HILBERRIA. Daniel Johnston

Maitasun bizitza bat

BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bere ahotsak ezaugarritu zuen, neurri handi batean, Daniel Johnstonen musika. Haren lehenengo lanetan —ia baliabiderik gabe grabatutako kaseteak— haur baten boza izan zitekeena azaleratzen da musika tresna oinarrizkoen artetik. Ahots altua, sakontasunik gabekoa, baina, era berean, sentimendurik lazgarrienak transmititzeko gai dena —maitasuna izan zuen bere kantuen gai nagusia—. Ia bere bizitza osoan arazo fisiko eta psikikoak izan zituen, eta eskizofrenia nahiz nahasmendu bipolarra diagnostikatu zizkioten. Hain zuzen ere, bere sendiak jakinarazi duenez, urte hauetan guztietan hartutako medikazioaren ondorioz, azkenaldian osasunez okerragoa zegoen, eta, herenegun, bihotzekoak jota hil zen. 58 urte zituen.

Daniel Johnston (Kalifornia, AEB, 1961) 1981ean estreinatu zen Songs of Pain lanarekin, eta gerora iritsi ziren, besteak beste, Don't Be Scareed, More Songs of Pain, Hi, How Arre You, Respect eta Merry Christmas, guztiak kasete formatuan argitaratuak. Horiekin guztiekin kultuko musikari bilakatu zen, eta gerora rock alternatiboaren ikur izan ziren musikari askok erakutsi zuten Johnstonekiko miresmena. Horien artean ezagunena, agian, Kurt Cobain (Nirvana) izan zen, baina Sonic Youth, Teenage Fanclub, Wilco, Built to Spill eta beste hainbat taldeko kideek ere behin baino gehiagotan adierazi zuten harekiko mira.

Horien guztien lanari esker, 1990eko hamarkadan jauzia egin eta Atlantic multinazionalarekin grabatu zuen Fun (1994) diskoa. Lan horretan soinua leundu zuen, baina horrek ez zuen bere kantuen berezko naif ukitua baretu. Nolanahi ere, jauzi horrek ez zuen diskoetxeak espero zuen emaitza izan, eta Johnston bere eremu naturaletara itzuli zen ondoren.

2006an Jeff Feuerzeig zinemagileak musikariaren bizitza eta lan metodoak jaso zituen The Devil and Daniel Johnston film dokumental laudatu eta sarituan. «Hasieran ez nekien oso ondo zer pentsatu filmari buruz!», aitortuko zuen urte batzuk geroago: «Pentsatu nuen: 'Deabrua eta Daniel Johnston, ze albiste txarra!'. Gerta ahal zitzaidan okerrena iruditu zitzaidan. Gerora sarritan ikusi dut, eta gustatzen zait»

Euskal Herrian ere eragina izan zuen Johnstonen lanak, nahiz eta hain agerikoa ez izan. Mursegok haren Devil Town-en euskarazko bertsioa egin zuen (Deabruaren hiria), eta Giorgio Bassmattik True Love Will Find You in The End-en moldaketa interpretatu zuen Kafea eta galletak zikloan Gernikan (Bizkaia). Kontzertu hura CDan ere argitaratu zuten: Kafea eta galletak.

Musikaz gain, komikia eta ilustrazioa izan zituen zaletasun nagusiak Johnstonek, eta bere disko askoren azalak ere berak marraztu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.