Queralt Gomez. Eibarreko jokalaria

«Ziur nago taldea gai izango dela erakutsitako mailari eusteko»

Lehen Mailara igo berri den arren, bikain hasi du sasoia Eibarrek. Jokatutako lau lehietan, zazpi puntu pilatu ditu. Gaur Atletico Madril hartuko du etxean (16:45, Gol). Gogotsu dago Queralt Gomez.

LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Eibarrek denboraldi honetarako egin duen fitxaketetako bat da Queralt Gomez atzelaria (Mollet del Valles, Herrialde Katalanak, 1997). Jokalari «osoagoa» izateko helburuarekin onartu zuen talde gipuzkoarraren eskaintza, Bartzelonako eta Espanyoleko harrobietan egon eta gero. «Hemen, gehiago bizitzen da emakumeen futbola. Kluba oso profesionala da, eta familia giroa nabarmenduko nuke».

Zuentzat ere ezustea izan da hain ondo hastea?

Jakina denez, denboraldi aurrea ohi baino luzeagoa izan zen, eta horrek aukera eman zigun gauza asko lantzeko, jokalari berriak egokitzeko, Ikerren [Dorronsoro entrenatzailea] ideiak barneratzeko eta denboraldi hasiera honetara ondo iristeko. Guretzat ere, neurri handi batean, ezustea izan da hain hasiera ona egitea.

Zein izan da gakoa?

Garbi genuen fisikoki ondo iristea funtsezkoa zela, arlo horretan alde handia baitago Lehen Mailara iristean: partidek erritmo bizia dute, eta gai izan behar genuen horri eusteko. Hori lortzen ari gara. Gainera, taldea oso batuta dago hasieratik, eta hori garrantzitsua da. Uste dut taldea entrenatzailearen isla dela, intentsitatea eta izaera lehiakorra eskatzen dizkigulako batez ere.

Erdiko atzelaria izanda, zer iruditzen zaizu defentsan egiten ari zareten lana?

Oraingoz, oso ondo ari gara.Atzelariak ez ezik, talde guztia da oso eskuzabala defentsako lanean. Denek argi dugu: gurea bezalako talde batek defentsan ondo aritu behar du. Ganera, aipatu bezala, fisikoki ondo gaude, eta horrek ere laguntzen du.

Eta erasoan nola ikusten duzu taldea?

Ziurrenik, hor elkar gehiago ulertzea falta zaigu. Izan ere, orain arte jokatu ditugun partidek gehiago eskatu digute defentsan sendo egotea. Baina, pixkanaka, erasoko eta jokoa sortzeko lan horretan ere urratsak egiten eta ikasten ari gara. Ziur nago lortuko dugula, eta, hala, talde osoagoa izango gara. Atzeko lan on batetik, erasoan haztea da gure helburua. Orain arte pilatutako puntuek horretan lagunduko digutela uste dut.

Partida lehiatuetan abantaila da Bigarren Mailatik igotako talde bat izatea, horrek dakarren estutzeko grinarengatik?

Bai, dudarik gabe. Estutzeko grinak eta ilusioak puntu asko eman ahal dizkigu, ondo kudeatzen baditugu. Abantaila bat da hori.

Zer hobetu behar duzue berehalakoan?

Jaso ditugun azken golak geldikako jokaldietan izan dira, eta hori hobetu egin behar dugu.

Orain arteko mailari eusteko gaitasuna duzuela uste duzu?

Taldeak intentsitate handia du, eta hortik abiatuta, ziur nago gai izango garela erakutsi dugun mailari eta izaera lehiakorrari eusteko. Gainera, oraindik gauza asko ditugu hobetzeko. Geure buruari ez diogu mugarik jarri behar, funtsezkoa izango da baita bolada txarretan ere psikologikoki indartsu egotea.

Gaur aurkari gogorra duzue: Atletico Madril. Talde handia da, baina azken bi denboraldietan ez al du apur bat behera egin?

Argi dago Bartzelonak aurrerapauso bat eman duela, eta Atletico Madril zertxobait beherago dagoela orain. Baina goi mailako taldea da oraindik ere. Ahalik eta partida lehiatuena izatea nahi dugu. Gol bat jaso arren, ezin ditugu besoak jaitsi, eta berdin jarraitu behar dugu lehiatzen eta gure jokoa egiten. Levanteren aurka hala egin genuen, eta, azkenean, balio handiko berdinketa bat lortu genuen.

Aurrean dituzun jokalarien artean, zeinek ematen dizu beldur gehien?

Beharbada, duen indarragatik eta abiaduragatik, Ludmilak. Teknikoki oso ona da, gainera. Aukera gutxi utzi behar dizkiogu duen indarra eta abiadura baliatzeko.

Egutegi gogorra duzue aurretik. Igandean, Real Madrilen aurka jokatuko duzue, eta datorren astean, Sevillaren eta Bartzelonaren kontra. Sasoi hasiera onak lasaitasuna ematen dizue neurketa horiei heltzeko?

Bai, dudarik gabe. Egin dugun lana indartzen du. Horri esker, motibazio handiz helduko diegu lehia horiei, eta ezustea emateko ilusioa dugu.

Eta zu gustura ari zara?

Bai, oso. Minutu asko jokatzen ari naiz, eta ondo egokitzen ari naiz. Intentsitate, abiadura eta arreta handia izatea eskatzen du Lehen Mailak, eta ikasiz noa.

Nolako lanketa egiten duzu arreta hori izateko?

Lehiatzen hasi aurretik nahiko bakarrik egotea gustatzen zait, musika jarri eta partidan pentsatzeko. Norgehiagokan, berriz, nahiz eta baloia nire lekutik urrun egon, beti egoten naiz partida aztertzen, defentsako lerroa ondo kokatuta dagoela ziurtatzen eta aurkariak egin ditzaketen jokaldietan pentsatzen.

Zergatik erabaki zenuen Eibarren eskaintza onartzea?

Batetik, defentsa moduan intentsitate eta irmotasun handiagoa izatea falta zitzaidan. Hemen hori lortu nezakeela pentsatu nuen, eta jokalari osoagoa izatea lortu. Bestetik, garbi neukan etxetik atera nahi nuela, eta beti gustatu izan zait Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.