PSE-EE. Idazkari nagusiak aukeratzeko hauteskundeak. Mikel Torres. Bizkaiko PSEren hautagaia

«Koherentzia behar da esaten eta egiten dugunaren artean»

Udalgintzan egin nahi du indar, ziur dagoelako hautetsien lanak gerturatzen dituela alderdiak herritarrengana. Militanteen artean ilusioa berpiztu dela eta, gustura dago.

ALFREDO ALDAI / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Karguan ordezkatu nahi duen Jose Antonio Pastorren lantaldeko kide izan da Mikel Torres (Portugalete, 1970), bai eta Portugaleteko alkatea ere. Hala da oraindik.

Zein pertzepzio jaso duzu kanpainan egin dituzun bisitetatik?

Jendeak ilusio handia dauka, lehen aldiz militante guztiei eman zaielako aukera idazkari nagusia aukeratzeko. Oraintxe, ia Alderdi Sozialistak soilik duen gardentasun ariketa da, eta herrietako taldeetan poza nabari da prozesuagatik.

Faboritotzat jotzen zaituzte. Garaile ikusten duzu zeure burua?

Ez; hori afiliatuek erabakiko dute. Egia da abaletan gehiengoa jaso nuela, baina beste gauza bat da gero nori ematen zaion botoa. Dena dago irekita, eta militanteek erabakitzen dutena ezingo da zalantzan jarri. Nik espero dut konfiantza nigan jartzea, baina, bestela ere, ez da ezer gertatuko, eta alderdian berdin jarraituko dut lanean.

Zuzendaritzaren kutuna zarela ere esan dute. Jarraipenaren hautagaia da zurea?

Ez, inola ere ez. Jose Antonio Pastor izan da idazkari orokorra, eta hark Antolakuntzarako idazkari bat zuen: Iñaki Egaña. Bi hautagaiak geunden zuzendaritzan, baina ez dago ordezkari ofizialistarik. Aurkeztea erabaki dugun bi militante gara.

Zertan nabarituko litzateke zu izatea Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusia?

Bakoitzak bere lan egiteko eredua ezartzen du, eta niri gustatzen zait militanteekin zuzenean lan egitea. Udal izaera txertatu nahi dut alderdian, herritarrekiko harremana udalgintzaren bidez egiten delako, alkate eta zinegotzien bidez. Era berean, proiektu parte hartzaileagoa, gardenagoa eta irekiagoa nahi dut, herritarren benetako arazoei erantzungo diena.

Zeintzuk dira Iñaki Egañarekiko dituzun alde nagusiak?

Ez luke zentzurik bi pertsona proiektu berarekin aurkezteak, eta aldeak badaude, hiru nagusiki. Batetik, alderdiaikusteko modua; niri alderdi parte-hartzaileagoa gustatzen zait, pluralagoa, gardenagoa eta militanteei ahotsa emango diena. Bestetik, udalgintzari oso begira arituko den alderdia nahi dut. Eta, azkenik, politika publikoak defendatu, eta Bizkaiak dituen benetako arazoei begiratu nahi diet.

Egaña zure taldean sartuko zenuke?

Bakoitza non kokatu aztertu behar da, baina mundu guztiak du lekua alderdian.

Alderdia egiten ari den aldaketak nahikoa dira behar duen iraulketarako?

Aldaketa garrantzitsuak egiten ari dira. Sozialismoan aro bat amaitzen ari da, eta Euskadin ere proiektu eta pertsona berriak behar ditugu. Gauzak ondo egiten ari gara; lasaitasunez, oso modu parte hartzailean. Orain, bide onean lan egitea falta da, beste batzuetan egin ditugun okerrak ez egitea. Koherentziari eduki behar diogu esaten eta egiten dugunaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.