Poesiak badu tartea

Asier Serranok eta Pako Aristik poesia emanaldi bana atondu dute musikaz lagunduta; irailaren 9an eta 10an egingo dituzte, hurrenez hurren

Jasone Osoro, Pako Aristi, Asier Serrano, eta Antxon Sarasua, atzo Donostian, Poesia orduak egitasmoa aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2016ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Biek dute literatur jarduera oparoa; genero askotan aritu dira. Musikarekin lotura estua dute. Biek partekatu dute Mikel Markez. Biek dute zirikatzaile puntu bat...». Horrela aurkeztu zituen Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakariak Asier Serrano eta Pako Aristi, biak ala biak aurtengo Poesia Orduak egitasmoan parte hartuko dutela arrazoi hartuta. Donostia Kulturak eta EIEk urtero elkarrekin atontzen dute egitasmoa Donostiako Euskal Jaien harira. Irailaren 9an eta 10ean ariko dira, Serrano lehen eta Aristi ondoren, Viktoria Eugeniako Club aretoan (19:30).

Asier Serranok bi poesia sari garrantzitsu jaso ditu aurten; Xabier Lete saria Linbotarrak poema liburuarekin, eta Irun Hiria saria Ate osteko itzalak liburuarekin. Bi liburu horietako poemak oinarritzat hartuta, hainbat kantu sortu, eta emankizun berezia prestatu du idazleak, Antxon Sarasua musikari eta aspaldiko adiskidearekin eta Miren Fernandez kantariarekin. Irailaren 9an izango da saioa, eta Linbotarren itzalen ostean izena izango du. «Abestiak eta poema errezitatuak tartekatuko ditugu; iradokitzea izango da gure asmoa», zehaztu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Irailak 10ean, berriz, Pako Aristik Arrotz eta eder azken poema liburuko aleak irakurriko ditu. Itziar Gomez aktore eta bikoizleak lagunduko dio zeregin horretan, eta Aristik berak teklatua joko du zenbait pasartetan. «Poemaren musikaltasuna bilatzen saiatzen naiz. Musika klasikoa eta filmetako doinuak erabiliko ditugu», zehaztu zuen Aristik berak. «EAEko hauteskunde kanpainaren hasieraren eta Kontxako estropaden artean poesiak izango du tartea, nahi duenarentzat», errematatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.