Eguerdi arte luzatu dute euriteengatik eta elurteengatik ezarritako alerta

Ustez itsasora erori den pertsona baten bila ari dira Ondarroan. Uholdeak sortu dira Bilboko itsasadarrean. Larraintzarko eskola hustu dute

Olatu handiak Zarautzen. Marea biziak dira egunotan. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Euriak, haize bortitzak eta Pirinioetan ordu gutxian botatako elurrak hainbat arazo eragin zituzten atzo. Pirinio inguruko errepide sarean eta Bizkaiko itsasertz inguruan sumatu dituzte gorabehera handienak. Ondarroan (Bizkaia), ustez itsasora erori den pertsona baten bila ari dira erreskate taldeak. Atzo goizean, dei bat jaso zuen Ertzaintzak. Abisua eman zuen pertsonak gizonezko bat ikusi zuen portuko arroketara jaisten, baina haren arrastoa galdu zuen. Ingurua miatzen ari zen urpekari talde batek gizonezko baten jaka aurkitu zuen. 17:00etan, ordea, bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak, itsasoaren indarrarengatik. Euriteen eta elurteen arriskua ikusita, gaur eguerdira arte luzatu dute abisua erakundeek; Pirinio inguruan, gainera, alerta gorria ezarri dute.

Olatu handien eta marea bizien ondorioz, itxi egin zuten Donostiako Pasealeku Berria, baita Miarritzeko eta Hendaiako hondartzak ere. Euritearen ondorioz, ur putzu handiak sortu ziren errepide batzuetan. Bilbon, adibidez, Zorrotzaurre inguruan, auto batzuk harrapatuta geratu ziren ur artean, eta Larraintzarren (Nafarroa) eskola publikoa hustu zuten, Ultzama ibaiak gainezka eginen zuelakoan. Gobernuak aitortu du prezipitazioa «aurreikusi baino apur bat handiagoa» izan dela: Ultzama, Arga eta Larraun ibaiek gainezka egin zuten zenbait tokitan, eta Iruñerriko hainbat herritan izan zituzten arazoak.

Elurra 500 bat metrotik gora egin zuen. Errepide sare nagusian ez zuen aparteko arazorik sortu, baina bigarren mailako bideetan hainbat bide itxi behar izan zituzten; batez ere, Pirinio aldean. Baliteke gaur ere elurra egitea han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.