Sanprudentzioak Lazkaon

Danbor hotsen erritmora

Gaur hasiko dira Lazkaoko San Prudentzio jaiak, eta ekitaldi nagusietako bat danborrada izango da. 230 bat lagunek parte hartuko dute, haurrak eta helduak kontuan hartuta
Haur danborradaren desfilea; danbor eta upel jotzaileak iazko festetan.
Haur danborradaren desfilea; danbor eta upel jotzaileak iazko festetan. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA

Julen Aperribai

2017ko apirilak 21
San Prudentzio jai luzeei gaur emango diete hasiera Lazkaon (Gipuzkoa); zehazki, 19:00etan, orduantxe botako baitute suziria udaletxeko balkoitik. Hortik aurrera, kalean etenik gabeko jai giroa ezartzearekin batera, askotariko kirol probak, lehiaketa gastronomikoak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera izango dira herrian, eta, horien artean, hainbatentzat huts egin ezineko ekitaldi bihurtu den danborradak ere izango du bere lekua egitarauan. Ohiko legez, haurrena eta helduena, biak egingo dituzte. Aurrena igandean egingo dute, 18:00etan, eta helduena, berriz, hurrengo ostegunean, 20:00etan.

«Dantzaldiarekin batera, jende gehien erakartzen duen ekitaldietako bat da», esan du Mario Aragonek haurren danborradari buruz. Antolatzaileetako bat da hura, eta, horretaz gain, helduenean ere hartzen du parte. Haurren danborrada antolatzen zebilenetako baten «burugogorkeriatik» sortu omen zen helduena. Ordurako, ohitura bihurtuta zegoen haurrena. 1987an egin zuten lehenengo aldiz haurrena, lagun gutxi batzuen ekimenez. Ideia garatu zutenak lau lagun izan ziren, batez ere, eta haurren gurasoen laguntza ere izan zuten. Baita Ordiziako eta Beasaingo (Gipuzkoa) zenbait elkarterena ere; batez ere, arropak lortzeko orduan. San Benito ikastolako eta San Prudentzio eskolako 130 haurrek parte hartu zuten denera, eta bitxikeria bat ere izan zen orduko hartan: desfilearekin batera zihoan karroza kale batean ez atzera, ez aurrera geratu, eta ezin izan zuen ibilbidea behar bezala osatu.

Aurten, 160-170 inguru haurrek parte hartuko dute danborradan, Aragonen kalkuluen arabera; eta 70-80 inguruk, berriz, helduenean. Onartu du «urte batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerrago» ibiltzen direla. Haurrekin harremana duten elkarteekin gaia lantzen ari direla ere azaldu du, egun ez baitu sumatzen haiek ahalegin handiegirik egiten dutenik haurren parte hartzea sustatzeko: «Antolakuntzan gabiltzanok saiatuko gara ikastolatik lagun diezaguten haurren artean parte hartzea sustatzen».

Belaunaldi aldaketa

Helduen danborrada apirilaren 27an egin ohi dute, San Prudentzio egunaren bezperan. Aragonek azaldu du ordutegia urte batetik bestera probatuz eta erantzunaren arabera moldatuz joan direla. 16 urtetik gorakoek har dezakete parte horretan. Aragonen arabera, urtero ematen dute izena beste gazteren batzuek, eta aurten ere hala egin omen dute. Belaunaldi aldaketa gerta dadin nahi dute, eta, alde horretatik, haurren danborrada utzi eta helduenean hasi bitarteko denbora tartea ahal bezain laburra izan dadin saiatzen dira. Martxoaren lehen astearekin batera hasten dira entseatzen, hastean bitan, eta, entsegu orokor bat ere egiten dute txarangarekin, hala ariko baitira ondoren kalean.

Danborrada mantendu eta indartzeko lanean ez ezik, Lazkaoko Martxa abestia indarberritzeko lanean ere ari dira antolatzaileak. Javier Muruamendiaraiz eta Andres Barandiaranek konposatu zuten abestia bere garaian, eta plazan jotzen dute, danborradaren amaieran. Ahalik eta jende gehien hori ezagutu eta abestera animatzea litzateke asmoa. Ez da helburu erraza, hala ere, Aragonek aitortu duenez: «Oso luzea da, eta abesteko konplikatu samarra». Horretaz gain, danbor hotsek danborrarien ahotsa behar baino gehiago estaltzeak ez du laguntzen. Horretarako lanean ari dira, hala ere, eta udalak ere bere aletxoa jarri nahi izan du, egitarau ofizialaren barruan martxaren hitzak sartuta.

Deskantsatzeko astirik ez

Bi asteko jai giroarekin nahikoa ez, eta festak segida izango du maiatz hasieran, lekuz aldatuta bada ere. Kasu horretan, Lazkaomendi auzoan izango da, maiatzaren 6an eta 7an. Lehen egunean, beste zenbait ekitaldiren artean, gaztetxoen arteko pilota txapelketa, txirrindularitza proba, erromeria eta auzo afaria egingo dituzte. Hurrengo egunean, berriz, ibilaldi neurtua, bertso saioa eta herri kirol probak egingo dituzte, besteak beste.

Jaien ezkutuko aldea ere kontuan hartu, eta, jai giroak herritarrengan eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak saiheste aldera, kontzientziazio kanpaina bat abiatu du Lazkaoko Udalak, hiru gaitan zentratuta. Batetik, adierazi du udalak «eraso sexistak eta gainerako eraso guztiak» gaitzesten dituela. Horrekin batera, alkoholaren kontsumoa neurrizkoa izan dadin nahi dute, «norbanakoari eta ingurukoei eragiten dizkien kalteak saihesteko». Azkenik, «festetan lo egin nahi dutenen eskubidea» zaintzeko deia egin du: «Denek festez gozatzeko duten eskubidea errespetatzea» da udalaren nahia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna