KRITIKA. Dantza

Zehaztasun hutsala

Agus Perez.
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun

'People, what people?'

Konpainia: Vilcanota konpainia. Koreografia: Bruno Pradet. Musika: Yoann Sanson. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 10.

Aurtengo Dantza Maitaldiak emanaldi interesgarri batzuk aurkeztu ditu bere lehen asteburuan —Carolyn Carlsonen Embers to Embers lanaren mundu-estreinaldia eta Juan Antonio Urbeltzen Martin Zalakain bikaina, besteak beste— eta bi asteburuen arteko egunei ekiteko People, what people? ekarri du Vilcanota konpainiak.

Okzitaniako formazio hau 2009an etorri zen Miarritzeko jaialdira, eta orduko hartan honako hau idatzi nuen Pousse-toi emanaldiaz: «Ring formako lauki batean elkarren antza zuten bi gizonek oso ariketa bizigarria planteatu zuten beren gorputz-keinu matematikoekin eta bizitza arrunteko zenbait objekturekin, giza arimaren eta gizartearen miseriei trufa egiteko». Harrez geroztik, ildo beretik jarraitu du Bruno Pradet koreografoak—L'homme d'habitude ikusi genuen 2014an— eta oraingo honetan ere esan daiteke keinu-zehaztasun itzela eta umoreari emandako garrantzia direla bere dantzarien ezaugarri nagusiak.

People, what people? honetan, argi leun baten pean agertu dira hiru emakume eta lau gizon; kaleko jantzita zuri, gris, urdin, marroixka eta berdexka tonuetan, eta bere hasierako jarrera estatikoak lepoko espasmo sinkronizatuekin apurtu dituzte, hondoko after musika lagun. Pultsu sinkronizatuak gorputz osora joan dira hedatzen, edertasun handiz eta koordinazio itzelez, argi zuria zuriago bilakatzen zelarik. Ordea, hasierako ariketa horren eboluzio eta bariazioetan hogei minutuz jardun ostean, neure buruari galdetu diot ea hura izan beharko ote zen koreografoaren proposamen bakarra.

Eta bakarra ez da izan, baina nagusia bai, zeren eta une batetik aurrera taldea beste dinamika batean sartu baita, eta hortik aurrera denak hartu baitu talde hasiberrietan egiten diren entrenamendu-ariketen itxura erraza: mugimendu-segida inprobisatu batekin hasi, talde osoak errepikatu, une batean bariazioren bat tartekatu eta, kontuak ezer gehiagorako ematen ez duenean, eztanda moduko batekin amaitu edo elementu berri bat sartu —barreak, arnasaldi bortitzak...— haiekin saiatzeko agortuta zegoenari bizitza berri bat ematen. Mundua mundu denetik egin duguna, alegia, baina dantzaren ikuspegitik, balio gutxikoa.

Hasierako after musikaren ostean zio argirik gabe aldatu da soinu-banda, eta han entzun ditugu martxa solemne moduko bat, Rossiniren zatiren bat, fanfarre bat eta kutsu onirikoko pasarteak danbor-arrada militarrekin nahastuta. Bitartean, dantzariek bat-bateko geldialdiekin eten dituzte konposizio dinamiko estrainio batzuk, eta une haietan lortu du saioak nolabaiteko dentsitatea.

Hala ere, gutxi iraun du, Pradetek nahiago izan duelako zoru gaineko argien efektismoan babestu eta dantzaren izaera sakona alboratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.