EBk altzairu inportazioei kontrolak jarriko dizkie

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 27
Europako Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko gerra komertziala beste eremu batzuetara zabaltzeko zorian badago ere, altzairuari eta aluminioari jarritako muga zergei erantzuteko bideak bilatzen ari da oraindik ere Europako Batzordea.

Bi fronte irekiak ditu dagoeneko. Batetik, MME Munduko Merkataritza Erakundera jo du babes eske, Donald Trumpen administrazioak jarritako tarifa berriak legez kanpokoak direla argudiatuta. Bestetik, AEBetako dozenaka produkturen inportazioari zergak handitu dizkio, erantzun gisara. Laster hirugarren bat gehituko zaie: AEBetarako sarbidea trabatuta aurkitu duten atzerriko altzairu edo aluminio produktuak EBra bideratzea eragotziko duten neurriak hartuko ditu.

Funtsean, bermatu nahi dute AEBetatik at geratuko diren Txinako eta beste herrialde batzuetako produktuen inportazioak ez duela EBko merkatua gainezkatuko. Industriarekin elkarlanean ari da ikerketa egiten Brusela. Urtea amaitu arte ez ditu emaitzak espero, eta, hori dela eta, asmoa da uztailean behin-behineko neurri batzuk onartzea, berme gisa.

Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak agerraldia egin zuen atzo, joan den urtean EBko esportatzaileek atzerrian aurkitu zituzten merkataritzako traba eta hesi berrien balantzea egiteko. Protekzionismoa gora doa, eta joan den urtean 67 traba berri identifikatu zituen Malmstromen taldeak. Txinak, Errusiak, Hego Afrikak, Indiak eta Turkiak jarri zituzten gehienak. Azterketak soilik iazko datuak hartu ditu kontuan, eta, ondorioz, ez dira artean jasotzen AEBek eta Txinak merkataritza gerraren barruan hartu dituzten azken erabakiak.

Bruselak kalkulatu du 396 hesi dituztela aurrez aurre EBko enpresa esportatzaileek, eta, horien eraginez, urtero 23.000 milioi euro galtzen dituzte fakturazioan. Traba gehien dituzten herrialdeetatik bederatzi G20koen taldekoak dira.

Malmstromek uste du joera «kezkagarria» dela. Hala ere, Europako Batzordearen ekinbideak 45 hesi desagerraraztea lortu zuen joan den urtean. Esportazioen diru sarrerak 4.800 milioi euro handitzea lortu zuten aldaketa horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna