Nuria Mendoza. Realeko jokalaria

«Tarte luzeagoan ondo lehiatzea falta izan zaigu azken norgehiagoketan»

Realak Sporting Huelva azken sailkatuaren aurka jokatuko du gaur Zubietan (12:00, ETB1). Nuria Mendoza ez da fio, baina uste du aukera ona izan daitekeela hiru puntuak batu eta emaitza bolada txarra eteteko.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko abenduak 6
Realak oso ondo hasi zuen sasoia, baina, azken hiru norgehiagokak jarraian galdu ostean, apur bat behera egin du. Nuria Mendoza atzelariak (Bartzelona, 1995) autokritika egin du, baina, aldi berean, baikor da.

Nola zaudete ligako azken hiru norgehiagokak galdu eta gero?

Gaurko partida iristeko gogoz, etxean hiru puntuak batu eta denboraldi hasierako emaitza eta joko bolada onera itzultzeko. Orduko gogo eta konfiantza berarekin ikusten dut taldea.

Halakoetan ohikoa izaten da urduritasun apur bat sortzea. Antzeman al duzu halakorik talde barruan?

Ez, ez. Lasai gaude, denboraldi guztietan izaten baitira gorabeherak. Halakoetan, gakoa da burua hotz izatea, eta bai talde gisa bai bakarka hobetzea, bolada ahalik eta motzena izateko. Horretan ari gara, geure buruari asko eskatzen diogulako. Gainera, balio izaten ari zaigu jabetzeko behar adina estutzen ez badugu edozeinek irabaz diezagukeela.

Rayo Vallecanoren aurka galtzea izan zen zuentzat ezustekorik handiena?

Kolpea izan zen; batetik, aurretik jarri ginelako, eta, bestetik, partidaren azken txanpan sartu zigutelako irabazteko gola. Horrek min ematen du. Bestalde, bagenekien Bartzelonari eta Atletico Madrili irabaztea oso zaila izango zela.

Zertan egin duzue huts partida horietan?

Hiru norgehiagoketan ondo jokatu eta nagusi izan ginen tarteak eduki genituen. Baina tarte luzeagoan ondo lehiatzea falta izan zitzaigun, jarraitutasun bat izatea. Ziurrenik, oharkabean, ez genuen behar bezainbeste estutu hainbatetan, eta halakoetan aurkariek ez dute huts egiten. Txapelketan gero eta parekotasun eta maila handiagoa dago; inork ez dizu ezer oparitzen. Orain, defentsan genuen sendotasuna berreskuratu behar dugu, oldarkorragoak izan. Aurrean, berriz, aukerak sortzen ari gara, baina zorte apur bat falta zaigu. Atletico Madrilen eta Bartzelonaren kontra abagune garbiak huts egin genituen. Ez da erraza halako taldeen aurka aukerak sortzea, eta horrekin geratzen naiz. Gainontzean, taldea ondo ikusten dut, bai fisikoki bai joko aldetik. Denboraldi hasieran bezala jokatzen badugu, edozeini irabaz diezaiokegu.

Aste honetako bi partidak erabakigarriak izan daitezke joera aldatzeko?

Bai. Sei puntuak nahi eta behar ditugu. Ez dira lehia errazak izango. Sporting Huelva azken lekuan dago sailkapenean, baina aurreko jardunaldian irabazi egin zuen, eta horrek konfiantza emango zien. Ez gara batere fio. Betis, berriz, goian dagoen taldea da, eta haren aurkako partidak beti izaten dira oso lehiatuak eta parekatuak.

Zein traza hartzen diezu bi norgehiagokei?

Sporting Huelva atzean sartuko da, eta kontraerasoan dituen aukerak baliatzen saiatuko da. Guk, berriz, pazientzia handia izan beharko dugu, baloia bizkor mugitu, eta galdu bezain laster presio estua egin, ahalik eta azkarrena berreskuratzeko. Betisi, berriz, gure antzera, baloia izatea gustatzen zaio. Horri esker aurrea hartzen du jokoan. Baloia duenak asko izango du irabazita igandeko partidan. Gainera, ondo zaindu behar ditugu aurrelariak. Horien artean Priscila nabarmenduko nuke, sasoi oso onean baitago. Zortzi golekin, ligako golegilerik onena da, Aitanarekin batera.

Gonzalo Arkonadarekin urtebete pasatxo daramazue. Zertan aldatu da taldearen jokoa?

Uste dut bai defentsan bai erasoan aurrerapauso bat eman dugula. Ausartagoak eta lehiakorragoak gara. Huts egiteari ez diogu beldurrik, eta hori oso inportantea da talde batentzat. Asko ari gara ikasten harekin.

Asko ari zara jokatzen. Pozik al zaude egiten ari zaren lanarekin?

Bai, oso gustura nago. Gol bat ere sartu dut, eta neure burua sasoiko ikusten dut. Partidak jokatzeak konfiantza eta lasaitasuna ematen dizu, eta egunerokoan lanean jarraitzeko ilusioa. Taldea asko indartu da denboraldi honetan, eta partida eta entrenamendu bakar batean ere ezin duzu lo hartu. Dena den, taldearen emaitzak onak ez direnean ezin duzu pozik egon. Halaber, beti dago zer hobetua. Sasoi amaieran Munduko Kopa jokatuko da, eta neure helburuetako bat da bertan izatea. Zaila da, baina, aukeraren bat izateko, orain arte bezala jarraitu behar dut lanean.

Jokalari asko aipatzen ari dira inoiz baino gehiago disfrutatzen ari direla denboraldi honetan? Zure kasuan ere hala izaten ari da?

Bai, liga oso lehiatua eta parekatua izaten ari delako. Edozeinen aurka irabaz eta gal dezakezu, eta horrek adiago egotera behartzen zaitu, eta partida bakoitzean dena ematera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna