urtzi urkizu
IRITZIA

'Game of Thrones' osteko ezustekoak

2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Pandemia baten erdian, gorantz egin du L'effondrement fikzioaren balioak. Zortzi atal, zortzi plano sekuentzia, munduaren akaberaren aurrean gizakiek nola erreakzionatu dezaketen erakusteko. Les Parasites taldearen lana denboraldiko lehergailua da. Ezinbestekoa. Izan dira bestelako ezustekoak Game of Thrones osteko lehen denboraldian —guztiak ez dira lerrootan kabituko—, baina arrastorik sakonena utziko duena da L'effondrement.

Pandemiako garaiotan agerian geratu da komunikazio enpresa handiek duten boterea. Botere gosea eta azpijokoen jukutria Succesion telesaileko bigarren denboraldian gorpuzten dira, drama eta komedia uztartuz. Lehen denboraldia aparta zen, baina bigarrena are gozagarriagoa izan da ikus-entzulearentzat. Patriarka bat, eta haren seme-alabak lekukoa hartzeko borrokan.

Zientzia fikziozko generoko zaleentzat, Devs izan da ezustekorik harrigarriena. Izan ere, Westworld-en hirugarren denboraldia dezente hobea izan da bigarrena baino, akzioz betea; ez da iritsi, ordea, Devs harribitxiaren kolpera.

Emmy sarietarako hautagaitza gehien bereganatu duen telesaila Watchmen izan da: 26. Askotariko iritziak sorrarazi ditu Alan Mooreren komikian oinarritutako lanak —sortuko dituenak, gerora ere—. Une askotan zur eta lur uzten duen ekoizpena da Watchmen. Gorabeheratsua. Baina ikasturte honetan, pertsonaia berezienak eraiki dituenetako bat ere izan da —Regina King aktore afroamerikarraren lana ez da ahanzturan geldituko—. Black Lives Matter mugimenduaren aurretik estreinatu zen, eta litekeena da are oihartzun handiagoa eduki izana George Floyden hilketaren ondoko egunetan eman izan balute.

Izan dira nazioarteko merkatuan bestelako telesail indartsu batzuk, baina oraingoz, ez dago Game of Thrones-en tronua bereganatu duenik. Edonola ere, telebistarako fikzio lanen kopuruak goia jo du: munduan 4.600 baino gehiago ekoiztu ziren iaz.

Ez dira dena onak, noski. Ezusteko txarra eman du Alex Pinak (La casa de papel), White lines eskasak ez baitu inolako zirrararik sortu. Iruñeko beste gidoilari batek, Natxo Lopezek, istorio borobilagoa ondu du Perdida-n. Lapurtzen dituzten neskatilen generoko bat gehiago izan zitekeen, baina atalek aurrera egin ahala, nabari da istorioa ez dela errazkerian erortzen. Kolonbiako kartzelen egoera krudela erakusten du, gainera.

Emakumeen aurkako indarkeria eta aldi berean emakumeren ahalduntzea bi telesail labur bikainetan agertu da: Unorthodox eta Unbelievable. Bestalde, Drama websailak erakutsi du gazteen istorioekin zein ekoizpen erakargarriak eraiki daitezkeen. Katalanezko eta gaztelaniazko elkarrizketak modu naturalean uztartu ditu lan horrek. Feminista da eta asmatzen du gazteen bizimoduarekin konektatzen.

Emakume gazte batzuen ahalduntzea, baina umore jostalariaren bitartez, Pikuak websailak jaso du. Hiru atal txukun osatu ditu Maddi Castrok, eta atal gehiago iristea primerako albistea litzateke euskarazko fikzioarentzat. Ezusteko polita izan da Kanalduderen aurreneko websaila ere: Tantaka. Anestesiaren kontzertu batera doaz hiru gazte: haietako bat koman sartuko da, 1999an, eta handik hogei urtera esnatuko da. Idoia Rodriguez Mondragonen eta Joana Paroten websaila freskoa da, bizia, konplexurik gabekoa, zirtolaria.

ETB1era heldu zen abenduan Ihesaldia, eta zapore gazi-gozoa utzi zuen. Denbora eta ausardia gehiagorekin emaitza bestelakoa litzatekeela iradokiz. Ikusi beharko da zer emaitza lortzen duten egunotan grabatzen ari diren beste euskarazko telesailak —bata, Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearekin lotutako thrillerra, eta bestea, Ondarroako (Bizkaia) 1980ko hamarkadan girotutakoa—. Bere xedea betetzen du, bitartean, Etxekoak udan lanak.

Nahiz eta pandemiak grabaketa asko eten dituen, ezusteko berriak iritsiko dira GOT osteko bigarren ikasturtean. Adi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.