Hizkuntza gutxituen ofizialtasuna eta lehentasuna eskatuko du protokoloak

Hilaren 17an aurkeztuko dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Esparruz esparruko neurriak ezarriko ditu: besteak beste, hizkuntza gutxitua doan ikastea eta neurrien epeak zehaztea

Kontseiluko kideak eta Donostia 2016fundaziokoak, Hizkuntza EskubideakBermatzeko Protokoloa iragartzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Mugarri izan nahi du hizkuntza gutxituentzat, eta haien babesari toki berezia eman nahi dio. Hilaren 17an aurkeztuko dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Haren edukia eskuratu du BERRIAk. Herritarren arteko berdintasuna jarri dute helmugatzat, eta, horregatik, babesa eskatuko dute hizkuntza gutxituentzat: hizkuntza ofizialak eta lehentasunezkoak izatea nahi dute.

Segida gisan dator protokoloa. Orain hogei urte, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuten Bartzelonan, eta haren garapena izateko asmoa dauka Donostiako protokoloak: hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak zehaztu dituzte. 185 irizpide ezarri dituzte, eta neurri horiek betetzen ote diren jakiteko adierazleak ere jarriko dituzte. Hortaz, lanabes bat edukiko dute hizkuntza komunitateek, eskubideak zertan dauzkaten jakiteko.

Europako hizkuntza gutxituetako eragileak izan dira, hain justu, protokoloaren bultzagileak. 400 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte. Haien ekarpena goratu dute hitzaurrean: «Gizarte zibilaren lanari esker lortu izan dira emaitzarik eragingarrienak». Horregatik, protokoloaren gisako erabakiak hartzea egoki dela adierazi dute: «Zilegitasun osoa ematen diogu gizarte zibilari etorkizunerako urratsak zein izan beharko liratekeen definitzeko».

Donostiako 2016ko kultura hiriburutzaren alboan taxutu dute protokoloa, eta hiriburutzaren balioen gisakoak baditu testuak. Lau balio dituzte. Bat: elkarbizitza eta bakea. «Hizkuntza komunitateen duintasunaren errespetuak ekarriko du bakea». Bi: aniztasuna. «Hizkuntza aniztasuna babesten dugu gizateria osoaren aberastasun kulturalaren parte delako». Hiru: berdintasuna. «Munduko hizkuntza guztiei balio bera aitortzen diegu. Gaur egun, euren egoeran desberdintasun handiak daude». Lau: eskubideak. «Pertsona eta talde ororen eskubideak babesten ditugu».

Oinarria eta neurriak

Horiek oinarri, hona zimendua: «Europan hizkuntza komunitateek bizi dituzten baldintzetan desorekak eta desabantailak daudenez, egoera gutxiagotuan dauden hizkuntzei lehentasunezko trataera ematea berdintasunerako urrats bezala ulertzen dugu».

Neurriak datoz horren altzoan, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak bermatzeko neurriak. Finean, hizkuntza gutxitua jakiteko eta erabiltzeko aukera eskatuko dute hainbat alorretan.

Administrazioari dagokionez, adibidez, bermeak eta epeak galdegingo dituzte: hizkuntza gutxituan zerbitzu ematea, langileek hizkuntza gaitasun egokia dutela bermatzea, eta egindako plangintza betetzeko «egutegia» zehaztea. Berme berak eskatu dituzte administrazioak enpresen bidez ematen dituen zerbitzuetan ere. Esparru publikoan, lehentasunezko hiru eremu aipatu dituzte, maiz euskararentzat beltzune izaten direnak: osasun esparrua, justiziarena eta Poliziarena. Osasunean, egoiliarrei «hizkuntza gaitasun egokia» eskatzea jaso dute, eta justizian, «interpreterik gabe» aritu ahal izatea. Hizkuntza gutxituetako agiriek «balio juridiko osoa» izatea ere jaso dute; «soilik hizkuntza gutxituan» egonda ere, balio izatea.

Hezkuntza ezinbesteko pieza da hizkuntza gutxituak biziberritzeko, eta hori galdegin dute: hizkuntza gutxituan ikasteko modua. Haur Hezkuntzarako egin dute proposamenik irmoena: «Zuzenean edo zeharka finantzazio publikoa jasotzen duten ikastetxe guztietan haurrei hizkuntza gutxituan irakasten zaie».

Derrigorrezko hezkuntzan, «murgiltze eta mantentze sistema orokor bat» egotea jarri dute neurritzat, eta eskolaz kanpoko eskaintza ere egotea. Lanbide Heziketan eta unibertsitatean ere bai: euskarazko eskaintza ziurtatzea. Unibertsitatean bada pisuzko beste puntu bat: «Ebaluazio agentzia eta instituzioek ez dituzte hizkuntza gutxituan egindako ekarpen zientifikoak gutxiago baloratzen».

