Pilota. EPELen Buruz buruko Txapelketako finala

Sakea da Urrutikoetxearen kezka

Zaratamokoak esan du ezker eskua erabat sendatu zaiola, eta «sasoi betean» dagoela igandeko saiorako. Bai bera eta bai Irribarria gustura gelditu dira pilotekin, baina ezberdin aukeratu dute. Sarrera gutxi gelditzen dira.

Martin Alustiza hautatzailea, finalean erabiliko dituzten pilotei eusten, eta Iker Irribarria eta Mikel Urrutikoetxea, atzean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ezkerreko besoa solte ibili zuen Mikel Urrutikoetxeak atzo, etziko finalerako pilota aukeraketan. Atzo egin zuten hautaketa, eta Zaratamokoak pilotakada onak jo zituen duela gutxira arte minduta izandako eskuarekin. Airez ia bat ere ez zuen jo; hori du bakarka aritzeak, baina fresko zirudien. Finala astebete atzeratzeko eskatu zuen, eta, ikusitakoaren eta berak esandakoaren arabera, mesede handia egin dio. «Lehen astean, eskua gaizki zegoen, baina, egunak pasatu ahala, hobera egin du. Orain ondo dago, sasoi betean nago. Galtzen badut, eskua ez da aitzakia izango».

Eskua ez da buruhauste izango, beraz; ezta pilotak ere. Zaratamokoak eta Iker Irribarriak gustuko pilotak aurkitu zituzten. Martin Alustiza pilota hautatzaileak duela hilabete pasatu zuen lehen galbahea, eta bi finalisten arabera ondo egin zuen bere lana. «Sortako guztiak antzekoak ziren, baina iruditzen zait bereak lurretik pixka bat gehiago ibiltzen direla. Ni gustura gelditu naiz. Aurretik Jon Apezetxearekin eta Jokin Etxanizekin hitz eginda nuen zein pilota mota komeni zitzaidan, eta aurkitu dut», azaldu zuen Irribarriak. Urrutikoetxeak ere bat egin zuen arerioaren azterketarekin.

Eskuak eta pilotak, baina, ez dira jokoaren aldagai bakarrak, eta Urrutikoetxeak badu zalantza bat finalerako: «sakea». Zergatik, baina? «Gustura nago eginiko txapelketarekin, baina sakearekin ez bereziki. Partidetako une batzuetan ondo sakatu dut, baina oro har ez». Oinatz Bengoetxearen aurka ez zuen tantorik egin saketik, eta lau egin zituen Joseba Ezkurdiaren kontra. Finalera begira sakeak alda ditzakeela iradoki zuen. «Botilerorik ez dagoenetik, aldez aurretik partidak ondo pentsatuta eramatea komeni da».

Irribarriak ere badaki nola jokatu beharko duen. «Atzera joz bakarrik ezingo dut irabazi. Urrutikoetxeak ez du tantoa galduko; bukatu egin beharko dut». Sakeak ere asko baldintzatu du bere jarduna txapelketan. Victor Estebanen aurka ez zuen baliatu, eta sufritu egin zuen; Jokin Altuna eta Danel Elezkanoren aurka, aldiz, fin sakatu zuen. «Elezkanoren aurka bereziki. Egun horretako sakeak izan behar dira erreferentzia». Finalak ikusmin handia sortu du, baina oraindik ehun sarrera inguru gelditzen dira, gehienak kantxakoak, 130 eurokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.