Albistea entzun

Ekaitz Elorriaga. Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

«Epe motzeko memoria ez izateak ahalbidetu digu esperimentatzea»

Elorriagak uste du Araban bertsoarekiko tradizioan eten bat izateak «konplexurik gabe» aritu eta molde berriak sortzen lagundu dietela. Horren adibide dira kuadrilla artekoa eta binakako txapelketa berria.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko apirilak 17

Arabako Bertsolari Txapelketaren banakako lehiaketa tokatzen zen aurten, baina izurriak eragindako ziurgabetasun egoerak bertan behera uztera behar ditu antolatzaileak. Horren ordez, bertsolariak binaka ariko dira txapelaren lehian. «Barrura begirako txapelketa bat» izango da, Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakari Ekaitz Elorriagak azaldu duenez (Gasteiz, 1981). Gaur eta bihar izango dira aurreneko kanporaketak: Izarran lehena, eta Araian bigarrena. Denera, hemezortzi bertsolari ariko dira. Finala maiatzaren 22an izango da, Legution.

 

Formatuz aldatuta, baina txapelketari eustea erabaki duzue azkenean. Zergatik erabaki hori?

Txapelketarekin aurrera jarraitzeko hautua iraila aldera egin genuen, baina, data hurbildu ahala, oso zail ikusi genuen egun horietan egitea. Ohartzen ginen, baina, atzeratuz gero balizko Euskal Herriko txapelketari ere eragingo liokeela. Eta zalantzak pilatzen hasi ziren: konfinatuz gero, zer? Saioa galtzen duenak zein eskubide galduko lituzke? Hori kontuan hartuta, erabaki genuen txapelketa ofizialik ez egitea. Hala ere, ulertzen genuen kanporaketak edo sailkapen probak gainditu zituztenei txapelketa bat zor geniela, baita publikoari ere. Hala, zerbait desberdina egitea erabaki genuen, eta hortik atera zen binakako txapelketaren ideia.

Plazari eutsi nahi izan diozue, beraz.

Bai, hori da. Barrura begirako txapelketa bat izango da. Plazak berreskuratzeko gogo hori daukan bertsolariari plaza bat eskaini nahi diogu, eta gauza bera entzuleari ere. Gainera, kultur ekitaldiak antolatzeko dauden mugak bateragarriak dira, neurri batean, bertso saioekin. Pena ematen digu publikoa musukoarekin egon behar izateak, bertsolariaren eta entzulearen arteko komunikazioa galtzen delako, baina, tira, egokitu beharko gara. Bertsolariek, berriz, aukera izango dute gutxieneko baldintzak beteta ahalik eta erosoen kantatzeko.

Ezohiko formatua da binakakoa, baina berezia da, halaber, kuadrilla artekoa ere. Zerk egiten du Araban bertsoa bestelako moduetan egin ahal izatea?

Ziurrenik, epe motzeko erreferentzia edo memoriarik ez izateak. Araban ez daukagu bertsoari lotutako gertuko tradiziorik. Garai batean izan zen, baina, herrialdeak izan duen aldaera soziolinguistikoagatik, galduz joan da, Bertsozale Elkartea sortu eta berreskuratzeko saiakera egin zen arte. Horrek ahalbidetu digu inolako konplexurik gabe aritzea eta gauza berriak esperimentatzea; zerbaitek funtzionatzen ez badu, beste zerbait probatzea. Kuadrilla artekoa, esaterako, bertsogintza sustatzeko sortu genuen tresna berrietako bat izan zen: bertsolari gehiagok parte hartu zezaten sortu zen, gai-jartzaileen talde bat sortu eta egonkortu zedin, eta publikoari zerbait desberdina helarazteko. Eta aurten banakakoa tokatzen zenez, baina datorren urtera atzeratu beharko dugunez, erdibideko zerbait asmatu dugu.

Askatasuna eman dizue horrek sustapen lanean?

