begona del teso
EPPUR SI MUOVE

50 urteren ondoren, gurinaren tangoa

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko hedabide baten deia, Azken Tangoa Parisen estreinatu zenetik 50 urte bete direnez, egingo al dugu ospakizun-gogoetarik?

Baiezkoa erantzuna. Bada hainbeste gogoratzeko. Horrenbeste zeluloide, horrenbeste jazz, horrenbeste Paris, horrenbeste malenkonia, horrenbeste jende ezin konparatuzkoa bertan.

Entzun genituen hantxe horrenbeste beltxarga beltzen kantu... nolatan eman ezezko erantzunik? Azken tangoa Parisen berriro dantzatzeari nork egingo lioke uko, errefus, muzin?

Baietz ba, mintzatuko gara kamera baten aurrean Bernardo Bertolucciren 1972ko lanaz. Akordatuko gara Hego Euskal Herria artean Francoren mende zela. Akordatuko gara besteek Parisen tango tristatua dantzatzen zuten bitartean, guk Radio Paris entzuten genuela gauez. Beste irratiek ez zioten hori aditzeko irrikaz, egarriz.

Akordatuko gara Donostiako Zinemaldiak 20 urte bete zituela 1972an, epaimahaiaren buru Howard Hawks zela. Akordatuko gara eskandalubide ikaragarria suertatu zela Gonzalo Suarezen Morbo, komunistatzat joak ziren Victor Manuelek eta Ana Belenek antzeztua.

Horrenbeste iragan hurbileko kontuz gozatzeko zein tristatzeko beta emango liguke, bai, Azken Tangoa Parisen filmaren urteurrena ospatzeko gonbitak.

1972an Herzogek Aguirre, der Zorn Göttes filmatu zuen. Eta The Godfather Coppolak; Cabaret Bob Fossek; Viskningar och rop Bergmanek. Donostian Kresala zinekluba sortu zuten zinejale batzuek. Eta Gipuzkoako Lasarte-Orian jaiotako Antonio Mercerok La cabina zuzendu. 1972koak dira Buñuelen El discreto encanto de la burguesía nahiz Pasoliniren I racconti de Canterbury. 1972an, Maite Barnetxek bazeraman urte oso bat Eskual Herria orai eta gero izenburuko dokumentalak egiten, Frantziako France 3 telebistarako. Euskaraz filmatuz.

1972, mirariz beteriko urtea. Nolatan egin errefus gonbitari?

Solasaldian hizpide izango genituen gaiak aldez aurretik bidaliko zituztela agindu zuten. Filmin plataforman ikusgai denez, nostalgiaz, ilusioz, plazer (eta beldur) handiz alokatu nuen, berriro, Ultimo tango a Parigi.

1972. urte hura eta geroko gertaera guztien jakitun. Filma mito bihurtu zuten salaketa guztiak gogoan; estreinatu ondoren, Italian epaileen aurrera eraman zuten pelikula, «esasperato pansessualismo fine a se stesso» (pansexualismo larri eta ziorik gabeko) kasu bat zela argudiatuz. Epaitegiak filma konfiskatzeko agindua eman zuen. Baita kopia guztiak suntsitzekoa ere. Geroxeago, Bertolucci bere eskubide zibil guztiez desjabetu zuten. Bost urte luzez.

Bai, horren guztiaren jakitun nintzen pelikula berriro ikusi nuenean. Banekien gizarte-fenomeno bilakatu zela. Gure obsesio, mamu ,desira ororen isla. Banekien bere garaian gutariko gutxik ikusi genuela ikusi behar zen edo merezi zuen bezala. Ez genion, ez, erreparatu hasierako sekuentziaren kamera mugimendu ezin hobeari. Ez genuen horretarako paradarik kasik klandestinoak ziren Miarritzerako bidaia horietan. Bai, Iparraldean ikusten genuen Hegoaldekook Azken Tangoa Parisen. Espainian debeku osoa zegoen. Gobernuak ezarria, Elizak ezarria. Eta bai, jakina, txango horiek klandestinoak ziren. Championen jogurta erostera gindoazela esaten genien mugan ziren guardia zibilei. Eta Iparraldekoak, barrez gure kontura.

Ez. Ezer gutxi ulertu genuen garai hartan. Eta are gutxiago erreparatu. Porno hutsa zelakoan, eta gure fantasia, mamu eta parafilia orok bilduta, hara joaten ginen. Min beroz.

Ez. Ez genekien kreditu-tituluetan agertzen diren margolanak Francis Baconenak zirenik. Frantsesez mintzaturiko elkarrizketak moldatu zituen Agnes Varda hori nor ote zen, galdetu ere ez genuen egin. Nik uste Gato Barbieriren musika ere ez genuela entzun ere egin. Eta filmari zerion tristuraz ez ginela jabetu. Bai, ez genuen behar bezala miretsi Bertolucciren lan desorekatu baina pareko gutxi zuen hura.

Baina horiek joan den mendeko kontuak dira, herrialde ilun batekoak. Askoz ere barkaezinagoa iruditzen zait, 50 urte pasatu eta gero, ospakizunerako bidalitako hizpideak honako hauek izatea: gurinaren eszena, eta ez arrakasta, ez eskandalua, ez droga, ez bere sexualitatea, ez bizitza bera kudeatzen asmatu ez zuen Maria Schneiderren salaketa ezaguna (bortxatua sentitu omen zuen bere burua filmaketan...). Mariak, bai pena, beranduegi ikasi zuen gizaki zintzoek ez ohi dutela arte lanik sortu. Demonioek hartutako Brandoren eta Bertolucciren antzekoek, ordea, bai.

Hala eta guztiz ere, gurina akaso memoriaren labaingarri (nork daki?), nik tango desesperatua dantzatu berri dut. Beren eta nire mamu guztien berri dudala sinestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.