Egokitzapenaren lemazainak

Kirolari egokituen ibilbidean funtsezko garrantzia dute entrenatzaileek eta prestatzaileek. Erronka bikoitz bati egin behar diote aurre: alde batetik, kirol ez-egokituan bezala, emaitzak lortzeko helburuari; eta, bertzetik, atleten berezitasunetara moldatzekoari.

Artolazabal, Granados eta Izagirre, 2016an, Rioko Jokoetan. AINHOA ARTOLAZABAL.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Asko eman dit jokalariak ezagutzeak»

Esteban Nuñez Bidaideak taldeko entrenatzailea

Kirolzale gehienentzat kirol egokituko praktika ezagunena da gurpil aulkiko saskibaloia. «Beste kirolei meriturik kendu gabe, baina segur aski jendeari dinamikoena eta ikusteko politena irudituko zaio», erran du Esteban Nuñezek, Bilboko BSR-Bidaideak taldeko entrenatzaileak (Bilbo, 1992). Horrekin batera, Nuñezek azaldu du saskibaloiaren egokitzapen hori «oso inklusiboa» dela, «ezgaitasunen bat dutenek parte hartzeko erraza». Puntako taldea da Bidaideak. Espainiako Ohorezko Mailan birritan jokatu du finala—2018an azkenekoz—, eta orain hirugarren dago sailkapenean, titulurako kanporaketetarako postuetan. Nuñezek hirugarren denboraldia du entrenatzaile gisa, baina lehenagotik hasi zen klubean lanean. «Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen Gasteizen, eta azken urtean praktikak egiteko Bilboko BSR aukeratu nuen». Urtebeteren ondoren, bertze bi urtez prestatzaile fisikoa eta laguntzailea izan zen, entrenatzaile postua hartu aitzinetik.

Nuñezek azaldu duenez, karreran ikasgai bakarra izan zuen kirol egokituari buruz, eta ez du formakuntza espezifikorik jaso saskibaloi egokituaz; hain zuzen, arlo horretan gabezia bat dagoelako. «Karreran eta, gero, taldean bertan ikasitakoa bateratu egin ditut, eta horrela egin dut aurrera». Talde handia du kudeatzeko; hamabi-hamabortz jokalarik parte har dezakete denboraldi batean saskibaloi egokituko talde batean. «Jokoaren arloan ezberdintasuna ez da hain handia saskibaloi ez-egokitutik. Gehienbat prestakuntza fisikoan hartu behar da kontuan berezitasuna». Izan ere, saskibaloi egokituaren gakoetako bat da jokalari guztiek ez dituztela gaitasun funtzional berberak. «Prestakuntza egiteko, hiru taldetan sailkatzen ditugu jokalariak, ezgaitasunen larritasunaren arabera». Gainera, prestakuntzan ez ezik, jokoa antolatzeko orduan ere entrenatzaileak kontuan hartu behar ditu jokalari bakoitzaren gaitasun funtzionalak, jokalari guztiak larritasunaren araberako puntu sistema batek sailkatzen baititu, 1etik 5era—adibidez, bularretik beheiti paralisia duen jokalari batek puntu bat edukiko luke—. «Boskoteak 14,5 puntu eduki behar ditu, eta sistemak bermatzen du guztiek jokatzeko aukera izatea, ezgaitasuna dena delakoa izanda ere».

Bidaideak talde semiprofesionala da. «Beharraren eta unearen arabera agertzen zaizkigu zailtasunak», kontatu du Nuñezek. «Pista erabiltzeagatik ordaindu behar dugu, aulkiak konpondu behar dira, beti ezin dugu hegazkinez bidaiatu...». Entrenatzaileak azaldu du Europan talde guztiz profesionalak «lauzpabost» baino ez direla. Lehiakortasuna hagitz handia da. «Oso maila handia dago. Europan eta [Espainiako] estatuan daude jokalaririk onenak, eta horrek exijentzia handitzen du. Pixkanaka, entrenamendu mota gero eta modernoagoak ari dira garatzen».

«Kirol bera da»

Nuñez haurtzarotik aritu da saskibaloian. Egokituan murgiltzeak sentipen kontrajarriak sortzen dizkio: «Kirol arloan ez nuke esango ezer ezberdina denik. Arauak nahiko parekoak dira [saskibaloi ez-egokituarekin], eta, era batean edo bestean praktikatuta ere, kirol bera da». Arlo pertsonalean, ordea, bertzelakoa izan da esperientzia. «Asko eman dit jokalariak ezagutzeak. Balio izan dit nire bizitzan dudan zortea baloratzeko, eta, gehienbat, haiek baloratzeko. Gauza gogorrak gertatu zaizkie askori, istripuak eta halakoak, eta ikustea nola atera diren aurrera; familia eta haurrak dituzte askok, eliteko kirolariak dira... Asko eragiten dizu».

«Kirol egokituan buruari gehiago eragin behar zaio»

Isaac Pousada eta Dario CarrerasIñigo Llopis igerilariaren prestatzaileak

Tokioko Paralinpiar Jokoetara sailkatzea lortzeko prestakuntzan guztiz murgilduta dago Iñigo Llopis igerilari donostiarra. Espainiako marka hautsi berri du bizkar estiloko ehun metroetan, Castellon (Herrialde Katalanak) jokatu duten nazioarteko torneo batean. Llopisen entrenatzailea, Isaac Pousada (Donostia, 1989), pozik dago emaitzarekin, eta uste du igerilariak lortuko duela helburua.

