ANALISIA

Herria (des)egiten duten lehiaketak

ETB1eko <em>Burubero</em> lehiaketako irudi bat. 2017an kendu zuten programaziotik.
ETB1eko Burubero lehiaketako irudi bat. 2017an kendu zuten programaziotik. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko otsailak 14

Hogei hilabete joan dira ETB1ek azkeneko lehiaketa emititu zuenetik —Burubero fest, 2017ko ekainaren amaieran—. ETB3k saiakera lotsati bat egin zuen 3txulo jokoan lehiaketarekin, baina 2017ko irailetik abendura baino ez zuen iraun. Ez dago euskarazko lehiaketarik telebistan, eta horrek alboko kalteak ditu. Telesailen faltak dituen ondorioen aldean, ez dira hain agerikoak; baina oso kezkagarriak, edonola ere.

Mihiluze, Hizkamizka edo Burubero lehiaketetan —batzuk aipatzearren—, lasai asko parte har zezakeen Zuberoako, Nafarroa Behereko edo Lapurdiko herritar batek. Gaur egun, gaztelaniaren ezagutza bikaina izanda ere, nekez lortuko du onik ateratzea ETB2ko Atrápame si puedes lehiaketan —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste %12ko ikusle kuota inguru dauka—. Galdera asko eta asko euskararen herritik kanpoko imajinariokoak direlako. Madrilgo telebisten eta komunikabide nagusien gaiak, pertsonaiak, kantak, tokiak eta erreferentziak direlako sarri aurkezlearen galderetan. Ez hori bakarrik. Paradoxa geografiko bat, adibide moduan: aurkezleak kontu hartu zion Uruguain jaio eta El conquis saioko partaide izandako lehiakide bati —umorez— ez zuelako Sevillako plaza bat ezagutzen —Atrápame si puedes grabatzen den hiritik 915 kilometrora dago Andaluziako hiria—. Bistan denez, ez zion kontu hartu Baionako, Angeluko edo Miarritzeko tokirik ezagutzen ez zuelako —Atrápame si puedes grabatzen den hiritik 50 kilometrora daude—. Hori baita ETBren ikusleari gaztelaniazko lehiaketarekin transmititzen zaiona: 900 kilometrora dagoena gurea da, eta 50 kilometrora dagoena ez da existitzen.

Horrenbestez, Gaztela eta Leongo, Kantabriako, Errioxako eta Aragoiko herritarrek askoz aukera gehiago dituzte ETBko lehiaketa bakarrean sos batzuk irabazteko, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek baino. Euskal kulturarekin lotuta eta Espainiakotik deskonektatuta dauden Hego Euskal Herriko lehiakideek ere desabantailekin jokatuko dute, bidenabar. Eta, bide batez, ETBk imajinario bat elikatzen jarraituko du ETB2ko lehiaketarekin, neurri batean euskarari eta euskal kulturari bizkarra emanda.

Kontraesanetan ito gabe —edo itota—, ez dago ukatzerik Hego Euskal Herriko ikus-entzule askok Espainiako erreferentziaz betetako lehiaketekin gozatuko dutenik. Hezigarriak ere badira, kasu askotan: TVEko Saber y ganar, kasurako. Horikeriaren etenik gabeko bukle bat dirudi askotan Tele5k, baina salbuespen batekin: Pasapalabra lehiaketa. Saio horrekin asko ikas dezake ikusleak: kultura orokorraz eta gaztelaniazko hiztegiaz eta definizioez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %20ko ikusle kuota du programa horrek. Eta kasu gehiegitan —ez onerako, preseski—, ETBk Tele5 kopiatzeko saiakerak egin baldin baditu, ez da ulertzekoa zergatik ez duten Pasapalabra lehiaketaren eredua euskarara moldatu. Modu horretan, euskarazko definizioak eta kantak, euskararen herriko artelanak eta tokiak jasoko lituzke ikus-entzuleak.

Formatu familiarra da lehiaketa, eta Hego Euskal Herriko haur euskaldun asko egongo dira ziur asko arratsaldero Pasapalabra ikusten. Besteak beste, ez dutelako euskarazkorik ikusteko. Eta ikasiko dituzte Cervantesen hizkuntzan kontzeptu asko, eta tarte atsegin bat pasatu senideekin.

Gauza bera ordu berean euskaraz ikusten egongo balira, haur horiek —baita senide helduek ere— euskararen herriari buruzko jakinduria barneratuko lukete, saioz saio, egunez egun. Gertuago sentituko lituzkete Urruñako, Baigorriko eta Atharratzeko herritarrak, tokiak, hitzak eta hizkerak. Ikusiko lukete zein dibertigarria den euskaratik eta euskaraz ikastea. Euskara eskolako betebeharretara lotzen duten Euskal Herriko haur eta gazteek jostatzeko aukerak ikusi beharko lituzkete telebistan. Helduek ere bai, Sevillatik baino gertuago.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga, atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Miguel Toña / Efe

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzeko asmoa du

Andoni Imaz

Urkullu jarduneko lehendakaria litzateke batzorde bereziaren burua berriro ere, eta aukera izango luke jendea bakartzeko eta joan-etorriak mugatzeko. Murgak eta Tapiak agerraldi bat egingo dute bihar, hartuko dituzten neurriak esplikatzeko.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa gaurko agerraldian. ©Chema Moya/EFE

Diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindu du Madrilek

Berria

Neurriak zorroztuko dituzte Hego Euskal Herrian, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostian, aurreko astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Azpeitiko Erdikalean ibili zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean kale horretan ibilitakoek egin beharko dute testa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna