Euskal presoak. Manifestazioa Bilbon

Denen inplikazioa eskatu dute

Kalera dinamikak deituta, manifestazioa egin dute Bilboko Aste Nagusian. Presoen etxeratzea gauzatzeko bide orri bat adosteko eskatu dute. Milaka herritar batu dira mobilizaziora

Kalera dinamikak deituta atzo Bilbon egindako manifestazioa euskal presoen alde. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Aste Nagusian murgilduta egonik ere, aldarrikapenerako tokia badago Bilbon. Aurreko urteetan bezala, manifestazioa egin zuten atzo euskal presoen eskubideen alde. Hori horrela, preso, iheslari eta deportatuak festen parte bihurtu zituzten, haien hutsunea jai giroan bete nahian.

Hainbat preso ohi biltzen dituen Kalera Kalera dinamikak deituta, Bakea eta askatasuna irabaztera lelopean, milaka pertsona batu ziren mobilizaziora. Kalera Kalera-k egindako ekinaldien helburu nagusia presoen etxeratzea gauzatzeko bide orri bat adostea da, eta horretan indar egin zuten atzo ere. Dinamikaren arabera, herriaren interesei begira jarri behar dira eragile politiko, sozial eta instituzionalak, «alderdikeriak alboratuz». «Herri honek bakea nahi eta merezi duelako». Bake hori lortzea, baina, guztien ardura dela ohartarazi dute: «Horretarako, beharrezkoa da guztion agenda politikoan presoen gaia sartzea».

Ikurrinak eta euskal presoak hurbiltzearen aldeko ikurrak eskuetan zituztela Plaza Eliptikoan hasi zen manifestazioa eguerdiko 12:30ean. Kalera Kalera dinamikako kide Gotzon Amaro preso ohiak Kepa del Hoyo Badajozeko(Espainia) espetxean hildako galdakoztarra izan zuen gogoan manifestazioaren hasieran: «Keparen semeak helarazi zigun mezuari eutsiz, estatuaren espetxe politikaren eta dispertsioaren eraginez kartzelan hiltzen den azken presoa izatea nahi dugu». Horretarako, Amarok azpimarratu zuen ezinbestekoa dela gizartea gai izatea Espainiako espetxe politikaren blokeoa apurtzeko.

Alde horretatik, EPPK-k egin berri duen hausnarketa eta ateratako ondorioak oso garrantzitsuak direla adierazi zuen. Hala ere, nabarmendu zuen orain gizarteari dagokiola pausoak ematea: «Urrats horri beste urrats batzuek jarraitu behar diote, eta, norabide horretan, deialdi irmo bat egin nahi dugu: antolatutakoeuskal gizarteari eta eragile politiko zein sozialei dei egiten diegu guztion artean mahai baten inguruan jesarri eta bide orri bat adosteko». Beraiek, Kalera Kalera dinamikan, presoen aferari behingoz irtenbide bat emateko lanean dihardutela azaldu zuen.

Eta normalizaziorako deia egin zuen. Izan ere, Amaroren hitzetan, presoak dauden bitartean ezingo da normalizazio politikorik egon. «Guztion artean lortu behar dugu euskal preso eta iheslari guztiak etxera ekartzea».

Plaza Eliptikotik abiatu zen martxak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza paretik igarota jarraitu zuen aurrera, jendeak jai giroari muzin egin gabe. Hain zuzen ere, Bilboko Aste Nagusiko egun handia zen atzokoa, eta festa aldarrikapenez betetzeko baliatu zuten askok. Eta jendetza batu zen. Manifestazioaren burua abiatu eta ordu laurdenera, abiapuntuan zain zeuden, oraindik, hainbat manifestari.

Ekitaldia udaletxe plazan

Bizkaiko hiriburuko kaleetan barrena, Buenos Aires kalean egin zuten azken geldialdi laburra martxaren buruan zirenek, atzean zetozenei itxaron eta azken metroak elkarrekin egiteko. Manifestazio amaiera oraindik iristeke zegoela, baina, udaletxe plazanamaierako ekitaldia hasi zen. Ekitaldi gehienak bezala, baita bertsoekin hasi ere. Ostean, Kalera dinamikaren lana goraipatu zuen Zuriñe Iarritu aurkezleak, eta Leire Urrutia Kalera Kalera dinamikako kideak hartu zuen hitza.

Jokaleku politiko berri batean egonik ere, egunerokoan eta baita Aste Nagusian ere ehunka herritar falta direla gogorarazi zuen Urrutiak. «Garai berria bada ere, estatuek bake eta askatasunerako bidea blokeatu besterik ez dute egin nahi». Euskal presoen aurkako «mendekuzko kartzela politika» nabariagoa dela adierazi zuen, Kepa del Hoyoren heriotza eta preso gaixoen egoera gogora ekarriz, besteak beste.

Euskal preso, iheslari eta deportatuei eta beraien familiei, maitasun, babes eta elkartasun osoa helarazi zien. Eta, ehunka preso eta iheslari etxera itzuli gabe dauden bitartean normalizazio politikorako eta bizikidetzarako aukerarik ez dagoela gogoratu zuen. «Euskal Herriak merezi duen konponbide oso eta bidezko baten agertokia eraikitzeko, espetxean edo ihesi daudenak kalean egotea beharrezkoa da; baita jaietan ere», gaineratu zuen. Azkenik, urte politiko berriaren aurrean, mezu bat bidali zien ezker abertzalea ez beste alderdiei: «Errepresaliatuen afera ez da ezker abertzalearen ardura bakarrik, herri honek bizi duen gatazkaren ondorio baitira euskal errepresaliatuak».

Ezinbestekotzat eta argitzat jo zuen atzoko manifestazioa Iarrituk. Euskal herritarrei, «elkarrekin kalera, askatasunera eta irabaztera» ateratzeko deia egin zien. Horrez gain, festak gozatzeko gonbita egin zien manifestazioan parte hartu zutenei, baina ez ahazteko «bertan egon nahi edo beharko luketenak, falta direnak». Eusko Gudariak abestuz bukatu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.