Iñaki Artola

Bat-batean irten da eguzkia

Lekeitioko eta Zarauzko torneoak irabazi berritan, ibilbide profesionaleko joko punturik onenean dago Artola. Eskuko arazorik ezari eta azken urtean entrenatzen sartutako «orduei» egozten die sasoi ona.

JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Zintzoa da Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994), eta ez du ezkutatzen harridura. «Egia esan, uda hasieran esan balidate sanmateoetako torneoan sartuko nindutela, kostatuko zitzaidan sinestea». 17an jokatuko du Logroñoko torneoko lehen partida, eta Julen Martijarekin ariko da. Izan ere, alegiarrari ia ezustean iritsi zaio bere ibilbideko «uda onenarekin» gozatzeko aukera —2014ko ekainean egin zuen debuta—. Jokoz bikain dabil, eta emaitzek ere lagundu diote. Erakustaldiak emanez irabazi ditu Zarauzko —Jon Ander Albisurekin— eta Lekeitioko —Mikel Larunberekin— torneoak, baita Bizkaia torneoko binakako partida guztiak ere —Albisurekin—.

Artolaren urtea ez da izan ona, ez behintzat txapelketei dagokienez. Lau eta erdikoan, ligaxkan sartu zen, baina hiru partidak galdu zituen. Binakakoan, ez zuten aukeratu hasieratik aritzeko, eta buruz burukoan, Elezkanok kanporatu zuen lehen partidan. Itzalpean aritu da, partida nagusietatik kanpo, eta enpresako beste aurrelari batzuek partida hobeak jokatzen zituztela ikusten. Artola, baina, ez zen larritu. «Entrenamenduetan jokoz nengoela ikusten nuelako ez nintzen urduritu. Pilota eskutik ateratzen ez zaizunean urduritzen zara, baina ez zen kasua. Azken urtean entrenatzeko denbora gehiago izan dut, konpromiso gutxiago izateak hori ahalbidetzen du, eta batez ere eskuak ondo izateak. Asko entrenatzeko, beharrezkoa da eskuak ondo izatea. Nire ibilbideko aste asko igaro ditut partidatik partidara, aste osoan ezin entrenatuta. Eta nabaritzen da».

Artolak uda osoa darama maila onean, baina erakusleihoa Zarautzen eta Lekeition iritsi zaio. «Uda honetako partidarik onena, agian, ez dut torneoetan jokatu. Bat dut gogoan: Zabalak eta biok Bakaikoari eta Aretxabaletari irabazi genien, Sopelan [22-17]. Gaizki hasi, eta buelta eman genion. Hura jaialdiko lehen partida bat izan zen, eta, halakoetan ondo jokatzen baduzu, ezkutuan igarotzen da. Egun pilotan dagoen mailarekin, lehen eta hirugarren partidak ere oso gogorrak dira, eta hura partida handia izan zen. Baina, tira, Zarauzko eta Lekeitioko finalak ere handiak izan dira, baita Olaizola II.aren aurka Lekeition irabazitakoa ere. Seinale ona da udako zure partidarik onena zein izan den ezin aukeratzea».

Artola gutxitan bezala gozatzen ari da uda honetan. Inoizko mailarik onenean? «Bada, agian, bai. Binakako txapelketako finalerdiak jokaturikoa naiz, baina orduan joko gutxiagorekin nenbilen». Baina zergatik orain? «Ez da garai jakin bateko kontua, lan baten fruitua baizik. Pilotalekuan, entrenatzen, ordu gehiago sartzeko aukera izan dut, eta hortik dator hobekuntza. Aldaketa txiki batzuk ere egin ditugu prestaketan, lan fisikoa pilotalekura egokituz. Eta, noski, eskuak. Aurreko urteetan asko sufritu dut eskuekin».

Baina zortea ere behar da, eta Artolak zintzotasuna azaleratu du berriz. «Nik badakit Urrutikoetxea gaixotu izan ez balitz ziurrenik ez nituela partida hauek jokatuko. Urrutikoetxea urte osoan dago puntan, eta, logikoa denez, udan torneo asko jokatuko zituen. Kasualitateak ere gertatzen dira. Pilotan ez dakizu noiz iritsiko zaizun aukera, eta horretarako ere prest egon behar duzu». Aurrelaria pragmatikoa da: «Ni joko askorekin egongo nintzateke berdin-berdin, baina agian erakusleihoa faltako zitzaidan. Aukera eta joko puntua elkartu dira». Asegarceren irizpideari dagokionez, aldagai gehiago daude, enpresak, uda honetan, aukera on gutxi eman dizkielako Bengoetxeari eta Lasori.

Eta orain, sanmateoak, lehen aldiz gainera. «Udako torneo politenetarikoa. Txapelketa txiki bat bezalakoa da. Gustura arituko naiz Martijarekin. Larunberekin torneoa irabazi izanak konfiantza eman dit. Orain arte Albisurekin bakarrik irabaz nezakeela zirudielako, eta beste atzelariekin ere ondo molda naitekeela ikusi da».

Bi atariko Asegarcen

Sanmateoen ondoren hasiko da lau eta erdiko txapelketa, eta Artolak atariko bat jokatu beharko du Asier Arteagaren aurka, hilaren 28an, Azpeitian, Jon Alberdiren debut jaialdian. Asegarceko beste atarikoa Unai Lasok eta Victor Estebanek jokatuko dute asteburu horretan, ziurrenik, Errioxan.

Bestalde, Mikel Urrutikoetxeak atzo jaso zuen senda-agiria, eta etzi erabakiko du, proba baten ondoren, larunbatean Galdakaon, eta igandean Bermeon jokatuko duen. Urrutikoetxea mononukleosiak jota egon da, eta ez du partidarik jokatu azken bi hilabeteetan. Orain, sasoia hartzea falta zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.