begona del teso
IRITZIA

Titanioa: metal nobleagorik ez

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Harri eginik izan, suertatu, geratu zen jende andana aurtengo Cannesko Zinemaldiaren garaile, garaile nagusia, nor, zein, zer pelikula zen jakiterakoan. Zur eta lur gelditu ziren horiek, aspaldi zaharrean zebiltzan ezer ulertu barik, ezer konprenitu nahi gabe. Cannesen bezala Ipar Euskal Herrian, Spike Leek izenburua aipatu orduko, urreak estaliko zuen pelikula estreinatua baitzen Lapurdin.

Julia Ducornauren Titane-z ari gara mintzatzen; amatasunaz, aitatasunaz, familiaz, sexuaz, metalaz, heriotzaz, serieko eraileez, suhiltzaileez, haurdunaldiaz, autoez, odolaz, amaren bularraz, izaki ziborg-bionikoez... ustez, genekien guztia aldrebestu digun filmaz ari gara berbetan edo izkribuz. Dagoeneko, oso pelikula gutxi filmatzen dira zeluloidean, egia tristea, baina antigoaleko materia horren testura berriaz ere ari gara idazten, Juliaren ausardia, atrebimentu erradikalak bultzaturik.

Bai, zinemaldi guztietako garaikur preziatuena urrezkoa da. Berlingo Hartza, Veneziako Lehoia, Locarnoko Lehoinabarra, Rotterdameko Tigrea, Donostiako Maskorra, Valladolideko Galburua... Baina aurten zinemarekiko nobleagoa den metala aurkitu dugu Kosta Urdinean: titanioa. 1791. urtean Kornuallesen (Ingalaterra) aurkituriko elementu hau, besteekin konparatuz gero, guztiak baino iraunkorragoa eta gogorragoa dela kontu nabari eta jakina da. Horrexegatik jarri zion izen hori William Gregor zientzialariak, Greziako mitologiaren arabera, beste jainkoen aurrean makurtzen ez ziren hamabi titan (eme eta ar) horiek bezain menderaezina zelako, delako.

Cannes aurtengoan titanioak urrea gainditu du jendearen estimuan. Terrorearen, izuaren, dardararen bitartez, garenaz, izan gaitezkeenaz eta sekula izango ez garenaz hausnarketa librea eta musika basaz bustitako gogoeta gordina egin ditu Ducornau sortzaileak. Eta bidean garaitu ditu kide, pare, inspirazio, lagun, maisu, maistra dituen beste guztiak, zinema bera berrasmatu izan duen Apichatpong Weerasethakul barne.

Egiari zor, ezinezkoa, ezinezkoa bezain zuzengabea eta hutsala da Titane eta Memoria parez pare jartzeko nahia, asmo erotua, Zinemari berari min emango liokeen atrebentzia alferrikakoa, arras, oso, zeharo ezberdinak baitira Juliaren eta Apichatpongen manerak, moduak. Nahiz eta biak datorren aroko zinemaren soslaia gauzatzen ari diren. Pelikulaz pelikula.

Memoria-n denak hartzen gaitu ustekabean, denak hausten ditu, zinemaren aurrean gaudela, izan ohi ditugun segurtasun neurriak. Soinu bandatik hasita. Soinu banda idatzi dut eta ez musika-banda. Weerasethakulekin batera lan egin duten Akritchalerm Kalayanamitr, Sebastian Perez Aguayo, Juan Camilo Martinez, Lucia Arcila soinu- zarata-sortzaile, eragile, nahasle horiek gauzatu duten balentriak ez baitu bera bezalakorik izan aurtengo Cannesen.

Titane Titane da, Memoria Memoria da. Biak daude mundu honetatik at, baina, aldi berean, biak dabiltza mundu honetako erraietan barne, oso barne; erraiak eta segurantza guztiak zauritu arte.

Hamaika film gehiago izan ziren Cannesen. Hamaika horietatik askotan, jaio orduko gure barrenetan daramagun heriotzari buruzko pentsaketa gazi eta zuhurrak. Gaspar Noeren amodiozko eta tristeziazko agurra den Vortex horretan, beldurrezko eta fantasiazko zinemaren maitaleontzat nagusia, jainkoa eta deabrua den Dario Argento zinemagilea hiltzen ikusten dugu bitan banaturiko baina, aldi berean, bi zatitan lotutako pantaila batean.

Hanekeren Amour-rekin akordatu ziren asko eta asko film honen aurrean. Jakin, onartu gabe datorren garaietako zinemarantz kasik biluzik joan behar dugula. Cannes aurtengoak irakatsi diguna zera izan da: akabo konparazioak, akabo erreferentziak. Orain arte existitu ez den zinema bat ari da, ari dira sortzen. Guk, berriz, guk ikusleok, arte jaio berri baten aurrean bageunde moduan jo behar dugu; heltzekorik ez dugu izango bertan.

Sarerik ez dugu aurkituko, gordelekurik ez dugu bilatuko bidean. Armarik gabe sartuko gara oihanean eta zeluloidezko Amazonian galdu. «May We Start?»(Hasiko al gara, ba?) abesten dute Leos Caraxen Annette amesgaizto erromantikoan. Bai, prest eta presto gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.