Ander Cantero. Eibarreko jokalaria

«Aukera hau ezin dugu galdu»

Eibarrek bere esku dauka bihar Lehen Mailara igotzea: Alcorconen zelaian irabazi, eta festa. Cantero atezainak konfiantza osoa du, eta taldearen eta klubaren lana nabarmendu du. Lortuz gero, ametsa beteko luke nafarrak.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Berriz ere Lehen Mailako zelaia izateko zorian da Ipurua. Taldea ari da entrenatzen, ateak itxita, eta lan saioko hotsak entzuten dira, oihuak eta. Klubaren dendan, estadioan bertan, bufandak daude erakusleiho batean, hainbat mezurekin. Ander Canterok (Iruñea, 1995) azaldu du zer idatziko lukeen horietako batean: Ezina ekinez egina, batetik, eta Pauso txikiak, garaipen handiak, bestetik. Bigarren hautuaren azalpena, hauxe: «Taldea, kluba, kirol zuzendaritza, entrenatzaileak eta gainerako langileak gutxinaka osatuz joan gara honaino heltzeko bidea», esan du Eibarreko atezainak.

Luze joan al da astea?

Ez. Bi egun jai izan genituen; familiarekin egon naiz, eta asteazkenetik aritu gara partida buru-belarri prestatzen, sekulako gogoz.

Zer esaten dizute buruak eta bihotzak?

Gauza onak. Lehen Mailara igotzeko lehiatzea oso polita da. Ardura eta erantzukizuna dauzkagu, baina, aldi berean, lasai gaude, baikor. Badakigu zaila izango dela, baina aukera oso ona da, eta ezin dugu galdu.

Nolako partida izango da?

Alcorconek gauzak zail jarriko dizkigu. Bigarren Mailan partida guztiak dira zailak. Oso umil joan behar dugu. Oraindik ezin dugu pentsatu zerbait handia egin dugunik. Azken batean, Eibarrek urte asko pasatu ditu elitetik kanpo; hor dago historia, eta ispilu gisa hartu behar dugu. Hasieratik dena eman eta bizi jokatu behar dugu, baloia aurkariaren zelaian egoteko asmoz, kalitate handiko jokalariak ditugulako. Atzealdean, serio jokatu behar dugu

Ez dadila inondik ere Alcorcon harrotu zuek horretarako aukera eman diozuelako, ezta?

Hori da. Gu ondo bagaude, eta aurkariak ikusten badu zail duela ezer egitea, erabakigarria izan behar du. Gero, futbola da, eta edozer gerta daiteke.

Lehen Mailan jokatzea omen da zure ametsa. Betetzear zaude.

Umetatik dudan ametsa da. Eibarrera etortzeko arrazoietako bat hori izan zen. Denboraldi ona egin nahi nuen, igotzeko aukerak eduki.

Yoel eta biok jokatzen ari zarete, bi atezainak. Ez da ohikoa izaten. Nola daramazu?

Horrela gertatu da, entrenatzaileak hala nahi izan duelako. Esan zigun jokalariak bezalakoak ginela, eta ondoen zegoenak jokatuko zuela. Asko ikasteko balio izan dit. Oso harro nago nola eraman izan dugun elkarbizitza gure artean, eta oso garrantzitsua da. Biok baliatu ditugu aukerak, eta horrek hobetu egin du taldea.

Zer ari zaizu ematen klub hau?

Ilusio handia. Hona etortzea oso garrantzitsua zen. Uda oso txarra pasatu nuen Lugotik ateratzeko,negoziazioak luzeak eta gogorrak izan zirelako. Oso aukera ona zen niretzat beste aurrerapauso bat emateko. Kluba asko ari da hazten Lehen Mailan egindako denboraldiei esker. Bestelakoan, etxera itzuli nahi nuen, gertuago egon. 19 urterekin kanpora joan nintzenetik, 500-600 kilometrora bizi izan naiz. Betiko giroan nago hemen, familiarengandik eta lagunengandik gertu, eta asko motibatzen nau horrek. Besteak beste, berriz ere euskaraz hitz egiteko aukera daukat hemen.

Behar duzula esaten duzu.

Azkenean, Iruñekoa naiz. Ematen du oso urruti dagoela, jende asko harritu delako ni euskaraz hitz egiten entzutean. Iruñekoa naiz eta! Zaleei gustatzen zaie ikustea badirela jokalariak bat eginda herriarekin, taldearekin, kulturarekin. Oso ona da hori. Jokatzeko ere lagungarria da jendearen babes hori sentitzea. Baina, azkenean, jatorriak jatorri, jendearentzat funtsezkoa da denok zelaian dena ematen dugula ikustea. Gu ere harro gaude zaleekin: beti dauzkagu animatzen.

Zu ere kanpotar izan zara zure ibilbidean. Besteak beste, Real Madril C-n, Osasunak utzita.

Egoera arraroa izan zen. Gauetik goizera jakinarazi zidaten, eta horrelako aukerei heldu egin behar zaie. Sekula ez nuen pentsatu gertatuko zitzaidanik! Oso gustura ibili nintzen. Kanpotik beste aurreiritzi batzuk dauzkagu hango jendearen inguruan eta klubaz, baina oso arruntak dira. Ondo bukatu nuen denboraldia, eta banuen itxaropena Osasunako lehen taldera etortzeko, baina ez zen hala izan. Pena eman zidan.

Handik Vila-real B-ra joan zinen.

Oso esperientzia ona izan zen. Hiru denboraldi egin nituen. Entrenatzaile oso prestatuak izan nituen: Paco Lopez, Javi Calleja, Miguel Alvarez... Asko ikasi nuen. Lehen taldearekin ere ibili nintzen, eta Kopan ere jokatu nuen. Asko hazi nintzen. Gero, Rayo Majadahondan jokatu nuen Bigarren Mailan, baina ez nuen asko jokatu. Beste esperientzia bat izan zen.

Horrelakoak ere onak dira bat indartzeko.

Inork ez dizu ezer oparitzen futbolean, eta oso sendo egon behar da burutik. Une txar horiek prestatu egiten gaituzte geroko, eta Lugoko aukera azaldu zen gero. Asmatu egin nuen hara joaten.Estimatzen ninduten zaleek. Lana delako jokatzen dugu, baina gauza handia da miresmen hori bizitzea. Saiatzen naiz dena ematen, zaleek baloratzeko.

Nondik nora hasi zinen atezain lanetan?

Kasualitatez. Gustatu, beti gustatu zait. Aita ere izan zen atezain. Ikastolako taldean atezain hasi nintzen, baina gero, futbol-txikin, jokalari. Osasunako begiraleak etorri ziren partida bat ikustera, eta atezaina, nire lagunik onena, min hartuta zegoen. Ni jarri nintzen. Gustatu egin zitzaien nire lana, eta entrenatzaileei esan zieten gustuko nindutela. Haiek erantzun zieten ni ez nintzela berez atezain. Joan nintzen probak egitera Taxoaren bizpahiru egunez, eta, gero, uda amaieran, gurasoek esan zidaten ea nahi nuen Osasunan jokatu. Baietz nik, azkar asko. 7 urte nituen orduan. Talde txikienean sartu, eta lehen taldeko hirugarren atezain ere izan nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.