«Ausardia» galdegin dute sindikatuek Bilbon

Sindikatuek egindako elkarretaratzea, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, Konponbide garaia da, orain presoak lelopean, espetxe politika aldatzearen alde. LABeko Kristina Alvarezek eta Steilas-eko Ana Perezek «ausardia» eskatu diote Espainiako Gobernuari «beren legea betetzeko».

Sindikatuek presoen eskubideen defentsan hitzartutakoaren ondorioa da elkarretaratzea, eta iragarri dute aurrerantzean ere hileko hirugarren ostiralean elkartuko direla.

Alvarezek eta Perezek nabarmendu dute «beste hainbat esparrutan dituzten desberdintasunen gainetik» sindikatuak gauza izan direla «presoen giza eskubideen aldeko jardunbide bateratua adosteko». Sindikatuetako ordezkarien ustez, horrek erakusten du herritar gehienak bat datozela presoen urruntzea bukatzearekin.

«Legea betetzeko» eskatu diete Frantziako eta Espainiako Gobernuei. «Benetako bake eta bizikidetza lortzeko urratsak egin nahi baditugu, espetxe politikan ere eman behar dira pausoak», esan dute.

Alvarezek eta Perezek nabarmendu dute «alde batetik» ari direla pauso horiek ematen, baina horrek eskatuko lukeela beste aldean ere gauza bera egitea. «Espainiako Gobernuak, aldiz, mugitu ezinik segitzen du», azaldu dute.

Eskaera zehatzak egin dituzte sindikatuek. «Preso guztiak hurbiltzeko» eskatu dute, zigorra errotuta dauden lekutik urrun bete behar izan ez dezaten, eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua emateko, «gizatasun eta duintasun arrazoiengatik espetxetik ateratzeko aukera» izan dezaten.

Lehenengo gradutik bigarren gradura pasatzeko aukera ere aldarrikatu dute, preso bakoitzaren baldintzak eta egoera kontuan hartuta, «legeak agintzen duen moduan».

Neurri horiekin, «bake prozesu demokratiko bat erdiesteko bidean» aurrera egin ahal izango litzateke, elkarretaratzea egin duten sindikatuen iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.