Gogoa etorkizuneko zineman

Zinemaz eta teknologiaz gogoeta egiteko topaleku ireki bat abiatuko dute urrian Tabakaleran

Rodriguez, Mugiro, Banc Sabadell Fundazioko Sonia Mulero eta Ormazabal, atzoko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Agerikoa da Tabakalera kultura garaikidearen zentroak zinemarekin duen harreman estua, gero eta gehiago estutzen ari dena, gainera. Donostiako eraikinean daude Zinemaldiko eta Zineuskadiko bulegoak, Elias Kerejeta Zinema Eskola eta Euskadiko Filmategia. Urte osoan, zentroak zinema programazio zabala eskaintzen du bertako zinema aretoan, eta Nosferatu programak ere hiru urte daramatza han.

Ikasturte hasieran, ordea, uste dute eraikineko erakunde guztiek garaia dutela zinemarekin duten harremana berriz planteatzeko, eta urritik aurrera espazio berri bat sortuko dute zinemaz hausnartzeko. Gogoeta irekia izango da, baina bada hasieratik txertatu duten aldagai bat: teknologia. «Zinema arte guztien batzea dela diote; teknologia guztien batzea ere izan daiteke», esan zuen atzoko aurkezpenean Carlos Mugiro zinema eskolako zuzendariak.

Harentzat, zinema beti izan da arte «mutantea», baina azken bost-hamar urtean sekulako aldaketa izan du. Zinema sortzeko, ekoizteko, kontsumitzeko eta zinemara bertara heltzeko joerak erabat aldatu dira. Duela hamar urte punta-puntako teknologia zena material zaharkitua da dagoeneko. Foro berri horren helburua da modu kritikoan gogoeta egitea mugimenduzko irudiari eta soinuari aplikatutako teknologien erabilerari buruz.

Hirikilabs laborategia baliatuko dute proiekturako. Tabakalerako hirugarren solairuan dago espazio hori, eta kultura digitalari eta teknologiari tartea eskaintzen diote bestela ere: teknologia zergatik, nola eta zertarako erabiltzen den hausnartzeko eta horren inguruan esperimentatzeko gunea da. Talde irekiekin funtzionatzen du, egitasmoan interesa duen edozein joan daiteke bertara. Gogoeta proiektu berriak ere formatu hori izango du, antolatzaileek guztiz irekia izan dadin nahi baitute.

Ikerketa taldea hainbat eragileren elkarlanetik abiatu dute: Tabakalerako zinema arloa, Hirikilabs laborategia, Elias Kerejeta Zinema Eskola eta Banc Sabadell Fundazioa dira bultzatzaileak. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak azpimarratu zuen zinemak harreman estua duela teknologiarekin, baita Tabakalerak zinemarekin zein teknologiarekin ere. «Zinema teknologia ere bada, ez soilik lengoaia», borobildu zuen Ane Rodriguez Tabakalerako kultur arloko zuzendariak. Horregatik, teknologiatik ere gogoeta kritikoki egiteko espazio bat eskainiko dute; pentsatzeko, ikertzeko eta esperimentatzeko.

Zinemari eta teknologiari buruzko laborategiak urriaren 6an ekingo dio jardunari, eta aurrerantzean larunbat goizero elkartuko dira. Gaiarekiko interesa duen edozein joan daiteke bertara, baina Tabakalerako webgunean badago informazio gehiago.

Erabat irekia da, baina lotura berezia dauka zinema eskolarekin, eta urritik aurrera bertan ariko diren ikasleak dira proiektuaren xede nagusia. Gainera, eskolako Unai Ruiz ikasleak koordinatuko du taldea. Proiektua abian jartzeko, tailer batzuk aurreikusi dituzte, zinema analogikoa eta digitala gehiago ezagutzeko. Tradizionalki analogikoak diren prozesuak digitalera eramango dituzte, eta alderantzizko bidea ere egingo dute. Mugirok eskola ere ireki nahi du, ikasgelako gogoetak «etxera» zabaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.