Andreek lan arloan jasandako hiru diskriminazio kasu salatu ditu LABek

Haurdun egoteagatik lanetik bota duten baten kasua eta sexu erasoak eta jazarpena jasan dituzten beste birenak plazaratu dituzte

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 29
Emakumeek lan munduan pairatzen duten diskriminazioa agerian uzteko asmoz, bazterkeria hori erakusten duten hiru kasu aurkeztu zituen atzo LAB sindikatuak Gasteizen. «Tamalez, ez dira kasu bakanduak», adierazi zuten: «Ez dira lehenak, ezta azkenak ere». Adierazgarriak bai, ordea. Kasuetako batek emakumeek haurdun geratzean izaten dituzten zailtasunekin du lotura: kontatu dute iragan apirilean Elorriaga hotelak —izen bereko herribatzarrean dago; Gasteizen parte da— kaleratu egin zuela andrazko bat, tokian beharrean zazpi urte zeramatzana; haurdun zegoela jakinarazi eta bi astera izan zen kaleratzea. Langileak salaketa bat ipini zuen horren kontra, eta epaiaren zain daude orain.

Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako segurtasun enpresa bateko langile batena da bigarren kasua: sexu-eraso ahalegin bat pairatu zuen lantokian, eta salaketa jarri zuen. Erasotzailea zigortu dute, koakzio delitu bat egotzi diote, eta urruntze agindu bat ezarri diote; baina, LABen arabera, enpresak ez du inolako neurririk hartu halako egoera bat berriro ez gertatzeko oinarriak ipintzeko. «Horri gehitu behar zaio, ez aldundiak ez eta enpresak ere ere ez dutela protokolo zehatzik sexu jazarpena edo sexuaren araberako jazarpena saihesteko».

«Beldurra» saihesteko

Hombres Barreira garraio enpresakoa da azken kasua. LABek salatu du bertan lanean ari zen andre batek sexu jazarpena pairatu zuela zenbait lankide eta arduradunen partetik. Bolada batean luzatu zen egoera, eta andreak salaketa jarri zuen. Enpresak, ordea, haren alde ez duela deus egin salatu du sindikatuak. «Enpresako zuzendaritza konplize bihurtu da egoera horretan, ez baitu ezer egin horri amaiera ipintzeko, langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin neurriak jartzeko». Enpresak, gainera, langile horren datu pertsonalak jazarleen esku jarri dituela esan du, eta jazarpenak oraindik ere gehiago «iraun» duela horregatik. Halakoak salatu egin behar direla adierazi du sindikatuak. «Salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta haien ondoan izango gaituzte». Arindu nahi diete «beldurraren» zama.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna