martxelo otamendi
ANALISIA

Hernandez, presidentea epaitegian

2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Lerro hauek idazteko orduan oraindik inork ez daki Gustavo Petro eta Rodolfo Hernandez Kolonbiako presidentetzarako hautagaiek egingo ote duten, Bogotako Auzitegi Nagusiak aginduta, askoren ahotan dagoen hauteskunde eztabaida. Telebista baten funtzionamendua barrutik ezagutzen dutenek badakite zenbateko lana den, ekoizpenaren ikuspegitik, eztabaida bat antolatzea: estudioa, atrezzoa, kazetariak aukeratu eta prestatu, gaiak zehaztu, sustapena... Petrok onartu egin dizkio Hernandezek jarritako baldintza guztiak: kazetariak, gaiak, denbora gai eta mintzaldi bakoitzeko... Egingo balitz, ez da egingo, munduko errekorra litzateke horren denbora laburrean telebistako eztabaida bat antolatzea.

Arrastaka eraman dute eztabaida horretara Hernandez hautagai kontserbadorea. Ez da harritzekoa, kanpaina hasi zenetik denbora gehiago baitarama akatsak zuzentzen, proposamenak egiten baino. Aurtengo hauteskundeen ustekabea izan zen Hernandez, Kolonbian duela gutxi arte erabat ezezaguna zen enpresaria. Eraikuntza alorreko enpresaria, 77 urte dauzka eta Bucaramangako alkatetzan (2016-2019) egin zuen denboratik kanpo, ez da sekula jardun politikan.

Kolonbiako eskuina, azken bi hamarkadotan, Alvaro Uribe presidente ohiaren esku egon da, esparru horretan ez baita ezer mugitu Uriberen baimenik gabe. Bi legegintzalditan (2002-2010) izan zen Kolonbiako presidente. Aurretik Medellingo alkate eta Antioquiako gobernadorea izan zen. Talde armatu batek Uriberen aita hil zuen 1983an. Uribek beti FARCi egotzi izan die hilketa, baina talde horrek beti ukatu du Uriberen aita hil izana. Uriberen aurretik izandako sei presidente saiatu ziren FARCekin bake negoziazioak abiatzen. Uribek, aldiz, hasieratik esan zuen gatazka bukatzeko modu bakarra FARCi militarki irabaztea zela.

Hernandez Uriberen gustuko hautagaiaren aurka lehiatu zen lehen itzulian. Federico Gutierrez izendatu zuen Uribek hautagai, itzaletik Kolonbiako botere faktikoa izaten segitzeko. Oso gutxik espero zuten Gutierrezek ez irabaztea bigarren itzulirako tiketa. Behetik gora etorri zen Hernandez inkestetan gero eta aurreikuspen hobeak lortzen. Uribismoa —horrela esaten zaio hemen— gobernutik kanpo geratu da 2002an eskuratu zuenetik.

Hernandez hautagaia Kolonbian geratzen den talde armatu politiko bakarrarekin —ELN Nazio Askatzeko Armada— hitz egitearen aldekoa da. Hala adierazi zuen duela gutxi irrati batean emandako elkarrizketa batean.

Luze gabe, Hernandezen arazorik handiena ez da zer egin ELNrekin, baizik eta zer egingo duen Kolonbiako justiziak berarekin, auzipetuta baitago Vitalogic auzian. Hitzetik hortzera darabil Hernandezek ustelkeria, bere ikurra baita kanpainan; hartaraino, hitza bera sartu duela bere aukera politikoa izendatzeko: Ustelkeriaren aurkako Gobernuaren Liga Mugimendu Politikoa. Ustelkeriagatik dago auzipetuta Hernandez, eta uztailaren 21eko data jarrita dauka epaiketarako. Fiskalaren akusazioaren arabera, Hernandezek Bucaramangako alkate zela bere ardurapekoei presioa egin zien lan batzuen esleipena bere semearekin lotura estua zeukan enpresari emateko.

Igandeko hauteskundeak irabazteak forudun kategoria emango dio Hernandezi, eta, horren ondorioz, bere auzia mantsotu egingo da, justiziak Kongresuaren oniritzia beharko duelako epaiketa egin ahal izateko. Fiskalak ondo eratuta omen dauka akusazioa Hernandezen aurka.

Batek baino gehiagok salatu du auzi horretatik libratzeko egin zuela politika nazionalerako jauzia Hernandezek. Paradoxa da, hauteskundeak ez irabazita ere, forudun izango dela, legearen arabera galtzailea senatari bihurtzen delako zuzenean. Eta senatariak ere forudunak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.