Julen Olaizola. Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Primeran etorri zaigu lehen itzulia garaipen on batekin amaitzea»

Azken postuan amaitu du Gipuzkoa Basketek ligako lehen itzulia. Bolada txarrak igaro badituzte ere, Olaizolak «arerio guztiekin lehiatzeko gai» ikusten du taldea. Bere lanaz esan du «konfiantza handiz» dabilela.

OSCAR ARAUJO.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Konfiantzaz gainezka» dago momentu honetan Julen Olaizola (Donostia,1993). Gustura dago taldea azken partidetan ematen ari den itxurarekin. Hegal pibotak pandemiaren aurretik zuen sasoia berreskuratu du, eta geroz eta zenbaki hobeak ari da lortzen.

Aurreko asteko partida irabazita, astea motzagoa egin zaizu?

Egunez, motzagoa izaten ari da aste hau, baina ez gara erlaxatu. Oso garrantzitsua zen partida bat irabazi dugu, baina hor behean jarraitzen dugu. Azken bi asteetako partidetan lehiatu gara, eta badakigu zer egin beharra daukagun irabazteko. Joko dinamika onean gaude, eta datorren partida iristeko gogoz nago.

Zenbateraino zen taldearentzat beharrezkoa Teneriferen aurkako garaipena?

Presiorik gabe joan ginen partidara. Iragan astean, gauza txar asko pasatu zitzaizkigun: Marcelo [Nicola] entrenatzaileak positibo eman zuen, Jaime Echeniqueren lesioa... Horrek eragin zuen partida presiorik gabe jokatu izana. Aurrekoetan baino askoz hobeto jokatu genuen. Primeran etorri zaigu txapelketako lehen itzulia garaipen on batekin bukatzea, bigarrenari beste modu batean ekiteko. Baina neurketako azken minutuak ez ziren nahi bezala joan. Minutu baten faltan, sei gora geunden; gero, partidari buelta eman zioten, eta bat behera jarri ginen. Partidako azken jaurtiketan lortu genuen irabaztea, hiruko bati esker.

Mike Carlsonek eraman zituen ia lerroburu guztiak, bere debuta zelako eta berak sartu zuelako azken saskiratzea. Baina zuk ere partida bikaina jokatu zenuen. Gauean gustura sartuko zinen ohera, ezta?

Bai, oso gustura. Azkenaldian, konfiantza askorekin nabil. Aurreko sasoia pandemia zela-eta nola amaitu zen ikusita, konfinamendua... ez zen modurik egokiena izan denboraldia bukatzeko. Sasoi onean nenbilen, izan nuen lesiotik guztiz sendatuta. Orain, gero eta konfiantza handiagoa izaten, eta taldean nire aletxoa jartzen ari naiz, bai defentsan, baita erasoan ere.

Bi minuturen faltan, saskiratze eder bezain garrantzitsu bat sartu zenuen: lehenbizi, hirukoa jaurtitzeko keinua egin; gero, pauso bat norabide batean, azkar kontrakoan, eta barrura.

Lehen aldia zen horrelako jokaldi bat egiten nuela; ez nuen behin ere egin. Oso pozik nago erasoan geroz eta ekarpen handiagoa egiten ari naizelako. Bai Marcelorengandik, baita Iñakirengandik [Martin, bigarren entrenatzailea] izaten ari naizen konfiantza asko ari zait laguntzen horretan.

Denboraldi erdia osatu duzue jada, eta taldea sailkapeneko azken postuan dago. Zer balorazio egiten duzu lehen hemeretzi partidez?

Ez da erraza izan. Ez da aitzakiarik jarri behar, baina hasieratik sasoi aldrebestua izan dugu. Denboraldi-aurrea gainontzeko taldeak baino beranduago hasi genuen, oso epe motzean osatu genuen taldea, sasoia prestatzeko lagunarteko gutxi izan genituen... Uste dut lan falta hori nabaritu egin dela, baina denboraldiak aurrera egin ahala, hobetzen joan gara. Azkenaldian taldea ematen ari den itxura ezberdina da hasierakoarekin konparatuta, eta horrela jarraitzea espero dugu. Egindako akatsetatik ikasi, eta lanean segitu beharra daukagu.

Zer akats konpondu beharko dituzue bigarren itzulian?

Hobetu beharreko lehena defentsa dela uste dut. Ikusi denez, galdu ditugun partida askotan ez dugu aurkaria 100-90 puntuetatik jaistea lortu, eta hori ez da gure jokoa. Arerioak 70-80 puntu bitartean geratzea lortu behar dugu, orduan lortzen baitugu partida jokatzea. Horretaz gain, erasoan erraztasun handiagoarekin ibiltzea komeni zaigula uste dut, askeago, korrika egiten dugunean baita hobekien jokatzen dugun momentua.

Bihar ekingo diozue bigarren itzuliari, Badalonan (Herrialde Katalanak), Joventuten aurka. Nolako partida espero duzu?

Lehen itzulian, oso erraz irabazi zigun Joventutek [68-99]. Baloirik gabe oso ondo jokatzen dute, eta jokalari bakoitzak oso argi du zer egin behar duen. Gainera, eskarmentu handiko jokalariak dituzte: Ante Tomic, Ferran Bassas... Nahiko argi dugu zer egiten duten beraiek. Euren armak gelditu beharko ditugu irabazi nahi badugu.

Oraindik ez duzue etxetik kanpo irabazi, eta Joventutek hiru partida besterik ez ditu galdu bere pabiloian. Dinamika horiek apurtzeko aukera aparta duzue biharkoa, ezta?

Garaipen bat gehiago lortzea ez litzaiguke gaizki etorriko [barrez]. Guk gurea egin beharra daukagu;zerbait nahi dugunean, lor dezakegula erakutsi dugu. Partida irabaztea itzela izango zen, baina, horretarako, lan asko egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.