KRITIKA. Musika

Fededun lizuna

2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Andrew Gourlay.Lekua: Euskaldun Jauregia.Eguna: Otsailak 2.

Hasi da Bilboko Orkestra Sinfonikoaren denboraldiaren bigarren zatia bi estilotako konposizioekin. Atarian eta lehen aldiz tokian bertan, Fededun lizuna kontzertua izan da; Juan Jose Colomer musikariak idatzi zuen 2004an Spanish Brass metal boskotearentzat eta orkestrarako. Egilearen beraren ustez, lana sasi-tonala da; hots, «kontsonantzia eta disonantzia kontzeptuekin jolasten du». Eta haren izenburuak ez du aipatzen pertsona jakin bat, baizik eta «gutako bakoitzak dituen dualtasuna eta kontraesanak». Bada, konpositoreak ondo ezagutzen ditu metalak, eta horien ahalbideak garatzeko lekukoa da obra: tira eta bira metal boskotearen eta orkestraren artean, hots, debozioaren eta lizunkeriaren arteko sokatira. Eta horrela gauzatuko da hasierako mugimendua, Noraezean deitua. Bertan, boskotea estilo fugatuan hasi eta gero elkarrizketa sortuko da, arin, orkestra handiarekin. Boskotea luzitzeko unea heldu bezain laster jabetu ginen Spanish Brassen afinazioaz, garbitasunaz, bateratasunaz eta trebetasunaz. Bi tronpeta, tronpa, tronboia eta tubarekin, hain zuzen ere. Bigarren mugimenduan (Deskubritu), orkestraren sarrera dramatikoaren ondoren, metal bakarlariek zati polita eskaini ziguten lehenengo zatian bezala. Biluztu hirugarrenean, berriz, areagotu egin ziren arestian esandako ezaugarriak: Presto edo arineketan bi taldeek elkarrekin trukatu zituzten galdera-erantzunak, kontrasteak, kolpeak beti esandako mugimendu arinean. Andrew Gourlay zuzendariak bi taldeak elkarlanean eta zuzen kontzertatzea lortu zuen modu eraginkorrean. Doinu herrikoiaren egokitzapen birtuosoarekin eskertu zuen boskoteak publikoaren harrera beroa.

Askotan aipatu dugu BOSek duen joera sinfonia erromantikoarekin. Eta honetan ere ez du hutsik egin zuzendaritza jakintsuaren aginduz. Maiz aipatuditugu Sergei Raxmaninofen doinu zoragarriak, batez ere piano kontzertuetan... Kasu honetan egile beraren 2. Sinfonia entzun genuen bigarren zatian eta Andrew Gourlayk ondo nahastu zuen lanaren ezagutza bertoko orkestraren prestasunarekin. Izan ere, hasieratik ondo azaldu zuten errusiarrarendoinu liriko sakona eta sentimenduzkoa: erritmo aldaketak, olatuen crescendo-a, bolumen aldaketak... Atseginak izan ziren biolinen diziplina eta instrumentu desberdinek sortutako tinbreen aberastasuna. Horren adibidea izan zen, batez ere,Adagioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.