Ikasle eleaniztunak lortzea jarri dute bermetzat. Hara: «Ikasketak amaitzerako, ikasleak gai dira hizkuntza gutxituan, hizkuntza nagusian eta atzerriko hizkuntza bat edo bitan aritzeko: hizkuntza gutxituko hiztun eleaniztunak dira».

Hezkuntzaren arloan badira proposamen esanguratsu gehiago, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari lotuak. Nagusia: doakotasuna. «Ikasi nahi duten herritarrek dohainik ikasteko aukera dute». Langabeentzako ikastaroetan eta helduen prestakuntzan ere hizkuntza gutxitua irakastea. Eskaintza «lurralde osoan» bermatzea ere jaso dute, «ahal denean herri ekimenekin elkarlanean».

Gutxitua bultzatzeko

Administrazioko jarduna eta hezkuntzakoa ziurtatuta, kalera: gizarte bizitzan hizkuntza gutxituei toki egiteko neurriak ere badira. Eremu sozioekonomikoan, adibidez, saltokietako kartelak eta informazioa hizkuntza gutxituan daudela bermatu behar da, protokoloaren arabera, eta berdin bezeroentzako agirietan. Osasun eta segurtasun mezuetan ere bai. Lan arloan, bi alde: babesa —«legez babestuta dago langileek lantokian hizkuntza gutxituan hitz egiteko duten eskubidea»— eta sustapena —«enpresek hizkuntza gutxituaren erabilera bultzatzen dute»—. Sindikatuen rola ere aipatu dute: «Hizkuntza gutxituari buruzko klausulak sartzen dituzte negoziazio kolektiboan».

Hedabideak dira gizarte bizitzako beste zutabea. Elkarlanaren garrantziaz ari da protokoloa arlo horretan. «Komunikazio sistema hedabide publikoetako eta herri ekimeneko hedabideetako ordezkariek kudeatzen dute modu osagarrian, eta elkarrekin lan egiten dute, baldintza berberetan eta elkarren lana errepikatzea saihestuz». Hortik aurrera, bi bide. Batetik, hizkuntza gutxituetako hedabideak: «Programazio osoa hizkuntza gutxituan duten hedabideek laguntza bereziak jasotzen dituzte». Sustapen kanpainak eta horrelakoak ere aipatu dituzte. Bestetik, hizkuntza nagusian jarduten duten komunikabideak: «Administrazioarekin kontraturen bat duten edo harengandik zerbitzu, laguntza edo prestaziorik jasotzen duten jabetza pribatuko hedabideek hizkuntza gutxitua bultzatzeko kuota eta neurri batzuk bete behar dituzte».

Gisa bereko neurriak daude kulturaren esparruan ere: hizkuntza gutxituko sortzaileak laguntzea eta hedabideetan kuotak ezartzea. Zinemari dagokionez, bi neurri: filmak itzultzea —bikoiztuta edo azpidatziak erabiliz— eta zinema aretoei hizkuntza gutxituan emateko kuotak ezartzea.

Onomastikari buruzko atal bat ere sartu dute protokoloan; besteak beste, jaso dute akademia bat izatea, hizkuntza gutxituko leku izenek estatus legala izatea, eta izen-abizenak hizkuntza gutxituko grafian jartzeko modua izatea.

Kaieraren garrantzia

Europako hizkuntza gutxitu guztiei begirako neurriak zehaztu dituzte protokoloan, hortaz. Litekeena da euskararen kasuan neurri horietako batzuk gaindituak egotea —edo Euskal Herriko eremu batzuetan hala egotea—. Beste hizkuntza batzuen kasuan, ordea, oso urrun daude neurri horiek. Protokoloa nork bere egoerara egokitu beharko dute, beraz.

Kaiera izango da tresna. Komunitate bakoitzeko eragileek aztertu beharko dute protokoloa zein neurritan betetzen den beren eremuan, eta falta diren neurriak betetzeko zer hurrenkera eta epe jarri. Pausoak ere zehaztu ahalko dituzte: «tarteko neurri batzuk» planteatzeko aukera izango dute. Kaiera taxutzea izango da hurrengo urratsa euskararen kasuan ere.

Gizarte eragileek kaiera erabili ahalko dute erakundeei «interpelazioa» egiteko. Instituzioak inplikatzea ere nahi dute, «protokoloak zehaztutako jarraibideei positiboki erantzuteko, bai eta protokoloa bera aintzat hartu beharreko tresna gisa hartzeko ere». Eragileak eta erakundeak «batera» aritzea proposatu dute.

Ehun eragile baino gehiago izango dira protokoloaren lehen sinatzaileen multzoan. Euskal Herrikoak dira ia erdiak, eta hogeitik gora hizkuntza gutxitutako eragileak ere badaude tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.