Llopis 15 urterekin hasi zen Pousadarekin lanean, duela sei urte. Javier Aymerichekin entrenatzen zen, Richar Oriberen entrenatzailearekin, baina hark bihotzeko bat izan, eta Pousadari eskatu zion igerilari gazteaz arduratzeko. Aymerichen laguntza hagitz inportantea izan zen hasieran. «Erran zidan igeriketako praktiketan egiten genituen gauzak egiteko, eta gero pixkanaka ikusiko nuela nola egokitu entrenamenduetan, Iñigok zer edo zer ezin bazuen egin jakingo nuela egokitzen».

Esperientziarekin, prestakuntza garatzen jakin du Pousadak. Entrenatzaileak kontuan hartu behar duen faktoreetako bat lesioen arriskua da. «Iñigok ukondoko loturak ez ditu beste pertsona batzuek bezala finkatuta, eta, horregatik, gainkarga asko izaten ditu». Llopisek eskuin besoan eta zangoan malformazioak ditu, eta Pousadak entrenamenduen atal batzuk egokitu behar ditu kirolariaren beharretara. Gainerakoan, eliteko bertze atleten prestakuntza berbera egin behar du. «Karga handiko entrenamenduak behar direnean, astean sei egunez, bederatzi edo hamar saio». Emaitzak begi bistakoak dira: Rioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen 2016an, 17 urte bertzerik ez zuela; bortz domina irabazi zituen iazko Europako Txapelketan, eta, aurten, brontzezko bat Mundukoan.

«Oso aberasgarria»

Llopisen prestakuntzaren bertze zati batez arduratzen da Madrilgo CAR Goi Errendimenduko Zentroa. Dario Carreras (Logroño, Espainia, 1980) da igeriketa egokituko taldearen arduraduna. Carrerasek Pousadaren lana goraipatu du: «Hark bihurtu du [Llopis] gaur egun den igerilaria». Carreras 2003an hasi zen prestatzaile lanetan, eta beti kirol egokituan aritu da. «Oso aberasgarria» da harentzat. «Kirol ez-egokituan idatzita, ikertuta eta ezarrita daude gauza asko. Kirol egokituan, ordea, buruari gehiago eragin behar zaio. Atleta bakoitza mundu bat bada, atera kontuak bakoitzak ezgaitasun ezberdinen bat badu. Eta emaitzak lortzen dituzunean, oso atsegingarria da».

«Azkenean, txirrindulari guztiekin dugun erronka berbera dugu»

Ainhoa ArtozalabalAmador Granadosen prestatzailea

Ibilbide luzea duen kirolaria da Amador Granados pistako txirrindulari gipuzkoarra. Bertzeak bertze, hiru Paralinpiar Jokotan lehiatu da (Atenas 2004, Pekin 2008 eta Rio 2016), eta laugarrenetara joateko prestatzen ari da. Heldu den otsailean izanen du jokoan Tokiorako txartela, Munduko Txapelketan. «Printzipioz, lortu beharko luke», erran du Ainhoa Artolazabalek (Tolosa, Gipuzkoa, 1972). Artolazabal eliteko txirrindularia izan zen 1990eko hamarkadan, eta bederatzi urte daramatza Granados entrenatzen.

Emaitz Izagirrerekin batera osatzen du Granadosen entrenatzaile taldea. Artolazabal entrenamenduak programatzeaz arduratzen da, eta Izagirre, berriz, planifikazio horren jarraipena txirrindulariarekin batera egiteaz. «Motoaren atzean serieak egin behar badira, Emaitzekin egiten ditu serie horiek. Edo gimnasiora joan behar badu, nik planifikatzen dizkiot kargak zenbatekoak izan behar duten, eta gero Emaitzekin egiten du saioa».

Granadosek bikietan du arazoa, ia ez baitu giharrik. Artolazabalek azaldu duenez, gehienbat gimnasioko lana egokitu behar dute. «Zenbait ariketa prestatzen ditugu daukan biki gutxi horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko, eta, aparte, beste gihar batzuk indartzeko». Bizikletako entrenamenduetan, ordea, ez dute moldaketa handirik egin behar. «Agian bizikletaren neurriak eta antzeko gauzak bai, baina entrenamendua intentsitate eta bolumen aldetik ez dugu aldatu beharrik».

Granadosekin lanean hasi aitzinetik, Artolazabalek esperientzia luzea zuen txirrindularitzako prestatzaile gisa —bertzeak bertze, Espainiako errepideko selekzioko hautatzaile izan zen Sydneyko Olinpiar Jokoetan (2000)—. Ez zen inoiz aritua, ordea, kirol egokituan. «Erronka gisa hartu nuen, mundu hori ezezaguna zitzaidalako. Baina berarekin [Granadosekin] tratu zuzena izateak gauzak erraztu zizkigun. Azkenean, txirrindulari guztiekin dugun erronka berbera dugu: norberak zer maila duen jakin, eta noraino irits daitekeen».

Urte hauetako esperientziaren ondoren, Artolazabalek ondorioztatu du kirol egokituan «pauso garrantzitsuak» eman direla, eta «diru laguntzak asko parekatu» direla kirolez-egokituarekin. «Hala ere, pauso gehiago eman behar dira; baita kiroletik kanpo ere, egunerokoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.