Pastor
DARWIN ETA GU

Marx hasiberrientzat

2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Edo hasi gabeentzat. Nor izan zen Karl Marx? Zein izan da haren ondarea? Indarrean dago egun? Baiezko erantzuna ematen du BBC hedabide britainiarraren webgunean argitaratutako artikuluak. Testuak dioenez, Marxen irudi negatiboa hedatu da azken hamarkadetan, haren pentsaera abiapuntutzat zutenek ezarritako sistema politikoa eta eginiko hutsak aipatuta. Totalitarismoa. Hala ere, Eva Ontiveros kazetariak Marxen alde humanoagoa aldarrikatzen du. Haren ustez, pentsalari alemaniarraren ideiek gizartea ulertu eta hobetzeko balio dute.

Marxek gure alde egin zituen bost gauza aipatzen ditu Ontiverosek. Hauexek: umeek eskolara joan behar dute, ez lanera—egun, munduko hamar umetik batek lan egiten du oraindik, Nazioarteko Lan Erakundearen datuen arabera; duela 200 urte, kontuak atera zenbat izango ziren—; zuk denbora librea izatea nahi zuen Marxek, eta zeuk erabakitzea denbora hori nola erabili; dirua ez da dena, lanak zure sormena eta sentsibilitatea garatu beharko lituzke, bestela deprimituta sentituko zara; altxa, eta alda ezazu maite ez duzuna, eta, azkena, erreparatu Estatuaren eta enpresa handien arteko harremanei.

Joan den larunbatean 200 urte bete ziren Marx jaio zela. Gorazarre moduko testu edo ekitaldi publiko askorik ikusi duzue egunotan? Ez. Beren burua ezkertiartzat jotzen duten talde, kolektibo edo herritarren aldetik ezer gutxi egon da. Ez da gai erosoa, antza. Marx esan, eta segituan gulaga aipatuko diguten beldurra edo dago. Kriminalizazioa. Oso jende gutxi ausartzen da marxista dela esatera, ohiko txiste erraza egiteko ez bada, Groucho Marxen jarraitzailea dela azaltzeko, alegia. Are gutxiago entzungo dugu pertsona hori komunista dela. Marxista? Komunista? Mesedez! Gehienez ere, sozialismoa aldarrikatzen dugu, sozialismoak nolakoa beharko lukeen zehaztu gabe. Sozialismo humanoa. Sozialdemokrazia. Edo batek daki zer.

Eta bai, hemen ez ditugu umeak lanean ikusten. Haur horiek Kongoko meatzeetan daude, gure iPhone berrienarentzako kobaltoa ateratzen. Lagunak larrutzen ditugu palma olioz egindako gaileta edo pastela jaten ikusiz gero, ez da osasungarria, eta, gainera, Indonesiako ekosistema izorratzen ari zara, aizu. Hala ere, ahoa bete hortz gelditzen gara Afrikako umeen lanari esker ekoitzitako telefono zoragarriaren aurrean. Kezka eta kexa handiagoak entzuten ditut palma olioaren erabileragatik kobalto meatzeetan lanean ditugun umeengatik baino. Kasik hobeto, ezta? Hor behintzat entretenituta ditugu negrito-ak. Horrela dauden bitartean ez dira guregana etorriko.

Umeak lanean ez, baina zer esan hemengo gazte eta heldu ugariren lanari eta bizimoduari buruz? Zenbat eta lanordu gehiago, orduan eta baldintza eskasagoak. Non dago Marxek aldarrikatzen zuen denbora librea, eta, batez ere, zertarako erabiltzen dugu? Gure aisialdia ere komertzializatu egin dute, bizia xurgatzeko. Alienazioa. Bai, gehiegizkoa da arratsaldeetan herriko plazan elkartu eta denak solasean eta filosofatzen hasteko eskatzea. Ez da hori kontua. Baina aukera hobea al da lanaz kanpoko ordu gehienak pantaila baten aurrean ematea, serieak, irudiak edo bideo txotxoloak ikusten?

Maiatzaren Lehenaren bezperan egun horretako pelikula emanaldien berri eman zuen Paramount Channel kateak, Hegoaldeko telebistetan. Mezua, gutxi gorabehera: gozatu Lanaren Egunaz zure etxeko sofan, patxada ederrean. Beste zenbaitetan —Martxoaren 8an, adibidez— egun berezi bati lotutako gaiak jorratu izan dituzte filmetan. Langileen Nazioarteko Egunean, ordea, ez. Ez zuten Urria, Novecento edo Germinal eman. Up in the air filma ere ez, George Clooneyk langileak kaleratzeko duen modu hotz bezain gupidagabea agertzeko. Ezer hoberik sofatik iraultza egiteko Kevin Costner eta otsoekin dantzan egitea baino? Ez. Horman Ernesto Che Guevararen posterra baduzu, zigarro purua ahoan, borobila jokaldia. Ez kezkatu haren begirada zorrotzagatik. Ulertu egingo zaitu, hura ere zinemazalea zen eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.