Bannonen sukurtsal europarra

Peio Barrenetxea - Kazetaria

2018ko abuztuak 11
Trumpen aholkulari ohi Steve Bannonek The Movement izeneko plataforma politiko berri bat eratzeari ekin dio Atlantikoaren beste ertzean. Bannonen proiektuak Europako eskuin muturreko alderdiak gorteatu nahi ditu, 2019. urteko Europako Parlamentuko (EP) hauteskundeetan iraultza nazional-populista batek Bruselako plaka tektonikoak zeharo mugiarazi ditzan. Hauteskunde datuak, komunikazio politikoan aholkularitza eta ikerkuntza-zentroen abantailak eskaintzea du helburu irabazi asmorik gabeko fundazioak.

«Bikaina da. Zitala, baina bikaina da», ziotson Bannonek Daily Beast hedabideari, George Soros filantropo eta espekulatzaileaz itaunduta. Azken horrek 1984az geroztik dirutza inbertitu du 100 herrialdetan presente dagoen Open Society fundazioan, itxuraz demokrazia eta giza eskubideak hedatzen dituena. Iniziatiba filantropiko horren muinean, ordea, globalizazioaren eragile izan diren interes estatubatuarrak daude, 1990eko hamarkadan komunismoaren mamua uxatzea aitzakia zuen ordena mundial liberal baten mesedetan. Sorosek baino ondare zeharo mugatuagoa izan arren, Steve Bannon banku sistema espekulatzaile beretik dator, eta Donald Trump Etxe Zurira bultzatu duen artifizeak badauka arrakastaz hitz egiteko makina bat argudio.

The Movement proiektuak Europako, eta oro har Mendebaldeko, establishment-a jopuntuan jarri du: «Davoseko alderdiari» —Munduko Ekonomia Foruaren egoitza— aurre egitearen beharra bere estrategia politikoaren zimenduetako bat da. Eliteenganako ageriko narda herritarren sumindurarekin jokatzen iaioa da Bannon. Atzerriko migranteenganako beldurra arma politiko bihurtu du: «Utz diezaiezue zeuen burua faxistatzat jotzen». Horrez gain, hedabideenganako kritika bere alde du estatubatuarrak, propagandatzat hartzen baititu botere ekonomikoaren aldean lerratzen diren komunikabideak, «fake news» entzutetsuaren izenpean.

Bannonen ultrakontserbadurismoak Europan izan lezakeen arrakasta ezbaian jartzerik ere badugu. Hala, Europako Batasunaren (EB) kanpo mugen itxiera urteetan zehar gauzatzen ari den prozesu higatzaile bat da. Era berean, badaude arazo gehienak estatu-nazio terminoetan interpretatu eta nazioz gaindiko gainegiturarik onartuko ez luketen eskuin muturreko formazioak, Fronte Nazionala kasu. Euroeszeptizismoaren armarri bihurtu den Visegrad multzoak ere etnonazionalismoa ikur bilakatu du, inongo funts ekonomikoren laguntza barik. Eskuin muturraren goraldia eta antolakuntza, Bannon iritsi aurretik ere, hedadura handikoak izan dira. Beronek aitortu du 2014ko EPko hauteskundeen atarian ikaragarri ikasi zuela Nigel Farage lider euroeszeptiko britainiarrarengandik.

Gauzak zer diren, nazional-populismoaren mintegi bilakatu da Europa mundu mailan, hain justu demokrazia eta oinarrizko eskubideak hedatzea helburu duen batasun politikoa labarretik zintzilik dagoelarik, krisi ekonomiko, identitate eta humanitarioak astinduta.

Gaurdaino eskuin muturrak ez du talde politiko bakan bat eduki EPn; aitzitik, Euroganberaren bloke nahiko heterogeneoa osatu dute alderdiok. Sinesgarritasun gutxi ematen zaio, hortaz, eskuin ultrakontserbadorearen espektroa batuko lukeen plataforma unitario bati. Nazionalismoen Internazional bat bere osotasunean abiatzea hasiera batean pentsaezina balirudike ere —Italiako Lega mokoka ari zaio austriar eskuin-muturrari Hegoaldeko Tirol aitzakia, Erresuma Batuko sektore ultrakontserbadoreak Gibraltarrekiko duen posizioak Espainiako eskuinari azkura eragingo liokeen modu bertsuan—, begi bistan da joko-eremu politikoa eskuin muturrera zokoratzeak ez diola zertan praxian aulki-joko aldaketa bati men egiten. Alegia, nazioen Europa intergubernamentala edukiz eraikitzea baino boteretze arras lotsagabeago bat suposatuko luke ultrakontserbadurismoaren mezuak gizartearekin bat egiteak.

Europako Batasunean eserlekurik lortu ez duen arren, nago zarata hutsa baino gehiago dakarrela Bannonen lur hartzeak. Nazional-populismoa suspertzeko adina erregai ez zaio faltako. Jakinkizun da zer-nolako onura eragingo duen Bannonen lidertzak nazio-estatuen gainetik subirautzarik ez dagoela amesten duten muturreko alderdiengan. Non eta elkarkidetza eta aliantza sendoak beharrezko dituen Batasunean. Zuhur egon Davoseko establishment-aren gainetik demokrazia printzipio nagusi gisa dugunon arteko «erakartze efektua» The Movement bera ez ote den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna