Erabakiaren bidean pausoak

Gure Esku Dago-k milaka eta milaka herritar bildu ditu erabakitzeko eskubidearen alde Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Erabakia ekarriko duen «behin betiko fasea» hasi nahi du
Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea, atzo, Bilboko San Mames estadioan, <em>Gaur hautetsontzia.</em> Bihar erabakia ekitaldiko mezu nagusia irakurtzen.
Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea, atzo, Bilboko San Mames estadioan, Gaur hautetsontzia. Bihar erabakia ekitaldiko mezu nagusia irakurtzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2015eko ekainak 22
Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko beste indar erakustaldi bat izan da, Gure Esku Dago dinamikak milaka eta milaka herritar batu baititu Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Baina «Gure Esku Dago ez da sortu erabakitzeko eskubidea urteetan eta urteetan aldarrikatzen ibiltzeko», igandean Zelai Nikolas eledunak BERRIAn esan zuenez, eta mezu jakin bat eman zuten atzo: «Erabakiaren aroa hasi da». San Mames eta Iruñeko zezen plaza ez dira bete, Anoeta ere ez erabat —Gasteizen eta Baionan kalean egin dituzte mobilizazioak—, baina masa zibil bat badela ikusi da berriro, bost hiriburuetan eguerdian izandako ekitaldietan ere frogatu denez.

Nikolasek eman du dinamikaren mezu nagusia San Mames estadioan, herritarren oraingo erantzuna ere eskertuz, baina harritzekoa ez dela izan esanez. «Gure Esku Dago-ren sorrerak bagenekiena agerian jartzea eragin zuen: erabakitzeko eskubideak batu egiten du, eta etorkizuna herritar denok eraikitzeko tresna nagusia da. Iaz Iruñea-Durangoko 123 kilometroko [giza kateko] irribarrea horren adierazle izan zen. Herritarrei begira jarri zen Gure Esku Dago, erabakiaren bidetik pausoak ematen hasteko».

Orain, herritarrei begira ez ezik, «erabakiari berari begira» jarri da Gure Esku Dago, haiekin batera. «Denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira jarri gara milaka euskal herritar. Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasi dugu». Gipuzkoako Goierriko 22 udalerrietan datorren urtean galdeketa bateratu bat egingo dute, eta atzo jakin zen Ispasterren eta Diman ere (Bizkaia) egingo dituztela. Iaz bi izan ziren: Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia), Euskal Herriaren independentziari eta euskal estatuari buruzkoak, hurrenez hurren. Bietan baiezkoa irabazle, nabarmen —%94 eta %89—.

Zelai Nikolasek azaldu duenez, «behin betiko fasea» abiatu nahi dute, eta «erabakiaren egunean amaituko da». Horra bidean, beraz, «azken txanpa» hasiko du Gure Esku Dago-k. Uste du «borondateak ehuntzen» ari dela, fruituak jasotzen ari dela, eta orain «zer, nola eta noiz adostu» behar dela; «eta, azkenik, erabaki, herri bat garelako, herritarron garaia delako eta erabakitzeko eskubidea dugulako».

Azkeneko ia lau hamarkadetan izan dira Euskal Herrian hitzaren eta erabakiaren, erabakitzeko eskubidearen eta Kontsulta Legearen aldeko ekinaldi politikoak, instituzionalak eta zibilak, baina esparru juridiko bati buruzko galdeketa bakarra egin da: 1979an, EAEko Estatutuaz. Gure Esku Dago-k azpimarratzen du gizarte zibilaren akuilurik gabeko saioak izan zirela haiek, eta oraingoa ez dela halakoa izango, edo ez duela halakoa izan behar. Ondorioz, beharrekotzat jo ditu «anbizioa, determinazioa eta herritarren borondatea». «Azken helburura iristeko ezinbestekoak dira grina, anbizioa; 'Gure esku dago' esateak dakarren determinazioa, jarrera, txip aldaketa; eta oihal zati bakoitzean islatzen den milaka herritarren borondatea, aldarri duguna egikaritzeko».

Hori guztia zehatzago marrazteko, udazkenean egingo du batzar orokorra dinamikak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna