Manifestazioa Baionan. 'Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea

Eskubideak, lehen lerroan

Frantziako eta Espainiako estatuek euskal preso eta iheslariei ezartzen dizkieten salbuespen neurri oro bertan behera uzteko exijitu dute Baionan.

Babes politiko zabala jaso du manifestazioak
Manifestazioaren pankarta, Baionako kaleetan zehar. Jendetza bildu zen atzean.
Manifestazioaren pankarta, Baionako kaleetan zehar. Jendetza bildu zen atzean. SYLVAIN SENCRISTO

Jokin Sagarzazu -

2014ko ekainak 15
Euskal preso eta iheslarien eskubideak bete daitezela eskatu dute, berriro ere, Baionako karriketan eginiko manifestazio jendetsuan —8.000 pertsona, antolatzaileen arabera—. Modu horretan, jarraipena eman diete duela bi urteko azaroan eta iazko uztailean eginiko mobilizazioei. Orduan bezala, Ipar Euskal Herriko instituzioetan parte hartzen duten alderdi ia guztietako ordezkariek erantzun diote 23 eragilek eginiko deiari, eta erakutsi, berriz ere, konponbidearen alde dagoen gehiengo politiko zabal eta transbertsala.

Herritar guztien eskubideen defentsa egin zuten atzokoan ere, baina, batez ere, gogoan izan zituzten euskal presoak eta iheslariak. Baita haien senide eta lagunak ere. Haiek joan ziren, hain justu, martxaren buruan, euren senideen argazkiak eskuetan zituztela. Amaieran, deitzaileek nabarmendu zuten presoen eta iheslarien eskubideen bermatzeak erraz dezakeela konponbidea. Aldarrikapen horrek ere ireki zuen martxa, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea leloa zuen pankartarekin bat eginez —urtarrilaren 11n Bilbon erabilitakoa—.

16:50ean abiatu ziren, Lauga kirolgunetik. Aurreko urteetako mobilizazioetan parte hartu zuten ordezkari politiko ugari zegoen jende saldoaren artean, baina baita martxoko bozetan aukeratuak izan ziren asko. Aurrenekoan artean, besteak beste, Sylviane Allaux eta Colette Capdevielle diputatu sozialistak, Frederique Espagnac senataria eta Alain Iriart Hiriburuko auzapeza eta kontseilari nagusia. Kargua hartu berri duten hautetsien artean, berriz, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez zentrista, Michel Veunac Miarritzeko Modem-eko auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiako auzpez sozialista eta Bruno Carrere Uztaritzeko auzapez abertzalea. Horiez gain, Xabi Larralde ezker abertzaleko kideak eta Dani Camblong EAJren Ipar Buru Batzarreko presidenteak ere parte hartu zuten.

Hego Euskal Herritik joandako ordezkaritza zabala ere han izan zen: Sortuko Joxean Agirre eta Amaia Izko, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera, EAko Maiorga Ramirez eta ELA sindikatuko Txiki Muñoz, beste askoren artean.

Preso eta iheslarien aldeko oihuen artean eta Kalera borrokalari abestiaren doinuari jarraiki egin zuten aitzina. Ia bi ordu geroago iritsi zen burua Xaho kaira. Han egin zuten ekitaldi politikoa, eta iluntzera arteko besta.

Gehiengoak eta ekarpenak

Amaieran, manifestazioaren deitzaileen izenean, Isabelle Pargadek eta Peio Ospitalek gogoratu zituzten gatazkaren konponbidean aurrera egiteko oztopo eta aukerak. Aurrena, agerian utzi zuten Euskal Herrian konponbide politikoaren aldeko gehiengoa osatzen ari dela eta horren isla dela atzoko mobilizazioa. «Deus ez, ez nehork geldiaraz dezake mugimendu hau». Salatu zuten, halere, Frantziak eta Espainiak entzungor egiten diotela horri eta ez dutela konponbiderako keinurik edo urratsik egiten.

Hori ikusirik, azken hilabeteetan preso eta iheslarien kolektiboek egin dituzten ekarpenak «baikorki» hartu zituzten, eta «prozesuaren eragile suharrak» direla nabarmendu zuten. Hala, haiei ezarritako salbuespen neurri oro amaitzeko eskatu zuten. Presoei dagokienez, Frantziari exijitu zioten errespetatzeko Kroucher legea, larriki gaixo diren presoen askatzea ahalbidetuz —Fernandez Iradiren kasua gogoratu zuten—. Era berean, euskal presoen sakabanaketa amaitzea eta baldintzak betetzen dituztenak askatzea galdegin zuten.

Iheslarien kasuan, berriz, euroaginduak bertan behera uzteko edota horiek ez onartzeko eskatu zioten Frantziari —bereziki, Jokin Aranalderena, kolektiboaren bozeramailearena—. Horrekin batera, eskatu zioten 80ko hamarkadan kanporatutako iheslarien itzulera erraztea.

Mobilizazioa hasi bezala amaitu zen. Giro onean eta kantuz. Kalean eta Xaho kaian, Okzitaniako Zebda taldearekin eta Elepunto disko jartzaile bizkaitarrarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna