Ezohiko eran, baina martxan

Zinekluben abaroan elkartzen dira zinemazale ugari. Itxialdian jarduna guztiz eten nahi ez, eta 'online' aritu dira Bilboko FAS eta Donostiako Kresala. Formatua egokituta itzultzekotan dira.

Ainhoa Sarasola.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zinema komertzialetan bakarrik ez, hiri eta herrietako zineklubetan ere elkartu ohi dira zinemazale ugari. Aretoetan topatzen zailagoak diren filmak ikusteko aukera ematen dute, eta aurkezpen, solasaldi eta gonbidatuek lagundu ohi dituzte saioak. Hala egiten dute astero Bilboko FASek eta Donostiako Kresalak. Haiek ere eten behar izan zuten jarduna, baina egoera berrira egokitu, eta zinemarekiko zaletasuna sustatzen jarraitzeko asmo betea dute.

1953an ekin zion bideari FAS zineklubak. Asteartero, hutsik egin gabe, film bat jatorrizko bertsioan ikusteko beta ematen die Bilboko Indautxu plazako Karmen aretoan biltzen diren zaleei. Itxialdian ez zuten asteroko ohitura galtzerik nahi izan, eta topatu zuten hari eusteko modua, Txaro Landa FASeko presidenteak azaldu duenez: «Apirilean online saioak egiten hasi ginen, harremana ez galtzeko batez ere, astearteroko zinemarekiko maitasuna ez galtzeko. Jendeak gogo onez hartu zituela ikusita, jarraitzea erabaki genuen». Zortzi saio egin dituzte modu horretan, eta beste hiru falta zaizkie.

Denboraldia amaitzeko, baina, betiko aretoan azken saio bat egitea erabaki dute, uztailaren 7an. «Bazkideei galdetu genien eginez gero etorriko ote ziren, eta baietz dirudi; beraz, aurrera egingo dugu». Pil Pil laburra (Kristina Zorita, 2019) emango dute lehenik, Die Abenteuer des Prinzen Achmed film mutua gero (Lotte Reiniger, 1926), Josetxo Fernandez de Ortegaren zuzeneko musikarekin, eta solasaldia ere izango da amaieran. Segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte aretoan, eta Landak uste du «bazkideen sentsazioa ikusteko» saio baliagarria izango dela, irailean ohiko jarduna berriz heltzen denerako. Udaberrian eman ezin izan dituzten hainbat lan berreskuratzen ahaleginduko dira orduan. «Guztiak ezingo ditugu eman, baina saiatuko gara hainbat film berreskuratzen».

Zinema, terraza batean

Ibilbide luzea du Donostiako Kresala zineklubak ere, 1972an hasi baitzen zinemazaleei proiekzioak eskaintzen. Hala egiten segitzen du, eta astelehenero ikusle ugari biltzen dituzte Trueba zinemetan. «Donostian estreinatu ez diren lanak ematen ditugu, jatorrizko bertsioan. Aurkezpen bat izaten da filmaren aurretik, eta ondoren solasaldi bat, beti ekartzen baitugu gonbidatu bat», Ana Piñel zineklubeko kideak azaldu duenez.

Haiek ere eten behar izan zituzten ohiko saioak, baina filmak online ikusteko aukera bideratu, eta Instagramen zuzeneko solasaldiak egin zituzten, gonbidatuekin. Hiru saio izan ziren martxoan, eta beste sei apirilean, In memoriam zikloan. «Azken urtean hildako zinemagileei omenaldia egin genien, haien filmen bidez», azaldu du Ander Gisasola kideak. «Izan duen harrerarekin oso pozik gaude», gehitu du Piñelek. «Erronketako bat publiko gaztearengana iristea da guretzat, eta bide berri bat esploratzeko aukera izan dugu». Maiatzean, berriz, online egin diren jaialdietako filmen kritikak plazaratu zituzten.

Atsedenaldi baten ondotik, laster itzuliko da Kresalaren aurrez aurreko programazioa, hiru saioko ziklo bat prestatu baitute uztailerako. Trueba aretoetan ez, Tabakaleraren zabaltzan elkartuko dira orduan zaleak, Kutxa Kultur Gauetan. Pandemiak zinemaren sektorean izan duen eraginaz gogoeta egin nahi dute, eta, horretarako, filmen aurretik mahai inguruak antolatu dituzte. Jendea zinemara itzultzeko gogotsu baina aldi berean uzkur samar egon daitekeelakoan, saioak aire zabalean izateak lagunduko duela uste dute biek ala biek. Irailean, ahal dela, ohiko jardunari ekin nahi diote.

Egoera berrian ere, betiko ilusio berarekin segituko dute zineklubek zinemazaletasuna zabaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.