urtzi urkizu
ANALISIA

Zazpi urte Tibeten

2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen irrati lizentzien lehiaketari errepasoa eman nahi dionarentzat, hemeroteka hor dago. 2013ko martxoaren 20a, BERRIAn: «Teknikariek agirietan salatu zuten hainbat irregulartasun gertatu zirela». Gehiago: «Iker Garcia de Eulate hedabideen teknikariak bere laneko mahaitik dokumentazioa desagertu zela salatu zuen». Eta gehiago: «Bizkaia irratiari ez zioten eman eskatutako dokumentazioaren zati bat, eta, horregatik, babesik eza salatu zuen». Oso luzea eta korapilatsua izan da irrati lizentzien auzia. Joan den astean jakinarazi zuen Jaurlaritzak esleitzeko zeuden hamazazpi irrati lizentzia adjudikatu dituela. Helegiteak aurkezteko epea eta tramite batzuk falta dira oraindik. Baina, azkenean bai, azkenean bukatuko da lehiaketa, eta hamazazpi lizitatzailek izango dute lizentzia urte bukaerarako. Beste hamazazpik epaitegietan lortu behar izan zuten zegokiena.

Agerikoa da lehiaketan ez zela dena ur(re) garbia izan. Baina aurrera begira jartzea komeni da: aurrera begira, itxaropenez. Dialaren egoera non zen, nola dagoen eta nola egongo den. Testuinguruan jarri beharrekoa da, hasteko, Jaurlaritzak —Patxi Lopez lehendakari zela— 2012an antolatutako lehiaketaren aurretik 26 urte pasatu zirela lizentziarik banatu gabe; esan beharrik ez dago komunikazio mundua asko aldatu dela orduz geroztik, baita euskararen ezagutzaren egoera bera ere. Aintzat hartzekoa da, gainera, dialean entzun daitezkeen irrati askok komunikazio talde boteretsuak dituztela atzean, eta gehienek Madrilen dutela kapitala eta aginte makila.

Duela zazpi urteko egoerarekin alderatuta, gaztelaniazko ahotsen nagusitasunak bere horretan jarraitzen du gaur egun. Aldaketa txikiren batekin: Donostialdean, Antxeta irratia entzun daiteke. Eta Gasteizen, Hala Bedi Bi —oraindik ez legalki—.

Egin dezagun orain fikziozko ariketa bat. Irudika dezagun Xabier Lasaren tankerako irratizale euskaldun bat Tibetera joaten dela. Jean-Jacques Annauden Seven years in Tibet filmeko (1997) protagonistak bezala, Asiako herrialde menditsu horretan egin dituela zazpi urte. Eta, Euskal Herrira itzulita, dialaren errepasoari ekiten diola. 2026an gaude. Sakelako telefono modernoan diala entzuten hasi, eta oraindik ere gaztelaniazko ahotsak nagusi direla jabetuko da. Baina aniztasun gehiago iritsiko da haren belarrietara: Euskal Herriko txoko batean ala bestean izan, euskarazko bigarren irrati nazional baten jarioa entzungo du. Ordurako Naiz irratia indartsu egongo da, eta kolaboratzaileei ere duin ordaindu ahalko die, Euskadi Irratikoen pare. Bilbon, Donostian, Gasteizen edo Iruñean egon, Iparraldeko Euskal Irratien emankizun batzuk ere entzungo ditu, frekuentzia batean ala bestean. Uribe Kostan (Bizkaia) baldin badago, eskualdeko euskara hutsezko irrati berri bat entzuteko aukera izango du. Eta, Gasteizen baldin badago, Hala Bedi Biren sintonia kalitate onean eta programazio aberatsarekin entzungo du. Ez hori bakarrik. Irratizale euskaldunak aurkituko ditu dialaren errepasoan, gaztelania hutsean egiten zuten irrati askotan euskarazko albiste tarteak eta gaikako irratsaio interesgarriak ematen. Legea betetzen ariko dira, halaber, euskarazko erreserbakoak ez ziren 23 lizentzien irabazleak, eta programazioaren parte bat euskaraz egiten arituko dira. Horrez gain, ordurako Jaurlaritzak Nafarroako Gobernua imitatuko du, eta irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioa eskaintzen duten irratientzat lizentzia deialdi berri bat egina izango du. Bilbo Hiria irratiak eta Ttan Ttakunek lortuko dituzte horietako bi. Entzungo dira gaikako euskarazko podcast berri ederrak ere, sarean ez ezik, irrati euskaldunetan zein elebidunetan eta talde handikoetan ere.

Fikzioa da hori guztia. Baina benetakoa izango da, baldin eta sektoreko eragile guztiek diala euskalduntzeko gogoa baldin badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.