Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak. Eztabaida eta bozketa

Aurrekontuak PPren eskutik aurrera atera ditu Urkulluk, bigarren urtez

2018ko aurrekontuen alde bozkatu dute EAJk eta PSEk, eta PP abstenitu egin da. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek PPren nahiei «men» egitea egotzi diote Jaurlaritzari

Iñigo Urkullu lehendakaria atzo legebiltzarreko saioan, Josu Erkoreka, Alfonso Alonso eta Pedro Azpiazu aretora sartzen ari zirela. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Bigarren urtez jarraian, PPren eskutik onartu dituzte EAJk eta PSEk EAEko aurrekontuak. Heldu den urteko aurrekontuek azken tramitea igaro dute Eusko Legebiltzarrean, eta, espero bezala, ezusterik ez da izan. Azaroaren 29an hiru alderdiek sinatutako aurrekontu akordioaren ondotik, tramite huts bilakatu da legebiltzarreko eztabaida. Hala, hitzartutakoari jarraikiz, PPko zortzi legebiltzarkideak abstenitu egin dira bozketan, eta horri esker egin dute aurrera aurrekontuek. Jeltzaleek eta sozialistek aldeko botoa eman dute (37 boto), eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aurkakoa (27).

Legealdi honetan Urkullu lehendakariak aurrera atera dituen bigarren aurrekontuak dira. Eta, biak, PPren laguntzari esker. 2018.urtean, beraz, aurrekontu berriak kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 11.486 milioi euro izango ditu gastatzeko, aurten baino %39 gehiago. Aurrekontuan jasota daude PPrekin hitzartutako 30 milioi euroren diru sailak —aurrekontu osoaren %0,26—. EAJk, PSEk eta PPk azaroan sinatutako akordioarekin, besteak beste, PPk lortu du diru sail bat bideratzea bere esku dauden udalerrietara —Arabako Guardiara, Navaridasera eta Mañuetara—, 54.000 euroko diru sail berria sortzea Covite biktimen elkartearentzat, 70.000 euroko beste bat PPrena den Fundacion Popular de Estudios Vascos elkartearentzat, eta diru sail berriak, halaber, hainbat herriko etxe laguntzeko.

PPren zatikako zuzenketa guzti-guztiak txertatu ditu Jaurlaritzak aurrekontuetan —180 aurkeztu zituen—, eta, horren trukean, popularrak abstenitu egin dira bozketan. Ostera, atzera bota dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eztabaidarako gordetako zuzenketa guztiak.

Zerga erreforma erdian

Aurrekontuen inguruko eztabaida izan da, baina hiru alderdiek hitzartutako zerga erreforma ere oso presente egon da legebiltzarreko saioan. Izan ere, aurrekontua zerga erreformaren inguruko akordioaren ondorio behinena izanik, biei egin dizkiete kritikak EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Eta biak argudio bertsuak erabili dituzte. «Sakoneko zerga erreforma» bati uko egitea egotzi diete bi taldeek EAJri, PSEri eta PPri, eta ohartarazi akordio horrek ez duela bermatuko diru sarrera nahikoa izatea.

EAJk eta PSEk PPren nahiei «men» egitea deitoratu dute ezkerreko bi alderdiek. Leire Pinedok (EH Bildu) jeltzaleei egotzi die euskal gizartearen autogobernua mugatu eta ukatzen dutenen eskutik aurrera ateratzea aurrekontuak. «Katalunian 155. artikulua aplikatzen duten alderdiek hemen autogobernua ukatzen dute», gogoratu du. Pinedoren iritziz, Jaurlaritzaren eta PPren arteko akordioak ez dio erantzuten interes orokorrari, eta adibide gisa jarri du aurrekontuan jaso diren PPren zuzenketen %90 elkarte pribatuen poltsikoetara eta alderdi horrek agintzen duen udalerrietara doala.

Antzeko kritikak egin ditu Julen Bollainek (Elkarrekin Podemos), gogora ekarrita PPri onartutako zuzenketen bitartez diru gehiago bideratuko zaiela zenbait ikastetxe pribaturi eta Opusekoei. Horrekin batera, PPren aurrean «belaunikatzea» leporatu dio Jaurlaritzari, aurrekontuak fiskalitatearekin nahastu dituelako, talde horrek hala eskatuta.

Josune Gorospe jeltzaleak, berriz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos izan ditu jomugan hitza hartu duenetik. Aurpegiratu die elkarrizketarako eta negoziaziorako borondaterik ez izatea, eta «ausardia» eskatu die «ezetzaren sorgin gurpiletik» ateratzeko. Zentzu berean mintzatu da Alexia Castelo sozialista. Salatu du EH Bilduk «zentsura mozioa» egin nahi izan diola Jaurlaritzari, eta Elkarrekin Podemosek ez dakiela akordioak lortzen.

PPko Anton Danboreneak, berriz, argi hitz egin du. Aitortu du bere taldeak aurrekontu akordioari baino gehiago, zerga erreformaren inguruko itunari ematen diola garrantzia, eta horregatik abstenitu direla. Esan du aurrekontua ez dela PPk nahiko lukeena, baina ezinbestekoa dela «egonkortasuna bermatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.