urtzi urkizu
ANALISIA

Gidoiari bira eman ala ez eman

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Film edo telesail batean, istorioa erabat laua izan daiteke, hasi eta buka, eta ikus-entzulea asperduran etsita utzi. Baina sortzaileek erabaki dezakete gidoiari bira ematea, pertsonaien helburuak aldatuz, eta ikusleak aho zapore onarekin utziz. Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuak Fem un gir de guió per l'audiovisual en català ekitaldia egin zuen ekainaren 20an. Katalanezko ikus-entzunezkoei «gidoi bira bat» emateko deklarazioa izan zen. Ekinbidez betea.

Ekitaldi hartan, Generalitateak iragarri zuen aurten katalanezko ikus-entzunezkoentzako aurrekontua 36,9 milioi eurokoa izango dela. Tartean, telesailak ekoizteko laguntzak 2,8 milioi eurotik sei milioira pasatuko dira.

Iragarri zuten Generalitateko Hizkuntza Politikako Sailaren barnean ikus-entzunezkoetan katalana sustatzeko zerbitzu bat jarriko dutela martxan. Ikus-entzunezkoetan laguntzak zortzi milioi euro handiagotuko ditu Generalitateak, iazko kopuruekin alderatuz gero.

Natalia Garriga Kultura sailburuak duela aste batzuk, bestalde, elkarrizketa batean nabarmendu zuen zenbait streaming plataforma filmak eta telesailak katalanera bikoizten ari direla —Amazon Prime Videora iristen ari dira bikoiztutako lehen edukiak, eta uztailean 8an helduko da Netflixeko aurrenekoa—. Adar hori gauzatzeko moduan daude Katalunian, bikoizketaren sektorea sendo baitago, eta baldintza onetan egiten dituztelako bikoizketak. Kalitate onean ere bai.

Generalitatea aurrera begira ari da, aurrea ari da hartzen. Sant Adria de Besos herrian sortuko duten Catalunya Media City izeneko hub-a da horren erakusle.

Martxan ziren lehendik ere Kataluniako erakundeak eta sektoreko eragileak, Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berria iritsi aurretik. Onartu dute lege hori: EAJk alde bozkatu du, eta Luke Uribe-Etxebarria senataria pozik azaldu da, «Espainiako Gobernu zentralak irrati-telebista autonomikoen gobernantzan duen esku hartze oro ezabatu» delako. Hau da, EITBren izaera autonomikoa «blindatzea» lortu dutela azaldu du EAJk.

Aldiz, Pantailak Euskaraz mugimenduak uste du aukera bat galdu dela lege horrekin. Hizkuntza gutxituei begira plataformei ezarritako betebeharrak «anekdotikotzat» jo ditu.

TVEn hizkuntza koofizialei emango zaien presentzia areagotu egin daiteke legearen eraginez: zenbait eduki euskaraz, katalanez eta galegoz eskaini beharko dituzte, eta Clan haurrentzako kateak edukiak bikoiztu beharko ditu hizkuntza horietara. Baina hori ere gauzatuko den ezin da ziurtatu —ziurra dena da egun TVEk eskaintza zabala duela katalanez, eta hutsaren hutsa dela euskaraz egiten duena—.

Horiek horrela, Madrilen ikus-entzunezkoen arloan ekoizten ari zen filma amaitu da. Gidoiaren bira PSOEk eman zuen, ekoizle independenteen kalterako, eta telebista talde handien eta plataformen mesederako —EAJk ere deitoratu du ekoizle independenteek jasandako tratamendua—. Mediaset eta Atresmedia dira onuradunetako batzuk, haiei lotutako ekoiztetxeen alde egiten duelako legeak.

Gidoi birak ematen sortzaile abilak badira Madrilen, film eta telesail askoren erakusle. Baina Madrilen jokatzen zen legearen partida amaitua da, eta ezin da espero euskararentzat aurrerapausorik iritsiko denik.

Horregatik, eta euskalgintzak ohartarazi izan duen pantailetako «larrialdi egoera» dela eta, unea izan daiteke diskurtso eta estrategia batzuk berriro planteatzeko. Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak urtarrilaren 2an esandako hitzak, gogoan: «Erabaki behar dugu 100.000 euro eman behar dizkiogun Disneyri film bat jartzeko edo gure gazteei eta sortzaileei beste bide batzuk zabaldu behar zaizkien euskaraz sortzen jarraitzeko». Gidoi bira batek ausardia eskatuko luke, Disneyko filmik ez baitago euskaraz, eta sareko sortzaile gazte gehienak erdaraz ari baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.