Bai. Hala ere, ohituz goazen arren, Araban ez gara historikoki aretoko bertsolariak izan. Oso-oso bertsozalea zena bai, joaten zen aretoetara, baina kaleak eta plazak berreskuratzeko ahalegin horretan bestelako formatuek asko lagundu digute. Horrek lagundu digu, halaber, ekosistema bat sortzen, non askotariko bertsozaleak elkartzen diren, izan aretoetako saioetara doazenak eta kaleko saioetara ez, eta alderantziz.

Zein dira elkartearen erronka nagusiak oraintxe bertan?

Esango nuke hezkuntza arautuan ditugun haur eta gazteek gero bertso eskoletarako urratsa eman dezaten zubi lana ondo lotzea dela, transmisioa benetan zaindu dezagun, eta hezkuntza arautuan egiten den lanak gero bertso eskoletan jarraipena izan dezan. Gainera, gazte horiek antolaketaren dinamikan sartu eta egitasmo ezberdinak beren kabuz ere antola ditzaten sustatu nahi dugu, barne dinamikak sortzeko.

Pandemia oztopo handia izan da bertsoaren ikusgaitasunerako eta bertso eskolen jardunerako?

Bai, ikaragarria. Batez ere, Araban Bertsozale Elkarteak euskalgintzarekiko duen lotura eta baldintzagarritasunagatik. Elkartea ez baita kultur sustatzaile bat soilik; pisu handia du herrialdeko hizkuntzaren sustapenean, bertsoa euskaraz baino ez baitugu ulertzen. Pandemiak atzerapauso handia eragin du hizkuntzaren erabileran; oztopo nabarmena izan da, batez ere, euskara lehen hizkuntza ez den etxeetan. Uste dut, batez ere Araban, bertsogintza badela gune hori urratzeko bidea ere. Eta zentzu horretan oso baliagarria izan zen gure irakasleek itxialdian egin zuten lana, euskara etxe horietara ere irits zedin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ikusleak distantzia gorde gabe eta maskara jantzita, Love of Lesbian taldeak martxoan Bartzelonan eman zuen kontzertuan. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Makroari neurria hartzen

Aitor Biain

Izurriak kolpetik eten zituen ekitaldi jendetsuak, batez ere musikaren alorrean. Horregatik, Love of Lesbian taldeak Bartzelonan eginiko kontzertuari arretaz begiratu dio sektoreak, osasun protokoloetan aldaketarik eragin dezakeelakoan. Erakundeei malgutasuna eta elkarlan estuagoa eskatu diete eragileek.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Kulturaren sektoreko profesionalak lanean jarri nahi ditugu berriz»

A. Biain

Kultura Bizia egitasmoa gaur jarriko da martxan, Gasteizko Iradier Arenan. Urrira arte, 600 lagunentzako kontzertuak eta kultur ekitaldiak izango dira. Kulturaren «gurpila martxan jartzea» da antolatzaileen helburua.
 ©LACOSA STUDIO

«Herrixkan kantuan eta dantzan gabiltzanean, gizartea eraldatzen ari gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Galiziako eta Asturiasko herri kantuak lehengaitzat hartu, eta haien berrinterpretazioa eginez osatu du musika ibilbidea, espiritu kabareteroz eta hurbil duenarekiko miresmenez eta aitortzaz. Gaur aurkeztuko du 'Trópico de Covadonga' ikuskizuna, Gasteizko Principal antzokian.
Goia (ezkerrean) eta Iglesias (erdian), gaurko aurkezpen ekitaldian. ©Javier Etxezarreta / Efe

Ireki dute Santa Klarako 'Hondalea' ikusteko izen ematea

Andoni Imaz

Ekainean hasiko dira bisitak egiten Donostiako uharteko itsasargira, Cristina Enea fundazioak antolatuta. Arte instalazioari buruzko ekitaldi batzuk egingo dituzte hileko lehen astean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna