ANALISIA

Erraldoien aliantzen erdian

Robert Ige Disneyko presidentea eta Rupert Murdoch Foxeko presidentea, iazko argazki batean.
Robert Ige Disneyko presidentea eta Rupert Murdoch Foxeko presidentea, iazko argazki batean. THE WALT DISNEY COMPANY

Urtzi Urkizu -

2018ko uztailak 31
Ikus-entzunezkoen mundua oso aldakorra da. 2020tik harago plana egitea zaila da, ez dakigulako zer jokaleku izango dugun». Hala esan zuen Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean, 2019-2030 urteetarako plan estrategikoaren eskaerari erantzunez. Oposizioko taldeek gogor egin zioten kritika, «zehaztasunik ezagatik».

«Streaming bidezko telebistara pasatuko gara», esan zuen agerraldi berean Iturbek. Herritar asko eta asko telebista horretan daude jada, eta joerak ez du atzera egingo. Beste bi erraldoiren eskaintza handinahiak iritsiko dira datozen hilabeteetan: batetik, Applek mila milioi euro inguru gastatuko ditu aurten saioen ekoizpenetan, 2019an martxan jarriko duen plataformarako. Eta, bestetik, Disneyren eskaintza iritsiko da. Disneyren akziodunek ontzat jo dute 21st Century Foxen erosketa, 60.974 milioi euroren truke. Badu lehendik Disneyk streaming atari bat, baina Foxen edukiak bereganatuta, indartsuago lehiatu ahalko da Netflixekin eta Amazonekin. Kontuan hartu behar da Disneyk kontrolatuko dituela orain National Geographic, Fox News, Fox 21, FX Networks eta Star India kateak. Disneyren eskuetan geldituko dira, gainera, Hulu plataformaren akzioen bi herenak —20 milioi harpidedun ditu— zein Endemol Shine Group enpresako akzioak. Sky ordainezko telebista konpainiaren —21 milioi harpidedun ditu— akzio gehienak ere 21st Century Foxenak dira, eta Disneyk bereganatuko ditu orain —Hego Euskal Herrian iazko irailetik dago martxan Skyren streaming zerbitzua—.

Hollywoodeko estudioen botere orekan berebiziko garrantzia izango du Disneyren eta Foxen arteko bat egiteak. The New York Times-ek eta beste hedabide batzuek iragarri dute AEBetako zinema komertzialean garai berri bat dakarrela Disneyren erosketak. Marvelen unibertsoa, Avatar sailaren lan berriak, X-Men, Fantastic Four, Star Wars, Deadpool... guztiak konpainia berberak ustiatu eta zabaldu ahalko ditu, zinema aretoetan zein telebista eta Interneteko zerbitzuetan.

Netflixen telesail izarretako bat ere Disneyren plataformara pasa daiteke: Black Mirror. Eta badira aste batzuk Disneyk iragarri zuenetik ez dizkiola Netflixi lizentzia gehiago salduko datorren urteko amaieratik aurrera. Bada lehia.

Bestalde, maiatzean, aliantza garrantzitsu baten berri eman zuen Delphine Ernotte France Televisionseko presidenteak (Baiona, 1966): Alemaniako ZDFk, Italiako RAIk eta Frantziako France Televisionsek bat egin dute fikziozko ekoizpen handiak elkarrekin finantzatzeko. Urtean lau eta sei telesail artean ekoitziko dituzte aliantza horretako telebistek, eta kate bakoitzeko fikzio arduradunak maiz-maiz bilduko dira ideiak partekatzeko. Iragarri duten telesailetako bat Leonardo da Vinciri eskainitakoa izango da —20 milioi euroko aurrekontua du, eta 2019aren hasieran estreinatuko dute—. Hiruko horren «bazkide pribilegiatuak» izango dira Suitzako RTS, Belgikako RTBF eta VRT kateak eta Espainiako RTVE.

RTVEk, Mediaset Españak eta Atresmediak, berriz, LovesTV jarri dute martxan, HbbTV teknologiako plataforma —Interneteko sarbidea behar du telebista aparailuak erabili ahal izateko—. EITB plataforma horretatik kanpo utzi dutela aipatu zuen Iturbek ekaineko agerraldi hartan.

Informaziorik zabaldu ez den arren, EITBk nahieran zerbitzu berritu bat izango du 2018a amaitu baino lehen. Bilatzaile indartsu eta erabilgarri bat izango du. Euskarazko gero eta eduki gehiago kontsultatu eta ikusteko bidea emango du, eta argi printza bat ekar dezake erraldoien arteko aliantza horien guztien aurrean. Halako erraldoi boteretsuen erdian, oso zaila baitu euskarazko arrain txikiak ikusgarri egitea. Aliantza berriak asma daitezke, agian, Euskal Herriko ikus-entzunezko eta informazio enpresa eta eragileen artean, erraldoien aurrean burua apur bat ateratzeko. Euskarazko edukiei lehentasuna emanda balitz, are hobeto.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna