Erregaien sektorea. LPEEren bilera

LPEEk petrolio ekoizpenari eutsi dio, merkatua orekatzen ari dela iritzita

Mohammed Barkindo nigeriarra hautatu dute idazkari nagusi, eta Gabon berriz sartu da elkartean
Abdala al-Badri LPEEko idazkari nagusi libiarra (erdian), atzo Vienen izandako bileraren osteko prentsaurrekoan.
Abdala al-Badri LPEEko idazkari nagusi libiarra (erdian), atzo Vienen izandako bileraren osteko prentsaurrekoan. HANS PUNZ / EFE

J. Fernandez -

2016ko ekainak 3
Lubaki berean, baina bakoitza bere gotorlekuan sartuta. Halaxe daude Saudi Arabia eta Iran, 2014ko udatik hona petrolioaren merkatuan gertatzen ari dena gerra bat dela dioen korrontearen hizkerari jarraituz. Egoera horren emaitza da atzo LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen bilerak izandako emaitza: ezer ez aldatzea. Urre beltzaren prezioa garestitzeko ekoizpena txikitzea eskatzen dute hainbat herrialde kidek, baina Iran ez dago petrolio gutxiago punpatzeko prest, eta, hark egiten ez badu, Saudi Arabiak ere ez. Beraz, gaur egungo ekoizpen mailari eustea erabaki zuen atzo Vienan LPEEk, bi urtean lehen aldiz petrolioaren prezioa gora egiten hasi dela argudiatuta.

«Merkatua onbideratzen ari da», azaldu zuen Eulogio del Pino Venezuelako Petrolio ministroak bileraren ostean. Ofizialki egunean 30 milioi upelekoa da LPEEko hamahiru herrialdeen ekoizpen muga, eta ekoizpen maximo horretan dihardute 2011z geroztik. Muga ofiziala da hori, baina beste gauza bat da errealitatea. Joan den apirilean LPEEk publikatutako produkzio datuen arabera, elkarteko kideen petrolio ekoizpen erreala handiagoa da: 32,4 milioi upel eguneko. Maila berari eutsiko diote aurrerantzean.

Estrategiaren bi aldeak

Bi urtean petrolioa %75 merkatzeak gogor jo ditu LPEEko kideen kontu publikoak, ekoizpena handitzearen hasierako estrategia merkatu kuota irabaztea bazen ere. Horregatik, azken hileetan jaistea ez bada ere, ekoizpena izoztea eskatu dute kide batzuk. Baina ez dute adostasunik lortu: azken saio antzua apirilaren 17an egin zuten Dohan. Errusia ere prest zegoen LPEErekin batera ekoizpena izozteko, baina Teheranen eta Riaden desadostasunak ezinezko egin zuen ituna. Iran ekoizpena handitzen ari da AEBen eta EBren zigorren ostean berriz ere merkatura itzuli denetik. Egunean lau milioi upel ekoiztera iritsi nahi du, zigorren aurreko mailara bueltatuta. Gainera, ekoizpena jaitsi eta upela garestitzeak badu arrisku bat: AEBetako fracking sektorea indartzea.

2014ko udan hasi zen gerra. Brent petrolio upelaren prezioak 115 dolarretan goia jo zuenean AEBek inoiz baino gehiago ekoizten zuten fracking-ari esker, eta Saudi Arabiak gidatutako LPEEk gehiago ponpatzea erabaki zuen, upel merkearen lehian merkatua berreskuratzeko asmoz.

Harrezkero lortu dute lehiakide nagusiak, AEBek, ekoizpena jaistea —%8,4 urtebetean—, fracking-aren kostua garestia delako. Upel bakoitza lau dolarretan produzitzeko gai da Saudi Arabia, baina fracking-a ez da errentagarria upela 60 dolarretik behera badago, eta gaur egun 50 dolar inguruan dabil. LPEE k aurreikusi du elkartetik kanpoko ekoizpena egunean 740.000 upeletan txikituko dela aurten.

Estrategia funtzionatzen ari da, eta jarraitu egingo dute. Galga jarri dio lehiakideari, baina bere hankara tiro bat botatzea ere izan da. LPEEko kide asko estutasun ekonomikora eraman ditu: Saudi Arabiak ere murrizketak iragarri ditu, eta petrolioarekiko menpekotasuna txikitzeko Vision 2030 plana aurkeztu du.

Venezuelak ohartarazi du epe laburrean berriro eror daitekeela upelaren prezioa. Unean uneko gertaerek ere eragin dutelako azken hileetan munduan eguneko hiru milioi upel gutxiago ekoitzi izanak: Kanadako suteak, eta Libiako eta Nigeriako gatazkek eragindako hornidura eteteengatik.

Nigeriako Petrolio ministro Mohammed Barkindo izango da, hain justu, LPEEko idazkari nagusi berria abuztutik aurrera. Atzo aukeratu zuten, bederatzi urtez karguan egon den Abdala al-Barri ordezkatzeko. Aurrerantzean, gainera, hamalau kide izango ditu LPEEk, atzo Gabon kidetzat onartu baitzuten. 1994tik egon da LPEEtik kanpo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna