Gaur ez ezik, ostegunean ere mobilizatu nahi dute sindikatuek

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Erretreten erreformaren aurkako greba orokorrak segitzen du, eta gaur mobilizazio eguna izango da berriro Ipar Euskal Herrian. Intersindikalak eta LABek Baionako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute: gaur goizean, 10:30ean, Baiona Iparraldeko autobidera sartzeko biribilgunean. Intersindikalak jakinarazi du datorren ostegunean beste protesta egun bat antolatu duela; grebarako deialdia egin du, eta manifestazio bat eginen dute, Baionan orduan ere.

Frantziako Gobernua makurrarazteko mugimendua iragan ostegunean hasi zen, eta, arrakasta izan zuenez, hainbat sektorek greban segitzen dute, arlo publiko eta pribatuan. SNCFeko trenbideetako langileek, adibidez, sei egun daramatzate lanik egin gabe. Ostiralean, Hendaiako (Lapurdi) geltokian egin zuten biltzar orokorra, eta langile gehienek greba iraunkorraren alde agertu ziren.

Ordezkari sindikalek esan dutemugimendua iraunaraztea dela erronka nagusia, Frantziako Gobernuak erreforma bertan behera utz dezan. Horretarako, «sentsibilizazio kanpaina» egin dute intersindikalak eta LABek azken egun hauetan. Larunbatean, esaterako, 150 pertsona inguru bildu ziren protesta batean, Angelun (Lapurdi). Manifestazioa egin zuten bide nagusian eta informazioa banatu zuten bertan.

Atzo ere, Ipar Euskal Herri osoan hainbat pertsona enpresaz enpresa ibili ziren, greba orokorra sektore pribatura hedatzeko asmoz. Sektore pribatua azkarki mobilizatu zen joan den ostegunean, baina Samathan Hourquescos CGT sindikatuko bozeramailerak onartu duenez, «sektore horietan greba luzeak egitea zailago gerta daiteke».

Mugimenduaren segida

LAB sindikatuko ordezkari Eñaut Aramendik espero du gaurko manifestazioa masiboa izatea. Ziurtatu duenez, LABeko afiliatuen %80 prest daude greban segitzeko. «Gure helburua mugimendua indartzea eta egonkortzea da», esan du, eta azaldu Ipar Euskal Herriko enpresen itzulia egin dutela xede horretarako. Bestalde, «gazteak hunkitzeko», Baionako unibertsitateko ikasleekin eta lizeoetako ikasleekin harremanak egin ditu LAB sindikatuak.

Hourquescosek bat egin du Aramendirekin: «Zaila da aurreikustea zenbat langilek greba egingo duten, baina langileengana jo dugu eta mobilizatzeko prest dira. Erretreten erreformak haserrea eragin du: jendeak ulertu du denak hunkituak garela, eta borrokatu behar dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.