LABek dio lehen indar sindikala ordezkatzen duela Ipar Euskal Herrian

Sindikatuak salatu du soilik Akitania Berria eskualdeko emaitzak eskuratu ahal izan dituela, eta proiekzio jokoetan ibili behar izan duela

Eñaut Aramendi eta Heren Muruaga LABen bozeramaileak. I.E.
Baiona
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Orriak idazteko mamia eman dute azken TPE hauteskunde sindikalek. Lehenik, data finkatzeko arazoak sortu ziren, CGTk LAB eta STC (Korsika) sindikatuen kontrako jazarpen judiziala zela eta. Joan den urteko azarotik abendu hondarrera eta urtarrilera gibelatu ziren. Ondotik, 2017ko lehen hilabeteko 13an eman zen bozkatzeko mugarria, baina, CGTk eskaturik, otsailaren 3ra arte luzatu zen bozkatzeko epea.

Lanbro giro horretan iragan dira hastapenetik TPE hauteskundeak, eta dirudienez, itxura bera hartzen dute emaitzen egunean, baita biharamunean ere. Emaitzak atera dira, Akitania Berria eskualde mailakoak hemengo langileei dagokienez. CGTk bozen %26,4 lortu ditu, CFDTk %14,5, UNSAk %14,1 eta FOk %13,3. LABek, berriz, %2,5. Azken zifra horrek du bultzatzen, berriz ere, sindikatu abertzalea aldarrikapen zenbait azpimarratzera: «Gaur eskuetan ditugun emaitzek ez digute nahi genukeen azterketa sakon eta zehatz baten egitera ahalbidetzen […] Alde horretatik, eragile sozial eta sindikal guziei galdegiten diegu Ipar Euskal Herri mailako emaitza ofizialak galdetzea».

Bestela, metodo propioa baliatuz ahalegindu da LAB Euskal Elkargo mailako emaitzak ateratzen. Proiekzio jokoetan ibili da. Sindikatu bakoitzaren eskualdeko emaitza Ipar Euskal Herri mailara ekarri du, bertako langile inskribatu kopurua eta parte hartzearen ehunekoa kontuan hartuz. Adibidez, jakinik Ipar EHn 25.000 langilek izena emana zutela bozkatzeko, eta parte hartzea %8,9koa izan dela (Akitania Berriko parte hartze hein bera aplikatu dute), ondoriozta daiteke 2.217 boz izan direla. Bestalde, LABek pentsatzen du bildu dituen 884 bozak bertakoak izan direla; beraz, Iparraldeko lehen indar sindikal moduan kokatzen du bere burua. Izan ere, kalkulu beren arabera, CGTk 586 boz lituzke; CFDTk, 321, eta FOk, 296.

Emaitzatik haratago, LABek erran du TPE hauteskundeetan izan den parte hartzea «benetan eskasa» izan dela —%7,5ekoa Frantzia osoan—. «Garrantzitsua iruditzen zaigu sindikatu guztiok autokritika bat egitearekin batera, gogoeta sakon bat eramatea TPEetan diren langileek sindikalismoarekiko duten urruntze joera hori ulertu eta gainditzeko».

Enpresa txikietako langileengana heltzeko eta bozkatzeko «ohitura emateko», Aramendi bozeramaileak argi du «alternatiba batzuk martxan jarri beharko direla [...] zergatik ez eman aukera enpresa txikietako langileei urtero bozkatzeko?». Horrez gain, sindikalistak azpimarratu du ukaezina dela boz elektronikoaren kaltegarritasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.