Albistea entzun

Estatu Islamikoa. Kalifa herriaren bukaera. Aymenn Jawad Al-Tamimi. Siriako eta Irakeko gerren ikerlaria

«Estatu Islamikoak landa eremuko talde matxino baten gisan jarraituko du»

EIk kalifa herria galdu ondoren, ez dirudi oso litekeena denik bertze talde batek berriz halako hedadura lortzea, ikertzaile galestarraren ustez.
BERRIA

Mikel Rodriguez -

2019ko martxoak 20

Siriako eta Irakeko gerretan parte hartu duten talde armatuak ikertzen ditu Aymenn Jawad al-Tamimik (Cardiff, 1992). Oxfordeko unibertsitatean Ikasketa Klasikoak eta Ekialdeko Antzinatearen kultura eta historia ikasi zituen, eta AEBetako MEI Ekialde Hurbilerako Institutua think tank-ean ikertzaile dihardu gaur egun, bertzeak bertze. EI Estatu Islamikoa da azken urteotan ikertu dituen taldeetako bat.

EIk galtzear du kalifa herria. Taldearen bukaera al da?

Ikusten ari garena da Estatu Islamikoaren galera militarra, ez baititu lurralde gehiago formalki kontrolatuko eta gobernatuko Iraken eta Sirian. Hori erran dezakegu, eta aldi berean onartu Estatu Islamikoak landa eremuko talde matxino baten gisan jarraituko duela. Hori ikus dezakegu jada Siriako Raqqa probintzian haren zelulek egin dituzten erasoetan, eta Irakeko landa eremuetan arratsetan inpunitate osoz jarduten duten moduan.

EIren eta Al-Qaedaren arteko alde handiena estatuaren eraikuntza zen. Estatua desagertuta, beraz, EI bertze talde jihadista formal bat dela erran daiteke?

Bai, Estatu Islamikoa orain ezin da oinarritu kalifa herri batek dituen apaingarri guztietan Al-Qaedatik bereizteko. Estatu Islamikoaren jarraitzaile diren anitzek kalifa herria jada ez dute egiazko estatutzat hartzen: talde musulman baten gisa ikusten dute. Ikuskeran izan duten aldaketa hori ikus daiteke bai disidente moderatuagoen artean, zeinek uste baitute muturrekoek eragin handiegia izan dutela Estatu Islamikoan, eta bai muturrekoago hori dutenen artean, zeinek uste baitute Estatu Islamikoak bide zuzena galdu duela moderatuei gehiegi amore emateagatik. Estatu Islamikoaren hedabideei eta propagandari erreparatzen dieten bertze batzuek, berriz, sinisten dute hark dioena: zehazki, lurraldea galtzeak ez duela erran nahi kalifa herriaren bukaera denik.

Europako herrialde batzuek eztabaidagai dute zer egin Sirian dauden EIko kide europarrekin. Kalifa herria galtzeak gutxitu al dezake EIk europarren artean jarraitzaileak lortzeko duen erakargarritasuna?

Uste dut Estatu Islamikoaren erakargarritasuna gutxitu egin dela lurraldea galdu duen heinean, baina oraindik Mendebaldean baditu jarraitzaileak haren izenean erasoak egin nahi dituztenak, eta, horregatik, zaintzarekin jarraitzeko beharra dago.

2014an, anitzetan erran zen EIren arrakastaren gakoetako bat zela arabiar sunitek pairatu zuten alienazioa, bereziki Iraken. Ordutik nola garatu da arabiar suniten integrazioa Iraken?

Ez dut uste arazoa denik suniten integrazio politikoa —ordezkariak dituzte gobernuan—, bertze kontu sail bat baizik. Errate baterako: borrokan hondatu diren eremu suniten berreraikuntza —Mosul mendebaldea eta Baiji, adibidez—; ustelkeriarekin eta funts faltarekin dauden arazoak; BDPen [Barne Desplazatutakoen] itzulera —Tel Afarren, adibidez, turkmen sunita anitzek bat egin zuten EIrekin, eta badirudi ez dagoela gogo handirik turkmen sunitak itzul daitezen—; tribuen arteko gatazkak —talde batek bertzeari leporatzea EIri lagundu izana—; EIko kideen senideak eta emazteak linbo egoera batean uztea BDPen zelaietan... Uste dut hagitz urruti gaudela adiskidetze nazional zabal ideal batetik, eta EI oraindik gai izanen da hainbat jende errekrutatzeko tokian tokiko bidegabekerietan oinarrituta.

Siriako gerraren oraingo egoeran, ba al dago arriskurik antzeko talde bat berriz indartzeko?

Ez, uste dut Siriako gerraren dinamikak hainbertze aldatu direla non ez den probablea izanen EI edo antzeko talde jihadista bat berriz matxinatzea eta lurralde eremu handiak aldarrikatzea, EIk 2014an eta 2015ean egin bezala. Hori eragozten duten faktoreen artean daude Turkiak anitzez zorrotzago zaintzea Siriarekin duen muga —adibidez, atzerriko errekruten zirkulazioa eragotzi du—, gerrak sortutako nekea, Siriako matxinadaz geratzen denak EIrekin duen etsaitasuna... eta bertze hainbat. Uste dut arazoetako bat dela AEBak bat-batean erretiratzen badira Siriatik, eta haiek babesten duten SDFri [Siriako Indar Demokratikoak] etsaiek erasotzen badiote —bereziki, Turkiak—, hutsune bat sor lezakeela EIk lurralde pixka baten kontrola berreskuratu dezan, baina ez 2014-2015eko maila berean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jordi Sanchez eta Pere Aragones, artxiboko irudi batean. ©Eric Fontcuberta / EFE

ERCk eta Juntsek oinarrizko ituna adostu dute, elkarrekin gobernua osatzeko

Edu Lartzanguren

ERCk Barne Departamenduaren ardura hartuko du, lehen aldiz, Kataluniako hainbat hedabideren arabera. Eguerdian prentsaurrekoa eman dute Pere Aragonesek eta Jordi Sanchezek, egoera desblokeatu duen ituna azaltzeko.

Palestinako erreskate taldeak jende hondakinetatik ateratzeko lanean, atzo, Israelek erakina suntsitu ostean. ©Mohammed Saber / EFE

Igandea egunik hilgarriena izan da Gazan

Edu Lartzanguren

Gatazka bigarren astean sartu da, eta dagoeneko 200 pertsona baino gehiago hil dituzte, 60 haur tartean, gehienak palestinarrak.

Larrialdi zerbituetako kideak zaurituak eramaten. / ©Atef Safadi, EFE

Bi pertsona hil dira Zisjordanian, sinagoga bat erorita

Arantxa Elizegi Egilegor

Poliziaren arabera, 650 lagun zeuden Givat Zeev kokaguneko gune erlijiosoan. Eraikinak ez zituen oraindik beharrezko baimenak.

Botoak zenbatzen, bart, Santiagon. / ©EFE

Independenteak eta ezkerra nagusi Txileko batzorde konstituziogilerako bozetan

Arantxa Elizegi Egilegor

Zerrenda bakarrean bilduta aurkeztu diren eskuineko alderdiek ez dute lortu eserlekuen herenak eskuratzea, eta 155 aulkitik 38 bakarrik lortu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna