Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat jo ditu hondakinen datuak

Zubietako errauste planta, martxan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok atzo aurkeztu zituen iazko hondakinen bilketari eta birziklatzeari buruzko datuak, eta positibotzat jo zuen bilakaera. Birziklatze tasa %55,24 izan zen. «Hobekuntza egon da, eta, orokorrean, pozik egotekoa da». Azaldu zuen Europak 2025erako ezarritako helburuak bete egin direla.

Datuen balorazioa egitean, herritarren konpromisoa eta prestatu dituzten azpiegiturak goraipatu zituen Asensiok, eta propio aipatu zuen Zubietako erraustegia: «Oso ondo ari da funtzionatzen. Proba fasean azpiegitura martxan egotea ere funtsezkoa izan da, pandemian zaila izango litzatekeelako egoera kudeatzea. Agerian geratu da ditugun azpiegiturak behar ditugunak direla». Adierazi zuen hondakinen kudeaketari «irtenbide ona» eman diotela. «Uste dut auzi judizial guztiak gaindituta daudela; arrazoia eman diote beti kontsortzioak egindako kudeaketari».

Esan zuen COVID-19a dela-eta 2020. urtea ezohikoa izan zela, eta horrek eragina izan zuela hondakinen bilketan, baina, hala ere, lortu dela datuak hobetzea. Nabarmendu zuen azken urteetako perspektiba «oso ona» dela, eta, pandemiak joera hori mantsotu badu ere, bilakaera «positiboa» dela. «Datuetan gorabehera batzuk egon dira, baina pandemiaren ondorio dira».

Gaikako bilketari dagokionez, beiraren, paperaren eta ontzien bilketan «beherakada arina» sumatu dute, joan den urteko datuekin alderatuta; bio-hondakinen biltze tasa, berriz, zertxobait hobetu da. Hondakinen %57,96 gaikako bilketaren bidez jaso zituzten; gainerako zabor guztia (%42,04) errefusa izan zen, nahasita bildu zutelako.

Halaber, zabor gutxiago sortu da: 6,80 puntu gutxiago; hau da, 10.000 tona gutxiago. Hala ere, badaude gora egin duten hondakinak: olioaren eta pilen bilketak, esaterako. Asensiok eman ditu horren arrazoi posibleak: «Pandemiak eragina izan du. Kontsumoan aldaketak gertatu dira: establezimendu publikoetatik etxeetara pasatu da».

Horiek horrela, Asensioren arabera, nahiz eta urte «zaila» izan den, datuak orokorrean «onak» izan dira, eta helburuak «bete» egin dira. «Hau da bidea; horrela jarraitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.