deschamps futbol estadioan jokatu beharrean, ikusle gehiagorentzat tokia baitu. 13.000 zalerentzako lekua du Jean Daugerrek, eta taldeko arduradunek espero dute 10.000 inguru elkartzea. Hain zuzen, Baionaren estadioari izen ematen dion jokalari ohiak, Deschamps Frantziako selekzioko egungo hautatzaileak, Sud Ouest egunkariari erran dio gaurko lehiarako «ezinezkoa» zaiola talderen baten alde egitea. Deschampsek jaioterriko taldean hasi zuen ibilbidea, eta Naoneden eman zuen eliterako jauzia, 1985ean.

Baiona Nazional 3. mailan dago; hau da, Frantziako bortzgarren mailan. Akitania Berriko ligan jokatzen du, bertze hamahiru talderekin batera. Denboraldi honetan hamar partida jokatu ditu, eta bortzgarren dago sailkapenean. Bertze euskal talde bat ari da liga horretan, Angeluko Genets.

Maila apalekoa izanik ere, Baionak badaki zer den kopan ezustekoak ematea. 2003-04 sasoian Lehen Mailako bi talde kanporatu zituen: Bretainiako Guingamp final-hogeita hamabirenetan, eta Bordeleko Girondins final-hamaseirenetan. Final-zortzirenak Parisko Printzeen Parkean jokatu zituen, Paris Saint-Germainen aurka. 2-0 galdu zuen, eta Paris Saint-Germainek irabazi zuen kopa hondarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.