Josefina Lamberto

Oroimen izpi bat Argaren zilar uretan

Maravillas Lambertoren ahizpa eta frankismoaren biktima izateaz gain, oroimenaren aldeko borrokalari sutsua ere bazen Josefina Lamberto. Asteartean hil zen.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz - Nagore Arin
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Heriotzak ezin izan zuen / hobiratu zure geroa / ezin ahanzturaz tindatu / zure arimaren margoa. Fermin Balentzia kantautoreak Maravillas Lambertoren omenez idatzitako koplek berdin-berdin balio dute haren ahizpa Josefina Lamberto Ioldik utzitako hutsuneaz aritzeko ere. Lambertok bizitza osoa eman zuen Maravillasen ahizpa izaten. Frankismoak Nafarroan eginiko krimenik lazgarrienetako baten biktima izateak berekin dakar mitifikazioa, baina 93 urteko larragarrak harro aldarrikatu zituen beti aita Vicenteren eta ahizpa Maravillasen izenak. Hori baino gehiago ere izan zen, ordea. Memoria historikoaren esparruan, adibidez, itzal luzeko figura izan zen Lamberto Ioldirena, eskubide osoz. Ekintzaile nekaezina eta suharra. Astearte gauean hil zen, Iruñeko Erruki Etxean.

Larragan jaio zen (Nafarroa), 1929. urtean. Ama, Paulina, Alloko (Nafarroa) etxekoandre bat zen, eta aita, Vicente, herriko nekazari sozialista bat. 7 urte besterik ez zituen, Guardia Zibilak bere etxeko atea jo zuenean. BERRIAko orrietan kontatu zuen, 2014. eta 2018. urteetan eginiko bi elkarrizketatan: «Metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitarengana joan ziren. Ohetik altxarazi, eta bultzaka atera zuten. Maravillasek 14 urte zituen, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, guardia zibilei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko. Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz».

Egunak, asteak eta hilabeteak eman zituzten ezer jakin gabe. Isiltasuna lege bihurtua zen Larragan: «Herrian inork ez zigun deus ere esan nahi. Mutu bihurtuak ziren denak. Hainbat urte geroago, bizilagun batzuen ahotik jakin genuen aita eta ahizpa ikusi zituztela udaletxetik ateratzen, eta kamioi batera igo zituztela. Diotenez, Maravillasek txiki-txiki eginda zeraman arropa». Orduan jakin zuten herriko familia falangista baten semea izan zela 14 urteko neskatoa bortxatu eta hil zuena. Vicente eta Maravillas Lambertoren gorpuak ez ziren inoiz agertu.

Eskale, moja, ekintzaile

1939an gerra amaitu arren, Lamberto Ioldi familiaren bizimoduak ez zuen hobera egin. Galtzaileen bandokoak izateak ate guztiak itxi zizkien. Paulina Ioldi, Lambertoren ama, neskame sartu zen etxe batean, eta alaba harrerako familia baten zaintzapean utzi zuen. Horren ostean, Iruñera mugitu ziren: «Miseria gorrian bizi ginen han. Gure ama eskean ibili zen denboraldi batez, eta, gero, lantxo bat aurkitu zuen, zakuak josten. Gizarte laguntzako etxe batera joaten ginen, han jatekoa ematen zigutelako. Cara al sol abestu behar genuen; bestela, ez ziguten ogirik ematen», kontatu zuen BERRIAn.

1940ko hamarkadan, moja sartu zen, miseriatik ihes egin nahian. Iruñean, Madrilen eta Pakistanen lan egin zuen: «Esklabo bat nintzen. Pakistanen lanik gogorrenak egin behar izan nituen, malariaz gaixotu nintzen, eta abandonatuta utzi ninduten. Eskerrak zulo beltz horretatik ateratzea lortu nuen». Komentua utzita, «pozik» bizi izan zen Iruñean: ekintzaile sutsua izan zen memoria historikoaren esparruan, boluntario lanetan aritu zen Paris 365 jantoki sozialean, eta babesa adierazi zion Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeari. 2018an, Iruñeko Udalak Maravillas izena jarri zion Lezkairu auzoko plaza bati. Pozik hitz egin zuen Lambertok: «Lur jota ikusi nahi ninduten, baina ez diet plazer hori eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.