Donostiako 53. Jazzaldia

Bidea urrats handitan urratzea

Tom Ibarra gitarrista eta konpositoreak 18 urte ditu, eta bi disko kalean. Jazzeko artista handiekin ere jo izan du, eta Donostiako 53. Jazzaldian izan da egunotan, boskotean

Tom Ibarra, herenegun, Donostiako 53. Jazzaldian eskaini zuen kontzertuan. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ezohiko profila da Tom Ibarrarena: 18 urte ditu —urrian beteko ditu 19—, eta bi disko grabatu ditu dagoeneko; 2015ean atera zuen 15 estreinakoa, eta aurten kaleratu berri du Sparkling. 6 urterekin jarri zioten aurreneko gitarra eskuetan, eta ordutik ez du denborarik galdu urratsez urrats musikan bidea urratzeko. Okzitaniako Bergerac herrian sortua, Donostian dabil egunotan Ibarra, Jazzaldiaren bueltan. Asteartean eman zuen aurreneko kontzertua, Kursaal kanpoaldeko Heineken terrazan, eta atzo agertoki berean aritu zen bigarrenez. Izandako harrerarekin gustura azaldu zen prentsaren aurrean egindako agerraldian: «Bai publikoa bai soinua ederra izan dira. Bibrazio oso onak izan ditugu».

Boskotean aritu da Ibarra Donostian emandako bi emanaldietan; Jeff Mercadie aritu da saxofoian, Auxane Cartigny teklatuan, Antoine Vidal baxuan eta Pierre Lucbert baterian.

«Jazza, zergatik?»

Nazioarteko kazetari ugari dabil egunotan Donostian jaialdiaren berri ematen. Coloradotik (AEB) etorritako irrati esatari batek egin dio galdera Ibarrari, aulkitik altxatu eta eskuak jasoz: «Hain gazte, hain trebe! Popean diru gehiago irabazi besterik ez eta; Tom, jazza, zergatik?». Irri txikiz erantzuna hark: «Agian irabaziko nuen. Baina gure aitona gitarrista zen, blues eta jazz zale amorratua. Hori da entzun nuen aurreneko musika, 6 bat urte nituenean». Rock eta pop asko entzun izan duela eta entzuten duela ere aitortu du, halere. «Jimi Hendrix asko, esaterako». Jazzeko musikarien artean, 10 urterekin jada Wes Montgomery kuttuntzat zuen, eta laster heldu zenJulian Lage eta Chick Corea artistekin zaletzera —aurtengo Jazzaldian izan dira biak, hain justu; herenegun jo zuen Lagek, eta igandean joko du Chick Coreak, Trinitate plazan—.

Gitarra aurrean aritzen da batik bat Ibarra, baina jotzen ditu baxua, pianoa eta bateria ere. «Ez dakit asko, baina bai konposatzeko aski». Ibarrak 11 urterekin sortu zituen lehenengo kantuak, baina, izatez, 14-15 urte arte ez zuen «musika teoriaren» gaineko formakuntzarik jaso. Musika idazterakoan zertara jotzen duen galdetuta, pentsatzeko tartea hartu du musikariak: «Zaila da hori esatea». Eta galderari galderarekin erantzun dio gero: «Bizi esperientziara?».

Rising Stars Jazz Award sari entzutetsua irabazi zuen iaz Ibarrak, zeinetan Europa osoko 270 jazz musikari gaztek hartu zuten parte. «Beterano baten sentimenduarekin jotzea» aitortu zioten orduan. Jazzaren, funkaren eta fusioaren artean estilo propioa erakutsi izana ere goraipatu dio kritikak Ibarrari. Hainbat jazz musikarik ere onartu izan du haren talentua —Marcus Millerrek, Richard Bonak, Didier Lockwoodek...—, eta oholtza gainera ere gonbidatu izan dute zenbaitetan.«Ederra da hori», adierazi du. «Zortedun naiz horregatik; besterik ezin dut esan». Baina ez du horregatik promesa gaztearen pisurik zamatzen. «Ez dut presiorik sentitzen. Jotzea da nire egitekoa; gustuko dut, eta, aukera dut, gainera. Nire lana da, eta ahal bezain ondoen egin behar dut. Baina presiorik ez, soilik jo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.