Giro ederra, parkean

Udaparkean egitasmoak musika, dantza, zirkua, zinema eta antzerkia eramango ditu Hernaniko Ave Maria parkera. Doakoa izango da

Udaparkean egitasmoaren aurkezpena, Ave Maria parkean. HERNANIKO UDALA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bihartik etzidamurako arratsaldeetan hernaniarrek aire librean aisia eskaintza zabal bat izango dute. Hernaniko (Gipuzkoa) Ave Maria parkean Udaparkean egitasmoa aurrera eramango dute hiru egunez, eta hara agertzen direnek musikaz, dantzaz, zirkuaz, zinemaz eta antzerkiaz gozatu ahalko dute. Ekitaldi guztiak aire librean izango dira, eta doan.

Kukai dantza taldeak Topa ikuskizuna parkera egokituko du, etzi, 20:00etan. Normalean, hirietako kale eta plazetan egiten duten dantza ikuskizuna naturaz inguraturik egingo dute. Imanol Jazz taldea ere hantxe izango da: Imanol abeslaria gogoratzeko aukera paregabea. Etzidamu, 22:00etan, egingo dute kontzertua.

Ttipi Ttapa Hernanin esfortzu handirik gabe paseoan ibiliz osasuna hobetzea eta aktibo sentitzea helburu duen jarduera bat da, eta, bihar, Ave Maria parkean bukatuko dute ibilaldia, Euskarabenturako 100 bat gazterekin. Broken Brothers Brass Band talde iruindarra bidelagun izango dute. Euren emanaldiek funk, gospel edota jazz modernoz beteak dira. Ondoren, Ganso: Babo Royal ikuskizuna ikusi ahalko da: ikusi baino ez, hitzik gabea baita. Koban talde donostiarrak ere kontzertua emango du. Trikitia eta swinga uztartzeko helburuz osatutako taldeak, musika elektronikoa ere presente du bere sorkuntza lanetan.

Etzi, Xip Xap talde katalanak parkean ibilbide bat egingo du, txotxongiloz egindako animaliak bidelagun. Gainera, Kukai dantza taldeak Ave Maria parkera egokituko du Topa ikuskizuna, eta naturaren erdian egingo dute dantza. Jarraian, Paddington 2 filma ikusgai izango da. Familia guztiak ikusteko moduko filma da, eta arrakastatsua izan du munduan.

Etzidamu, 20:00etan, Herrialde Katalanetako Emportats taldeak La Trocola Circ zirku emanaldia aurkeztuko du: akrobazia, eskujokoak, musika eta objektuak koordinatuko dituzte, poetika, umorea eta zuzeneko musikarekin batera. Udaparkean egitasmoa amaitzeko, 22:00etan, Imanol Jazz taldeak kontzertua emango du, Loraldian estreinatu ondoren.

Udaparkean

Bihartik etzidamu arte, Hernaniko Ave Maria parkean (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.