Claire Denis, Valeria Sarmiento, Kim Jee-woon eta Naomi Kawase lehian izango dira Zinemaldian

Simon Jaquemet, Markus Schleinzer eta Benjamin Naishtaten filmak ere Sail Ofizialean izango dira. Zazpi film jakinarazi dituzte; hurrengo asteetan emango dute besteen berri
Valeria Sarmiento <em>Le cahier noir</em> filmarekin lehiatuko da aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Valeria Sarmiento Le cahier noir filmarekin lehiatuko da aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean. ZINEMALDIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko uztailak 14
Claire Denis (Paris, 1946) zinemagile eskarmentuduna da —Neau travail eta White Material obren egilea, besteak beste—. Lehen aldiz lehiatuko da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, High Life filmarekin. Zientzia fikziozko lana da, eta berriz ere Juliette Binoche aktorearekin lan egin du, Un beau soeil-en ere elkarrekin aritu ondoren. Atzo jakinarazi zituen antolakuntzak Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diren lehen zazpi filmak. Irailaren 21etik 29ra bitarte egingo dute Donostiako 66. Zinemaldia.

Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) bigarrenez saiatuko da Urrezko Maskorra lortzen, 2010ean Genpin, Fipresci sariaren irabazlea, aurkeztu eta gero. Orain, Vision ekarriko du Donostiara, jaioterriko probintzian filmatu duen obra, eta gauzak zer diren, Denisen filmean bezala, Juliette Binoche da protagonista Kawaserenean ere, Masatoshi Nagase japoniarrarekin batera (Hikari, Paterson).

Kim Jee-woon ere (Seul, 1964) bigarrenez izango da Zinemaldiko lehian. 2010ean Ang-ma-reul bo-at-da / I Saw the Devil aurkeztu zuen, eta orain, Illang: The Wolf Brigade filmarekin parte hartuko du zuzendari hegokorearrak. Mamoru Oshiik idatzitako Jin-Roh animearen remake-a da filma.

Sarmiento ere bigarrenez

Beste zinemagile beterano bat da Valeria Sarmiento (Valparaiso, Txile, 1948), eta hura ere bigarrengoz lehiatuko da. Duela bi hamarkada baino gehiago aurkeztu zuen Zinemaldian Elle (1995). Baina Sarmientok Zinemaldiarekin duen lotura hamar urte lehenago hasi zen, haren lan-ibilbidearen hasieran, 1984an Zuzendari Berrientzako Donostia Sari Nagusia irabazi baitzuen bere lehen fikzio film luzeari esker (Notre mariage). Zinemaldian izan zen azken aldian, 2012an, Zabaltegin programatu zuten haren filma, As Linhas de Torres / Lines of Wellinghton. Dakarren lan berriak Le cahier noir / The Black Book du izenburu, Frantzia eta Portugal arteko koprodukzioa da, eta Camilo Castelo Brancoren Livro Negro de Padre Dinis eleberrian dago oinarrituta.

Beste hirurak, gazteagoak

Belaunaldi gazteagokoak dira Sail Ofizialerako oraingoz jakinarazi dituzten beste hiru zuzendariak.

Benjamin Naishtaten (Buenos Aires, 1986) hirugarren film luzea da Rojo. Haren lehenengo lana, Historia del miedo, 24. Zinema Eraikitzen sailean aukeratutako filmetako bat izan zen; Berlinen lehiatu zen 2014an, eta Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ere proiektatu zuten. Bigarrena, El movimiento (2015), Locarnoko Sail Ofizialean izan zen. Rojo 70eko hamarkadako Argentinan dago girotua, diktadura hasi aurreko urteetan, eta Dario Grandinetti, Andrea Frigerio eta Alfredo Castro ditu antzeztaldean.

Markus Schleinzer (Viena, 1971) Cannesko Sail Ofizialean lehiatu zen bere lehenengo lanarekin (Michael, 2011). Donostian, bere bigarren film luzea aurkeztuko du: Angelo. Schleinzerrek Casanova Variations filmaren gidoia idatzi zuen Michael Sturminger zuzendariarekin batera, eta 2014an Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartu zuen lan horrek. Orain, nahitaez europartutako afrikar baten istorioa hartu du hizpide. Makita Samba, Alba Rohrwacher eta Larisa Faber dira protagonistak.

Simon Jaquemetek (Zurich, 1978) 2014an estreinatu zuen bere lehenengo lana, Chrieg / War eta saritua izan zen Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Bigarren filmarekin (Der unschuldige / The Innocent) Donostiara itzuliko da, Sail Ofizialera, iraganak fededunen komunitate batean harrapatu duen emakume baten erretratuarekin.

Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak datozen asteetan iragarriko dituzte antolakuntzako kideek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna